argia.eus
INPRIMATU
Itsu, mutu, gor

Asier Blas Mendoza @AxiBM 2014ko uztailaren 15

Errusiar fobiaren kotizazioa geroz eta altuagoa da. Mendebaldeak beti amestu du Errusia eta bere aberastasunak erabat kontrolatzearekin. 1990eko hamarkadan, ahulduta egon zen bitartean, bigarren mailako etsai bezala tratatu zuen. Orain aldiz, Errusiako Estatua sendotu eta bere ekonomia berrantolatzeko gaitasuna erakutsi ostean, mendebaldeko estatuek eta hauen zerbitzura dauden hedabideek eurasiar hartzaren kontrako propaganda kanpaina indartu dute. Herrialdearen eta bere herritarren estigmatizazio sistematiko bat burutzen da, horrela, etsaiaren izaera humanoa ia ukatu arte. Horrek esplika dezake azkeneko hilabeteetan ikusten ari garena Ukrainan.

Gerretan propaganda eta manipulazioak ez dira gauza berria, ez diren bezala gertakarien inguruko bertsio desberdinak. Eztabaida hauen gasolina froga argien falta da. Baina XXI. mendean irudiak jasotzea inoiz baino errazagoa da sakeleko telefonoei esker. Ukrainan bideo, adierazpen eta mota guztietako frogak ditugu gertakari askoren inguruko egia objektibora gerturatzeko. Hala ere, inoiz baino argiago geratzen ari da hedabideek, Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta politikariek erakutsi duten sentiberatasun falta, gortasuna eta itsukeria Ukrainako hegoalde eta ekialdeko herritarren aurka burutu diren krimen guztien aurrean. Sektore politiko zehatz askoren kasuan ulergarria da, AEBen interes inperialak defendatzen dituzte, beste kasu batzuetan aldiz mutu egotea kezkagarriagoa da.

Arazoa da errusiarrak eta Errusiako Estatua hainbeste estigmatizatu ostean, Ukrainako estatu kolpea gaitzestea, Odesako sindikatuen etxeko masakrea salatzea, zibilen aurkako bonbardaketak eta erasoak deitoratzea edo orain aste batzuk NBEk zehaztutako 110.000 errefuxiatuen egoeraz interesa agertzea arriskutsua izan daitekeela. Errusia eta Putin defendatzeaz akusatu zaitzakete eta istant batean azpi humano kategoriako kide izatera pasako zara. Bitartean, Putinek ezer gutxi egin du Hego eta Ekialdeko ukrainarren defentsan, hain zuzen ere AEBk egin dutenaren kontrakoa da. Hasieratik Victoria Nuland (kanpo harremanetarako Obama administrazioko goi kargua) eta AEBetako enbaxadorearen arteko elkarrizketak garbi utzi zuen munduko sheriffaren inplikazioa estatu kolpean. Ondoren, aholkularitza eta material militarra helarazi dio Ukrainari. Duda izpirik bazegoen, Poloniako kanpo harremanetarako ministroari interbenitutako elkarrizketa batzuetan argi azaltzen zuen zer ari den egiten AEB Ukrainan eta nola Poloniari lan zikinaren parte handia egitea tokatu zaion AEBn esanetara dagoen basailu baten antzera. 

Zorionez, Kieveko Gobernuarentzat “errusiar zale” izendatzen bazaituzte azpi-humano kategoriako kide izango zara, eta beraz, komunitate internazionalaren agendan zure bizitzak gutxi balioko du. Lehen ministroak zuzenean horrela izendatu ditu Ukrainako ekialdeko matxinatuak: garbitu beharreko azpi-humanoak; antzera hitz egin zuen Krimeako errusiarrez eta tartariarrez. Bestalde, defentsa ministroak “filtrazio-esparruak” agindu ditu ekialdeko gizon eta emakumeentzat, izen berri bat dirudi kontzentrazio-esparruentzat. Kezkatzekoa da, kontuan hartzen badugu eskuin muturra eta nazismoa oldartuta dabiltzala Ukrainan: estatu kolpea gauzatu zuten, boterean daude, abangoardia militar eta paramilitarra dira eta formalki eskuin muturreko alderdiak ez direnen agenda baldintzatzeko indarra erakutsi dute. Frogak ehunka ditugu, baina Ukrainako gatazka honek erakutsi du jende askok ez duela sinesten ikusten duena, bakarrik ikusi nahi du sinesten duena.