argia.eus
INPRIMATU
Titanic baino sei aldiz larriagoa

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko uztailaren 23a

Itsaso Baltikoa, 1945eko urtarrilaren 30a. S-13 sobietar itsaspeko batek Wilhelm Gustloff ontzi alemaniarra detektatu zuen. Alexander Marinesko kapitainak ontziaren kontra tiro egiteko agindua eman ondoren, hiru torpedok Wilhelm Gustloffen kroskoa jo zuten eta ontzitzarra ordubete eskasean hondoratu zen. 9.434 pertsona hil ziren, ia denak –eskifaikideak ez beste guztiak– zibilak.

Wilhelm Gustloff ontziak 1.865 bidaiarirentzako tokia zuen baina itsas aginteak 6.000 pertsona eramateko baimen berezia eman zuen. Ejertzito Gorria Ekialdeko Frontean aurrera egiten ari zen eta etxetik alde egindako errefuxiatu alemaniarrak birkokatzeko premiak bultzatu zituen erabaki hori hartzera. Ontzia hondoratu eta gero jakin zuten beste 5.000 errefuxiatu ezkutuan ontzian sartzea lortu zutela. Hala, hondoratu zenean, 10.582 pertsona zeuden ontzian. Horietatik 1.000 inguru salbatu zituzten hasieran, baina ehunka batzuk hipotermiak jota hilko ziren, Baltikoko ur hotzetan erreskatearen zain egon ondoren.

Ontziak brankan esbastika zeraman arren, Alexander Marinesko kapitainak bazekien errefuxiatuak zeramatzala. Baina kapitainaren karrera gainbehera ari zen: izaera egoskorra zuen, gehiegi edaten zuen eta haren dosierrean ohar negatiboak pilatzen ari ziren. Torpedoen laguntzaz egoera irauli eta Sobietar Batasuneko Heroi garaikurra lortu nahi zuen Marineskok. Saria jasotzeko hautagai izan arren, goi mailako agintari sobietarrek ez zioten domina eman eta hondoratzearen errua Luftwafferi berari egozten zion bertsioa zabaltzen ahalegindu ziren. Marineskori ez zion ezertarako balio izan historiako itsas tragedia larriena eragiteak.

Inoizko itsas tragediarik handienaz galdetuta, gehienok Titanic aipatuko genuke ziurrenik. Baina Bigarren Mundu Gerran Baltikoan gertatutakoarekin alderatuta, Titanic-en ezbeharra askoz txikiagoa izan zen; hildakoen zerrendari erreparatuta, zehazki, sei aldiz txikiagoa,  Titanic hondoratzean 1.514 pertsona hil baitziren.

Baina, batetik, literaturak eta zinemak Titanic-en tragediari publizitate handia egin diote azken mendean. Bestetik, sobietarrak Wilhem Gustloff-i gertatutakoa desitxuratzen saiatu ziren eta gainerako aliatuek erasoaren ondorio izugarriei garrantzia kendu zieten. Finean sobietarrak ere aliatuak ziren, gerraren irabazleak. Eta, aldiz, Baltikoan itotako 9.000 zibil haiek, gehienak adinekoak, emakumeak eta haurrak, bando okerrekoak ziren. Galtzaileen bandokoak.