Irakasle eta gurasoon esku dago hurrengo ikasturtean ume bakoitza eskolan positibo nabarmentzea. Eta motibazioa gailurrera eramatea, umearen garapena optimoa izan dadin. Europan sortu eta Hego Euskal Herrian ere zabaltzen ari den Golden 5 hezkuntza programak erakusten digu ikuspegia aldatzearekin eta egunerokoan teknika txiki batzuek txertatzearekin emaitza ikusgarriak sumatzen direla berehalakoan. Uda garai aproposa duzu umeenganako ikuspegi positiboaz gozatzeko.
Ikasgelan sartutakoan, lehen-lehenik ikasle talde batekin egingo dugu topo. Gure eskolako bizipenetan ere gelako giroa, lidergoak, gatazkak eta adiskidantzak ditugu oroitzapen esanguratsuenak. Aldiz, talde dinamikei buruz ezer gutxi lantzen da Magisteritza karreran eta psikologia sozialeko teoriak ere oso gutxi aplikatu dira hezkuntzan.
Elkarbizitza kudeatzeko abiatu zen Golden 5 programak talde harremanen bi teoria ditu oinarrian: atribuzioen teoria eta espektatiben teoria. Hala azaldu zuen programan aitzindari den Maria José Lera-k (Sevillako unibertsitateko doktorea Psikologian), Gipuzkoako Berritzeguneek maiatzean antolatutako jardunaldietan: “Atribuzioen teoria 1958an sortu zuen Weinerrek eta talde harremanen oinarri-oinarrizko teoria da. Norbaitek atribuzio bat egiten duenean, berdin da zuzena edo okerra izan, gainerako gizakion joera naturala da atribuzioak baieztatzea. Gure buruak inkontzienteki bilatu eta hautatuko du besteak egindako atribuzioa baieztatzen duen esperientziaren bat”. Eskola barruan atribuzioen dinamikak nola funtzionatzen duen deskribatu zuen umorea eta energia positiboa darion Lerak: “Irakasle batek esaten duenean ‘a zer goiza eman didan 6.A gelak! Nolakoak diren!’, atribuzio bat da. Entzun digun beste irakasleak buruan bilatuko du esperientzia bat baieztatuko duena eta esango du: ‘Egia da, aurrekoan harrerako langileak esan zidan ederra dugula talde horrekin...’. Irakasle horien arteko harremana estutu egiten da eta kito, ez da ezer gertatzen”. Edo bai, gertatzen da? Lerak galdera pausatu zuen: “Irakasleen pentsamendu horrek gelari eragiten dio edo ez? Zergatik? Pentsatzen dugun horixe ikusten dugulako azkenerako. Nola sartuko naiz gela horretara? Ikusiz oso zaila dela. Gelara sartu orduko oharkabean (zeren hau dena prozesu inkontzientea da) begiratuko diet zutik dauden hiruei eta hizketan dauden biei eta pentsatuko dut ‘banekien nik! aztoratuta dagoela gela hau!’. Oharkabean zer ari gara bultzatzen? Aztoramendua. Eta azkenerako taldeak berak pentsatuko du nahaspilatzaile hutsak direla”. Ideala litzateke batere atribuziorik ez egitea, baina hau gizakiontzat ezinezkoa omen. Beraz, testuinguru profesionalerako arau hau proposatzen du Golden 5ak: atribuzio positiboak bakarrik egitea. “6.Atik gatozenean irakasle gelara, esan ahalko dugu ‘6.A hori da... gela oso inteligente bat... eta ene nola dauden... oso aktibo dago taldea... eta irakasleoi erronka oso interesgarria jartzen ari zaigu e!’. Beste irakasle batek esango du, ‘ba egia da ideia oso interesgarriak bota zituztela lehengoan’. ‘Aktibitate handiarekin dabiltza, sormen handiarekin...’. Gauza bera da baina beste era batera ikusten da. Eta taldeak bukatuko du sinesten sormen handikoak direla, eta denok ariko gara duten potentzialitatea baliatzen”.
