argia.eus
INPRIMATU
Uztaritze

Amets Arzallus 2014ko uztailaren 09a

Uztaritzeko Herriko Etxeak bere eremuan euskara hizkuntza ofizial izendatzeko deliberoa hartu du. Biba zuek! Nazioarteko legedian atzeman du horretarako oinarri juridikoa, edo etikoa, edo bietarik nahasian. Frantzian frantsesarenak baitira hizkuntza eskubide guziak, euskaldunak, bretoiak, korsikarrak, okzitaniarrak, kanakiak... ez du hizkuntza eskubide aitorturik, ez bada frantsesez mintzo delarik. Eta hizkuntza baztertuen aldeko borroka juridikoa lege zirrikituak bilatzera kondenatua da engoitik, lege frantsesen zirrikitutxoak, edo lege bide nazioartekoak.

Ez dakit suprefetak markatutako labirinto juridikoetatik Laborantza Ganbara atera zen bezain bizirik edo Seaska Ikastola atera zen bezain zauriturik aterako ote den Uztaritzeko Herriko Etxea. Agian, ofizialtasun hori baliorik gabe utziko du epaile elebakar batek. Ez nau ni horrek gehiegi kezkatzen. Benetan eta gehien axola zaidana Herriko Etxeak berak izendapen hori eguneroko praktika errealera eramateko pentsatua dukeen bidea da

Uste dut horretan dela auzia.