argia.eus
INPRIMATU
Birritan pentsatu
Kattalin Miner @MKattalin 2014ko uztailaren 15a

Beti pentsatu izan dut ez naizela oso pertsona ausarta. Ustela ere ez, baina gauza ohikoek (gauak, iluntasunak, gerrek) beldurtzen nauten horietakoa naiz.

Behin 18 urterekin, gau batez etxera bidean gizon bat azaldu zitzaidan zakila bistan. Halako beldur iltzatu bat esnatu zitzaidan, eta diotenez beldurrak paralizatu egiten omen du sarritan, edo senak korrika egitera bultza. Nik ordea, nire burua hain kakati nuen hartan, birritan pentsatu gabe gizona gogor bultza eta ostikada bat eman nion sabelean. Lurrera erori zen ezustean, eta lurrean zela inguratu eta begietara begiratu nion eta gaztelaniaz “ea hurrengoan birritan pentsatzen duzun” esan nion. Mantso segi nuen etxerantz.

San Ferminen bezperan beldurrak bandoz aldatuko duela iragarri zigun eraso sexisten aurkako gaueko manifestazioak eta nik, inoiz baino barrurago sentitu nuen aldarria.

Izan ere, bada birritan pentsatzeko aukerarik oraindik, zeren bestela jakin jada nekatuta gaudela beldurrez bizitzen, eta zin dagizuet beldurrik ez dugula ohartzen garenean, guk geuk ere ez dakigula zertarako gai izan gaitezkeen.