Lerak oroitarazi zuen irakasleek eta gelako audientziak atribuzio positiboen kontuan duten garrantzia: “Ez da gauza bera atribuzioak zure etxean eta irakasle gelan egitea, edo audientziaren aurrean, ikasgela barruan. Demagun gela osoaren aurrean botatzen dugula ‘ikasle honek hizkuntzetarako gaitasun handia du!’ atribuzio bat egiten ari naiz. Zer pentsatuko dute gainerako ikaskideek? Bilatuko dute esperientziaren bat berretsiko duena ‘a, bai, asteburu batean Londresera joan zen, horregatik hitz egiten du hain ongi ingelesez’. Nire atribuzio hori orain konpartitua eta orokortua da, orain gela osoak hori ikusiko du, esan dugunez, pentsatzen duguna ikusten dugulako. Eta ingelesez zerbait esaten duen bakoitzean besteek hautemango dute ‘ooo, ze ondo esaten duen!’ baina eta erratzen bada? zer esango du audientziak? Kanpo faktoreei egotziko die: egun txarra du, zorte txarra, testua oso zaila zen... Baina pertsona horrek hizkuntzetarako gaitasun ona duela usteko du taldeak”. Beti ez dira atribuzio positiboak egiten, ordea: “Oso-oso gutxitan, ihes egiten digu komentarioak eta botatzen dugu ‘aix, zuk ez duzu honetarako balio’. Atribuzio bat egiten ari gara, konpartitua dena, eta gela osoak ikusiko du pentsatzen duena, alegia ez duela balio demagun irakurtzeko. Ikasle horri esaten diogunean: ‘Irakurri ozen’. Nola irakurriko du? erabat txikiagotuta, ahots mehe batez. Zer dio audientziak? ez dakiela, gaizki ari dela. Baina pentsa dezagun umeak horri denari aurre egin eta ongi irakurtzen duela. Zer esango du audientziak? Kanpo faktoreei esker lortu duela: ongi ateratzen ari zaio baina zortea duelako, testu hori aurrez ezaguna izango zuen, egun ona du... Baina berez ez daki irakurtzen”.
Helburua garbia da: ume bakoitzak merezi du atribuzio positibo bat gelan eta denen aurrean. Esatea zer ona den halako gaian. “Denok gara onak zerbaitetan, beraz, bilatu egin behar da bakoitzaren on hori. Batzuena berehala ateratzen zaigu, besteena pixka bat gehiago bilatu behar da”. Atribuzio positiboek ekartzen baitute espektatiben teoriarekin lotutako Pigmalion efektua.
“Uste baduzu ikaslea ongi joango dela, nota onak ateratzen ditu. Gaizki joango dela uste baduzu, nota txarra ateratzen du. A zer begia dugun irakasleok, ia magoak gara!”. Ikerketek frogatu dute ikasle batekiko espektatiba altuak dituen helduak, oharkabean arreta gehiago eskaintzen diola, azalpenak hobe eta bere modura ematen dizkiola, gehiago animatzen duela (“zuk ahal duzu-eta!”), bere akatsak gutxiesten dituela (“lasai, hau ez da ezer, zuk segi”), tematzen dela... “azkenean zertan ari da heldu hori? ikas prozesua errazten” azaldu du Lerak. Alderantziz jokatzen du helduak, oharkabean, ikasle horrenganako espektatiba apalak dituenean. Horren aurrean zer egin? “Espektatiba altuak eduki behar ditugu ume bakoitzarengan. Alegia, Golden betaurrekoak jarri behar ditugu”.
Ikasgelan, bizitzan bezala, beti badira batzuk nabarmentzen direnak, akademikoki primeran doazenak, espektatiba altuekin... eta badira beste batzuk gutxiago distiratzen dutenak. Gakoa ongi doazenekin sortzen den harreman eredua ikasle guztiengana eramatea da. Eta hori kontzienteki eta metodikoki egitea ezinbestekoa dela nabarmendu du Lerak, Golden programaren 5 zenbakiaren zentzua bistaraziz: “Umeak bosnaka hartuko ditugu eta idatzi egingo dugu. Ez badugu idazten, beti ahaztuko ditugu berberak. Ikasleak nahasian hartuko ditugu, bi oso ongi doazenak, bi arazoak dituztenak eta bat ‘grisa’ deitu ohi zaiona. Bosnaka landuz, hurrengo epean (demagun aste pare batean) beste ikaskideen aurrean distiratu arazi behar ditugu”.
