argia.eus
INPRIMATU
ARGIA Eguna irailaren 27an Usurbilen
ARGIA ezagutzeko festa, oso gure erakoa
  • Euskaltzaleak, ARGIAko irakurleak, langileak, kolaboratzaileak, harpidedunak, blogariak, sare sozialetako jarraitzaileak... azken finean, ARGIAren inguruan batzen garen komunitatea elkar ezagutu eta egun eder bat pasatzeko aukera emango digu aurten berreskuratuko dugun ARGIA Egunak. Gure balioetan oinarritutako festa mimo handiz ari gara prestatzen (ingurumenarekiko errespetua, parekidetasuna, independentzia, lurraldetasuna, euskara eta parte-hartzea). Egunaren barruan, Argiazaleon topaketan astekarirako lantzen ari garen aldaketak azalduko ditugu eta zuen ekarpenak eta iritziak jasoko.

2014ko uztailaren 23a

ARGIA ezagutu nahi duzula? Halako gairi buruz idazten duenarekin gustura solastuko zenukeela, gogoan duzula Argian agertzea merezi lukeen gai edo pertsonarik, zure interes berak dituen jendearekin egon nahi duzula, edo zer arraio, bizitza honetan dena ospatu beharra dagoela... badugu Argia Eguna egiteko motiborik. Gertuko harremanak bultza ditzala, ARGIA proiektuarekiko ideiak trukatu ditzagula eta “oso gure erako festa” izan dadila, horixe dugu ilusio. “Zenbat biltzen garen” bost axola, “nola egongo garen, elkarrekin zer egun pasako dugun” horri begira gaude.

Usurbilen, non bestela

Memoria luzeena duzuenek gogoratuko duzue ARGIA Eguna izan zela 1982-1992ra artean: herritarren sareak antolatuta, herriz herri harpidetza egiteko jartzen ziren mahaiak ekarriko dizkizuete gogora.

Beste molde batean, orduko txinparta piztuko du aurtengo egunak. Usurbilgo ARGIAren Lagunak taldeari esker onez, hasieratik argi izan dugu festa non egin. Herritar talde hau, proiektua ekonomikoki laguntzeko sortu zen 1998an. Ekonomikoki estuen egon garenetan lagundu izan digu herritarren babesa jasotzen eta egun ere urtero antolatzen du Pirritx, Porrotx eta Mari Mototsen emanaldia abenduan.

Hasi haziak biltzen

Irailean jasoko duzu egitarau zehatzaren berri. Ekitaldiak prestatzerakoan ere gure balioak islatzen saiatu gara. Egunaren hezurduran, aurrera dezakegu goizez Euskal Herriaren independentziari buruzko mahai-inguru berezia izango dela, eta guztion artean Nendo Dango-ak (haziz betetako buztin bolatxoak) egingo ditugula ondoren desertifikatutako eremu batean jaurtitzeko. Has zaitezke, beraz, inbaditzaileak ez diren landareen haziak bildu eta lehortzen. Bazkalostean ez da umorerik faltako eta arratsaldeko bertso saioaren ondoren musikak hartuko du gaua.

Bazkaritarako aukerak

Norberak etxetik ekarritako janaria jateko lekua atonduko dugu eta bertan bokadilloak erosteko aukera ere izango duzue. Herri bazkarirako lekua erreserbatzeko, berriz, deitu (943 37 15 45) edo idatzi (sustapena@argia.eus) irailaren 17a baino lehen.

Zure ideiak eta lana ongi-etorriak dira

ARGIA Egunean ekintzaren bat antolatu nahi baduzu, bidali proposamenak aurreko helbidera. Lanerako borondatez bazaude,  aurreskua dantzatuz egingo dizugu ongi-etorria (zehaztu zer ordutegitan eta zer lan klasetan jardungo zenukeen).

Argiazaleon topaketa

Argia Egunean bilduko garela baliatu nahi dugu proiektuaren inguruko ideiak zuzenean trukatu ditzagun guztion artean: langile, kolaboratzaile, harpidedun eta irakurleok. Lagun giroan egingo dugu eta lekua eta ordua zehaztuko dugu egitarauarekin batera.

Hilabeteak daramatzagu urte bukaerarako astekarian egin nahi genituzkeen aldaketak lantzen. Topaketa honetan, eskuartean darabilgun planteamendua azaldu ostean, zuen ikuspegiak eta proposamenak jasotzeak izugarri aberastu dezakete emaitza.

Aldi berean, Argiarekin inplikatutako jendea martxan jarri nahi dugu herriz herri jositako sarean (ikusiko zenuen lan deialdia horrekin lotua da). Udazkenean ekingo diogu lan horri eta abiatzeko ezinbestekoa zaigu zure hitza: nola parte hartu nahi du harpidedunak Argia proiektuan?