Izkiko Parke Naturalean makina bat ibilbide zoragarri egin daiteke, zailtasun eta luzera ezberdinekoak. Izki estreinakoz bisitatzen duen naturazaleak berehala igarriko du zergatik den gune babestua. Zentzumenak askatu eta inguruak gordetzen duen aberastasuna arretaz sumatzea besterik ez dago. Natur parkean egin daitezkeen ohiko ibilbide ederrez gain, ordea, Arabako Mendialdeko txoko honek gordetzen du bestelako erakargarritasun bat: garai bateko Ferrocarril Vasco-Navarro trenbidea, egun bide berde bilakatua.
Ferrocarril Vasco-Navarro izenez ezaguturiko trenbideak Gasteiz eta Lizarra arteko bidea egiten zuen, eta garraiobide oso erabilia izan zen, XX. mendearen lehenengo hamarkadetan batez ere. 1920 eta 1927 bitartean eraiki zuten, eta haren 70 kilometro inguruko bidean Arabako bi eskualde (Lautada eta Mendialdea) eta Nafarroako bat (Lizarraldea) zeharkatzen ditu.
Estreinako trenbideari, urteek aurrera egin ahala, hainbat adar gehitu zizkioten: Estibalitzeko monasteriora zihoana, batetik, eta Bergarako Mekolalde auzora ailegatzen zena bestetik, Arlabango mendatea pasa eta Gipuzkoako Debabarrena eskualdea zeharkatzen zuen trenbidea, hain zuzen. Aipagarriak dira trenbide sare horretako geltokien edertasun eta originaltasuna, garai batean eraikin deigarriak izan baitziren oso.
Gasteiz eta Lizarra lotzen zituen adar nagusia eraikitzeko orduan, bi kilometro pasatxo luze den Maeztuko tunela –gaur egun Laminoria tunela izenez ezaguna– zulatzea izan omen zen lanik zailena. Gaur egun, tamalez, ez dago erabilgarri, zati batzuetan hondatua dagoelako, eta ondorioz Gasteizko aldirietatik abiatzen den bide berdea tunelaren iparraldeko sarreran moztuta dago, eta hegoaldeko sarreratik gertu abiatzen da berriz.
Laminoria tunelak Entzia mendilerroa zulatzen du alderik alde eta trenbidea, tunela igarota, Zadorrako arrotik Ega bailarara igarotzen da. Tuneletik gertu Laminoriako meategia dago, eta trenbideak geraleku bat dauka, ustiategitik urrun ez. Garai batean, trenaren bitartez garraiatzen zen meategian ateratakoa.
Joan den mendeko Ferrocarril Vasco-Navarro hura bide berde erakargarria da gaur egun, oinezkoentzat zein txirrindularientzat egokitutakoa, zati handi batean behintzat. Araba eta Gipuzkoaren arteko mugan dagoen Arlabango mendatetik hasi eta, Arabako Lautada eta Mendialdea zeharkatuz, Lizarraraino joan ahal izango gara, nahiz eta bide berdea eten egiten den zenbait puntutan.
Ibilbidea 76,4 km luze da guztira, eta horri beste zortzi gehitu beharko dizkiogu, Laminoria tunela zeharkatu ordez jarraitu beharreko bide alternatiboari dagozkionak, Gereñuko mendatean barrena. Lehenengo zatia Arlaban eta Gasteiz bitartekoa da, hamabost kilometro inguru. Bigarrena Gasteizko kanpoaldetik Laminoria tunelaren sarreraraino doa (hogeiren bat kilometro); bigarren zati horretan Estibalitzeko santutegira doan adarra ere badago, beste hiru kilometro. Hirugarren zatia, erakargarriena ziurrenik, Santo Toribio ermitatik (Zekuiano, Arraia-Maeztu, Araba) Murietara (Nafarroa) doana da (37 kilometro); horixe aukeratu dugu Ihesi hau egiteko. Laugarren zatiak, azkenik, Lizarratik gertu dagoen Zubielki eta Lizarra bera lotzen ditu (hiru kilometro). Pena da Murieta eta Zubielki artean bide berdea behar bezala egokitua ez egotea.
Arabako Mendialdea eta Lizarraldea lotzen dituen bide berdeaz gozatzeko presta gaitezen, beraz. Maeztutik Musitura goazela, Zekuiano baino pixka bat aurreraxeago aurkituko dugu Santo Toribio ermita, eta ermitatik gertu egingo dugu bat bide berdearen hasierarekin, Laminoriako tunelaren hegoaldeko sarreratik 1,4 kilometrora (0 km).
