argia.eus
INPRIMATU
Bardajea
Jakoba Errekondo 2014ko uztailaren 15a
Jakoba Errekondo

Lekak eta babarrunak aihena eskubiz aurrera luzatu eta haz daitezen, parda jartzen zaie geurean, Beterri alde honetan. Makila, haga, zurkaitza, arba... Izen asko du. “Parda” hitza inongo hiztegitan topatu ezinik nabilela “pordoi” aurkitu dut. Bai, Tolosako Pordoi-dantza edo Zardai-dantza sonatuko pordoia. Ibon Sarasolak bere Hauta lanerako euskal hiztegia mitikoan honela definitzen du pordoia: “Erromesak edo bidaztiak eraman ohi duen makila luzea”. Eta adibide, Joxe Bixente Etxagarai (1773-1855) bertsolari donostiarraren bertso hau jasotzen du: “Bordoietik zintzilik / kurkubitan ura”. Itxuraz, pertsona baino luzeagoa eta muturra ferratua duen makila da pordoia. Gaztelerazko bordón.

Pordoia bordón-etik badator, gure baratzeko parda barda-tik etortzea ez harritu. Eta, Sarasolarenean ez, baina, Azkueren Diccionario vasco-español-francés-en bai. Barda, adar txikiagoz jantzitako zuhaitz baten adarra da.    

Garai batean, sororako edo baratzerako pardajea adarrez osatuko zen. Gaur bakana da irudia: etxe aldameneko arbolaren baten bueltan pardak, zutik, haren adarretan bermatuta. Ama zuhaitzaren arrimuan jasotzen ziren, beste zuhaitz bati kendutako adarrak.

Basoan, bide ertzean, txaran, adarra franko izango zuen baratzezainak, eskuera. Aihotza eta aizkora ttikia dantzatzen iaioa izango zen, zuhaitzari adarra kendu eta ondoren muturra zorrozteko. Tokian tokiko egurrarekin. Oitzen, Leurtza ibaiaren alderako baratzeetan ezpelezkoak dituzte, han estakak deitzen dieten tomate-makilak. Gaur, aizkorarik ere ba ote du baratzezainak? Gaur egungo pardajean burdinak eta plastikoak hagintzen dute: eraikuntzan betoia armatzeko erabiltzen diren burdinazko hagatxoak, zerratokian zuzen-zuzen moztu eta zorroztutako makilak, erratz kirtenetarako aluminiozko tutuak, begi zabaleko polietilenozko eta polipropilenozko sare meheak, metalezko hariak eta kableak...

J. M. Barandiaranek jasoa da Ernioko tontor baten Pordonbaratza izena. Mairu baratzeen erako ehorzketa baratze bat ote da, bertako pordoiengatik ezaguna zen toki batean?