Berehalakoan emaitza hauek ikusiko ditugula baieztatu dute Lerak eta Golden 5 praktikan jarri duten EAEko irakasleek: ondo zihoazenek ongi jarraituko dute eta “grisa” dena oso denbora gutxian nabarmentzen hasiko da. Grisak deituak dira klasera joan, etxeko lanak egin eta azterketak gainditu arren nabarmentzen ez direnak. “Batek begiratzen dituenean, esaten dienean ‘zu oso ona zara honetan’ jada beste era batera ikusten dira eta aldatzen hasten dira”. Akademikoki gaizki zihoazenak asko hobetzen dira, baina hauei Golden igurtzi gehiago eman behar zaiela azaldu du Lerak: “Hauengan aldaketak ikusten hasten dira bi hilabetera, kasuaren arabera”.
Aldaketa txikiak eta errazak dira, eta lorpenak handiak. Txikiak izateak ez duela azalekoa esan nahi adierazi digu Ana Azkona Lasarteko Berritzeguneko Golden arduradunak: “Estrategiak oso zentzuzkoak dira, esaterako begirada eusteak ematen dizu pertsona horren arreta. Hori gauza sinplea da baina batzuek ezin dute. Gelan pertsona bat ukitzea oso sinplea da baina ekartzen duena aldaketa handia da, eta norberaren aldaketa eskatzen du, beste pertsona ikustea, ahal duela ikustea, beragan sinestea... Oso sakona da. Beste begirada bat lantzen du irakasle horrek ikasleenganako, Golden irakaslea bihurtzen zara. Gauza negatiboetan bakarrik fokatzeak nora garamatza? Zer eginik ez dagoela justifikatzera. Kasu etsigarrienetan ere hori da bidea, alde positiboa bilatu behar dugu eta hortik palanka eginaz bere ahalmen eta dohain guztiak atera”.
Etxea oinarrizkoa da. Familia eta eskola elkarrekin doazenean orduan ikusten dira emaitzak argiago: “Familiak ikuspegi honen partaide egin behar dira. Deitu diezagutela gure umeak ongi daudenean ere, partekatu dezagun ona. Familiari mezu positiboak helarazi behar zaizkio. Denei, hauek ere bosnaka hartu behar ditugu, ez gaitezen inoren gurasoez ahaztu. Akademikoki umea gaizki badoa, mezu positiboak emango dizkiogu maila sozialean. Gurasoak negarrez etorri izan zaizkigu ‘niri inoiz ez dit inork ezer positiborik esan nire semeaz, 15 urte ditu eta porrot hutsa da’ esanaz. Arazo bat denean bakarrik deitzen badidate, defentsa jarreran joango naiz, eta irakasleak deitzen badit izango da berak ez dakielako zer egin egoerarekin, baina nik ere ez dakit zer egin. Ez gaitezen elkartu ez dakigun horretan, goazen onean elkartzera. Deitzen badidate ‘zatoz, zure umeak portaera itzela dauka eta matematiketan sekulako arreta jartzen du, harrituta nauka’, hazi-hazi eginda joango naiz. Goazen une horiek gozatzera. Goazen elkarrekin bide egitera batzen gaituen begiradarekin. Arazoek hor jarraitzen dute, baina arazoak txikitxo jarriko ditugu eta gainera saiatuko gara konpontzen plan batekin, eskaileratxo batekin. Pixkanaka-pixkanaka eskailera mailak igotzen joango gara eta baten bat oso handia bada eta ezin badugu igo, maila txikiagoak jarriko ditugu tartean. Baina izan dezagun begirada hori: jakina posible dela, jakina ahal dugula! Gure esku dago”.
Bost herrialdetako eta diziplina anitzeko profesionalek (psikologo, soziologo, hezkuntzako langile, bitartekari...) hasi zuten proiektua 2004an: norvegiar, belgikar, italiar, poloniar eta andaluziarrek. Europar Batasunak diruz lagundu zuen hasieratik eta hezkuntzan motibazioa hobetzeko irtenbideak, estrategiak, erramintak ematea zuen helburu, elkarbizitzari lotuta.
