argia.eus
INPRIMATU
Emigratzera behartuak?

Juan Mari Arregi 2014ko uztailaren 23a

Oraintsu arte batez ere Ipar Euskal Herriko biztanleek emigratu izan dute, ezin izan dutelako beren herrian lanik egin. Hala, Iparraldeko hainbat eskualdetako gazteria izan da zigortuena; bizimodua ateratzeko esperantzarik gabe egin dute ospa Parisera edo Amerikara. Orain, krisi kapitalistaren ondorioak Hego Euskal Herrian ere nozitzen ari dira. Emigratzeko txanda iritsi zaie mugaz beste aldeko herritarrei, bereziki gazteei.

Hori ondorioztatu daiteke Espainiako Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordeak (CES) joan den astean argitaraturiko txosten batetik. EAEko 64.000 haur pobrezian edo ongizaterik gabeko egoeran daude, biztanle guztien %23a. Pobreziak erasandako hamar lagunetik seik 35 urtetik behera dute eta “hamar pobrezia kasutik bederatzitan familia buruak ez du ikasketa kualifikaturik”. Lana duten gazteak, berriz, prekarietatean ari dira. Zer etorkizun espero dezake euskal gazteriak? Politika ekonomiko kapitalista basatietan aldaketa sakonik ez badago, gure gazteriaren etorkizuna pobrezian bizitzea izango da, orain arte bezala. Ondorioz, gazte ugarik emigratzea beste erremediorik ez dute izango, biziraungo badute. XX. mendean halaxe gertatu zen, askok eta askok Amerikara eta Europako beste tokietara emigratu behar izan zuten.

Administrazio publikoek, alderdiek, sindikatuek eta eragile sozialek erantzukizuna dute honetan guztian. Larrialdi egoeraren aurrean akordio handia behar da, kalitatezko enplegua lortu eta aberastasuna hobeto banatzeko. Horrela baino ez dugu eragotziko gazteek emigratzea. Gazterik gabe Euskal Herria ez da biziko; ez dago etorkizunik haiek gabe. Euskal herritarrok gure etxean bizi nahi dugu duintasunez. Eta solidarioak izaten segi nahi dugu beste herri batzuetatik hona etorri behar izan dutenekin ere.