Antisorgailu mota bat baino gehiago dago, eguneroko pilulatik hasi eta bost urtero aldatu behar den esteriletaraino. Berriki, beste metodo bat iragarri du MicroCHIPS izeneko enpresa estatubatuarrak MIT Technology Review aldizkarian: hamasei urterako balio duen txipa.
Hogei milimetro luze den txipak haurdunaldiak hamasei urtez eragozteko adina hormona eta bateria ditu, eta azalaren azpian kokatzen da. Bateriak duen korronte ahulari esker, eguneko 30 mikrogramo hormona askatzen da gorputzean. Erabiltzaileak gailua desaktiba dezake nahi duenean, eta ondoren berriz aktibatu.
Datorren urtean hasiko dira pertsonekin probak egiten, eta 2018rako merkatuan izatea espero dute.