argia.eus
INPRIMATU
Auzolan esperientziak
Nekazaritza eta abeltzaintza esperientzien bilduma
  • Katilu proiektuak lehen sektorean berrikuntza sustatzea du helburu. Ondasunen ustiaketa bateratua lanerako jarrera beharrezkoa dela ondorioztatu ostean, auzolan esperientziak identifikatu eta bildu dituzte.

Martin Vicioso @martinvicioso 2014ko uztailaren 15a
Argazkian, Ekoizpen Urduñaren ekintza dibulgatiboa (Subco Facts blogetik hartutako irudia).
Argazkian, Ekoizpen Urduñaren ekintza dibulgatiboa (Subco Facts blogetik hartutako irudia).

2009an, EAEko nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko eragileek Topaketa izeneko hausnarketa prozesua garatu zuten. Egoera aztertu eta etorkizunari begirako ekimenak partekatu ostean, Katilu proiektua abiatzea erabaki zuten, euren arloan berrikuntza sustatzeko xedez. Eusko Jaurlaritzaz gain, enpresa publiko, pribatu eta komunalak dihardute Katilun. Ondasun komunak zaindu eta lantzearen garrantzia azpimarratu zuten ondorioetan. Lanerako jarrera komunalak bultzatu nahi dituzte, auzolan ekimenak. Euskadiko lehen sektoreko ondasun erkideen kudeaketa eta talde-erakundeen antolamendua hurbilagotik ezagutzen ikerlanean hainbat iniziatiba bildu dituzte, hiru irizpidetan oinarrituta: autogestioa, autoantolakuntza eta partaideek proiektuan duten erabakitzeko ahalmena.

Jasotako esperientziak hiru bloketan banatu dituzte. Lehenik, produktua ekoiztu eta merkaturatzea helburu dutenak. Bigarrenik, herri-ondasunak auzolanean zaindu edota eraberritzen dituzten taldeak; eta azkenik, aurreko biak uztartzen dituzten proiektu integralak.

Urduñako esperientzia adibide

Urduñako esperientzia integralak, Katiluko kideen ustez, aparteko interesa du. Bizkaiko herri honetan, hainbat taldek eta Udalak bat egin dute elikadura-burujabetza, tokiko ekoizpena eta produktuak sustatzeko asmoan. Proiektu gehiago izan arren, txostenean hiru azpimarratu dituzte.

Bedarbide Abeltzainen Elkartea Urduñako eta eskualdeko abeltzainek osatzen dute. Lehen aldiz Ponata herri-basoko larreak berreskuratzeko elkartu ziren, eta ordutik ekintza ugari egin dituzte batera. Haien arteko harremana estutzeaz gain, esperientziak elkartrukatu eta lanaren eraginkortasuna hobetzeko teknikak ikertu dituzte.

Ekoizpen Urduña, herriko garapen agroekologikoa bultzatzeko sortutako udal-zerbitzua da. Elikadura-burujabetza ekoizpen prozesuetan txertatu nahi dute. Hau da, ahal den heinean bertako produktuekin elikatzea posible dela jakinarazi nahi dute. Besteak beste, nekazari eta abeltzainentzako ikastaroak antolatu eta garai batean hilero egiten zuten azoka berreskuratu dute. Diotenez, ekimen horiei esker Urduñako produktuen presentzia nabarmen areagotu da herriko saltokietan. Halaber, elikagaiak ekoizteko prozesuan hiru baldintza ezinbesteko identifikatu dituzte: natura zaintzea, ekoizleen bizi eta lan baldintzak babestea eta kontsumitzaileen osasuna lehentasuna izatea.

Urduñako Zaporeak taldeak berriz, herriko nekazarien produktuek merkatuan lekua izan dezaten egiten du lan. Argudiatu dutenez, “elikagai korporazio erraldoiek eta salmenta toki handiek elikagaien merkatua ia osoki bereganatu dute”. Horiei aurre egin nahian, ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harremana sendotu nahi dute, eta horretarako azokak, baserri eta lantegietara bisitak eta antzeko ekintzak egiten dituzte. Batez ere Urduñan bertan saldu nahi dute, baina kanpora begira ere ahalegindu dira.

Bistakoa denez, Urduñako ekimenek zerikusi eta lotura handia dute haien artean. Herriak amankomunean dituen helburuak identifikatu eta haien inguruan jarri dira lanean eragileak. Halako esperientziak batu eta sustatu nahi ditu Katilu proiektuak.