argia.eus
INPRIMATU
Su honen bueltan

Iratxe Esnaola 2014ko uztailaren 09a
Joseba Larratxe

San Joan suaren bueltan gauza zaharrak erretzea eta asmo berriak sutzea maite izan dut beti. Aurtengo suaren bueltan ere izan ziren adio esan eta agurtu beharrekoak. Besteren artean, Argia aldizkari honexetarako egin izan ditudan Zirta hauek.

Urtebete pasatxoz aritu naiz leiho honetatik zuei begira eta zuei hizketan, baina heldu da akabera eta hauxe da despedida. “Hemen su horren bueltan dantzan gabiltza” eman zion bertsoari amaiera Amets Arzallusek 2009ko Euskal Herriko Bertso Finalean sua gaitzat eman ziotenean. Bertsoa zen orduko hartan sua eta bertsozaleak suaren bueltakoak. Zuek eta ni ere su honen bueltan aritu gara, idatzizko su honen bueltan. Eskerrik asko horregatik. Zuentzat idazteak gozoki behartu nau zeresana nire barruan bilatzera eta aurkitzera. Nire buruarekin hitz egiteko tresna izan zarete. Baina aitor dezadan, sarritan, iruzkingile lan honetan zeresanik gabe aurkitu naizela, nola aurkitzen naizen, askotan, bizitzan zeresanik gabe. Heldu da ordua, hortaz, beste batek leku hau har dezan eta enbor eta adar berriz egindako suz argi ditzan zuen gogamenak. Saiatu naiz nire barruetatik zuenganaino iristen, nire gogoan sortutako sutxoa zuen laguntzaz ahalik bizien manten zedin. Zuek gabe ez legoke surik. Baina nor dago, egon da suaren bestaldean? Irakurle ezagunak, ezezagunak, lagunak: biluztu izanaren sentipen ederrarekin agurtzen naiz.

Boris Vian poeta frantsesak Je voudrais pas crever liburuan badu J'aimerais izeneko poema. Catherine François-ek gaztelerara egindako itzulpena maite dut, memoriaz ikasi eta kantatzeko aproposa baita berauxe: “Yo quisiera/ Yo quisiera/ ser un poeta de altura/ que la gente/ de cultura/ por las nubes me pusiera/ lo que pasa/ es que paso/ de terminar sepultado/ entre papeles y libros/ tanto me importan los vivos/ que no me deja contento/ hacer rimas con el viento”.

Ez dakit zenbateraino ote den ezagun idazle jende batek zer sentimendu kontrajarriri aurre egin behar izaten dion inoizka. Bizitzeko ekintzaren parez pare, idaztearen antzutasuna sentitu izan dugunok galderaz betetako motxila eraman ohi dugu gainean (idaztearen zertarakoaz, idaztearen zergatiaz, idazlearen funtzioaz...). Baiki, bizitza garaile irteten da beti, eta idaztearen beharra (plazertzat erdiestera iritsi ez garenontzat) alde batera geratzen aldi baterako. 

Maialen Lujanbiok arestian aipatutako 2009ko Euskal Herriko Bertso Finalean Amets Arzallusi jarritako suaren gai berberari erantzun behar izan zion. Emandako erantzuna hauxe izan zen: “Hura asmakizuna/homo habilisena/bazun intentzioa/ bazuen sena/bi harrik elkar jota/txispa bat aurrena/asmakizun haundina/mendetan barrena/sua da problema/zenbait basorena/edo jaki dena/berotzen duena/eta bi begiradek/sortzen dutena”.

Maialenek sentiarazi zigun emozio horrexekin agurtu nahi zintuzketet. Hitz idatzizko suaren bueltan ibili ostean, aurrez aurreko begiraden suez bizitzera banoa. Hortik zehar ikusiko dugu elkar, hortik zehar sortuko dira begirada berriak eta su berriak. Zuekin hazi naiz urte honetan, ibilian haziz.  Eskerrik asko. Nire bihotz, bizipen eta sentipenak joan dira zuengana. Elkartzen gaituen hitzezko ezleku irreal honetan aritu gara dantzan, idaztearen eta jasotzearen denbora ezberdinetan bai, baina baturik, nolabait. Izan ongi eta laster arte.