Laminoria haran hau basatia da oso, harrobiak bere atzaparra sartu ez duen eremuetan, noski. Behin bide berdearekin bat eginda, erraz egingo dugu aurrera, aldamenean metalezko hodi erraldoia lagun dugula. Laster iritsiko gara Zekuiano herriaren ingurura, basoak eta labore soroek bat egiten duten eremuan, eta gure arreta piztuko du guztiaren gainetik nabarmentzen den bertako eliza lerdenak.
Aurrera eginez garai bateko geralekua topatuko dugu, Leorzako tunelaren sarreratik gertu. 200 metro inguru luze da tunel hori, eta argiztapena dauka, barruko bihurgunearen eraginez sortuko litzatekeen erabateko iluntasuna saihesteko. Eremu ederra da zinez, Leorzako mendi zintzur zoragarria zeharkatu beharko baitugu orain, bide berdearen arrastoari segika, Musitu errekak zizelkatzen duena. Maeztutik oso gertu gaude dagoeneko (3 km).
Haraneko herri nagusia da Maeztu, eta zerbitzu guztiak aurkituko ditugu bertan. Bide berdeak ezkerretik saihesten du herri-gunea, eta zuzenean geltoki zaharrera joko du, gaur egun bestelako erabileretarako baliatzen dena. Bide berdeak aurrera egingo du, berriz ere metalezko hodia lagun, Zumaldeko aisialdi gunetik gertu, eta gutxi baino lehen bi zubi zeharkatuko ditu, Berron-Ega ibaiaren gainean.
Arazorik gabe joko dugu aurrera, Peña del Cinco harkaitzaren pean, oraindik ere abside erromanikoa mantentzen duen Soledad ermita txikia bisitatuz, harik eta Atauri herritik gertu bidea baso trinko eta freskagarri batean murgiltzen den (6 km). Eremu paregabea da hau, Atauriko tunela, zubia eta presa txikia baitaude bertan. Gutxi barru, Atauriko geltoki zaharrera helduko gara.
Errepidea saihestuz, Soila menditik –Izki natur parkearen barruan– gailurreriaren magalean dagoen bidexka bati segituko diogu orain, gero atzera berriz jatorrizko bidearekin bat egiteko, Antoñana herritik gertu –informazio gune bat dago bertan–. Aipagarria da kale estuek eta Erdi Aroko itxura lerdenak Antoñanari ematen dioten edertasuna (9 km).
Hemendik aurrera, jatorrizko bidea errepidean sartuko da. Biak txandakatuko ditugu tarte batean, Izki natur parkearen mendirik esanguratsuenak –Muela ikusgarria, besteak beste– bistaratuz, eremu arras ederrean (14 km). Aurrera egin ahala, Berron ibaia Ega bilakatuko da, eta Kanpezura hurbiltzen garen heinean paisaiaren erabateko aldaketa sumatuko dugu: mendi zintzur ikusgarrietan sigi-saga ibili ondotik, landa eremuko bide ia erabat zuzenera igaroko gara (19 km).
Ioar mendi lerdenaren magalean, inguruko herririk garrantzitsuena da Kanpezu, eta bertan atseden har genezake. Ibilbidea hasi dugunetik hemeretzi kilometro egin ditugu dagoeneko, eta berriz ere hasierako puntura itzuli nahi badugu, egindako bidea desegin beharko dugula kontuan hartzea komeni da, Lizarra arteko azkeneko zatiari ekin aurretik. Kanpezutik Lizarrara, hemezortzi kilometro inguru izango dira egin beharrekoak, tartean errepidez zatiren bat ere bai.
Izan ere, Kanpezutik Murietara bitartekoa dago behar bezala egokitua. Txangozale askok orain arte deskribaturiko zatia egin ohi dute eta atzera Santo Toribio ermitara itzuli, baina Kanpezu eta Murieta lotzen dituen zatiak ere merezi du, merezi duenez.
Nafarroako lehenengo herri-guneak, Zuñigak, paisaia berriz ere aldatzear dagoela jakinaraziko digu, baita Arabako Mendialdetik Lizarraldera igaroko garela ere. Landa eremu zabalak atzean utzi eta Arkijaseko mendi zintzurrean barneratuko gara, Ferrocarril Vasco-Navarro-ren zatirik bihurri eta malkartsuenean. Arkijaseko zubia eta 1,4 kilometroko tunela zeharkatu beharko ditugu, eta horrek erakargarritasun erabatekoa emango dio zati honi. Behin mendi zintzurra atzean utzita, Antzin eta Mendilibarri herriak igaro beharko ditugu, azkenik Murietara iritsi baino lehen (37 km).