“2006rako ikusi genuen proiektuak funtzionatzen zuela. Frogatu behar genuen ea funtzionatzen zuen gehien behar zen testuinguruetan”. Argi du Maria José Lerak: “Gehien behar den lekua Gazako lerroa da. Gazako lerroak 2006an eskatu zigun proiektua, eta Europak eragotzi bazigun ere (esan zigun proiektua europarra zela eta ez palestinarra), Europari erantzun genion dirua ukatuko zigula baina gogoa ez. Dirurik gabe baina joan egin ginen eta bertako bi eskola palestinarretako irakasleak formatzen hasi ginen”. Proiektua emaitzak ematen hasi zen baina 2009ko Gabonak iritsi ziren eta Gazako lerroa erabat bonbardatu zuten “Berun urtua” operazioan: Golden 5 programa martxan zuten eskolak bonbardatu zituzten, formatzaileen GKEa bonbardatu zuten... Txikizioa eragin zuen operazioa bukatu eta urtarrilaren 18an telefonoz mezu hau jaso zuten: “Mesedez, Gazan behar dugun bakarra Goldena da”. Lera mintzo da: “Umeen etsipen maila terriblea zen, eta halakoetan behar dugu norbanakoaren garapena. Segurtasun hori, konfiantza hori, bizitzan aurrera jarraitzeko. Gelara zerbait positiboa iristea falta zen eta hori handi-handi jartzea. Gehien behar zuten garaia zen. Israelek sartzea eragotzi zigun eta oraindik debekatzen digu, baina ari gara lortzen”. Urtarril honetan jarri dute martxan proiektua Gazako lerroko 30 eskoletan. Ikastaroak on-line ematen dituzte eta Zisjordanian ere 350 irakasle eta 16 eskolarekin ari dira. “Han funtzionatzen badu, denean funtzionatu behar du”.
Berritzeguneak antolatutako jardunaldietan DBH 3ko esperientzia kontatu zuen Tolosako Laskorain Ikastolako Kepa Goikoetxeak: “Atribuzio txarrekin zetorren ikasle hura, oso markatuta, desmotibatuta eta itxaropen handirik gabe”. Golden 5eko estrategiak erabiltzen hasi zen Goikoetxea ikasgelan eta ikaslea hobeto erantzuten hasi zen. Ohar positiboak idazten zizkien irakasleak eta denen aurrean irakurtzen, egunero ikasle bati, eta aipatutakoaren txanda iritsi zen: “Lehenengo ohar positiboa jaso zuenean, erreakzioa bat-batekoa izan zen”. Irakaslearekin hitz egiteko hitzordua hartu zuen, eta oharragatik eskerrak eman ostean galdetu zion:
- Zuk beste irakasleekin hitz egiten duzu?
- Bai...
- Eta zuk nire aurreko notak badakizkizu?
- Ez naiz gogoratzen... zerbait esan nahi didazu edo?
- Oso gaizki ibili nintzen DBH 1. mailan.
- A, ez nekien.
- DBH 2ra juxtu-juxtu pasa nintzen.
- Pasa bazinen zure meritua izango zen...
- Ez, ez, pasa egin ninduten garbi. Eta gero jada DBH 3. mailara ziur deskartez pasa nintzela. Nik ez nuen hemen egon behar.
- Eta non egon nahi zenuen?
- Ez, ez, hemen egon nahi nuen baina nik ez dut ezer egin hemen egoteko. Ez dakit badakizun...
- Bada nik ongi ikusten zaitut.
- Egiatan?
- Bai, poesia egin genuen hartan Xabier Leteren lau disko zuk ekarri zenituen. Eta etxean zegoen bertso-liburua ere bai.
- Bai, tira, etxean hautsa hartzen zeuden.
Handik aurrera, ikasleari buruzko atribuzio positiboak egin zituen irakasleak ikasleen eta beste irakasleen aurrean. “Ikaslea balorazio positiboei gustua hartzen hasi zitzaien. Edozein aitzakia baliatzen zuen nire gelara etortzeko”. Irakaslearen gelara sartu zen batean, Rubiken kuboa begiz jo zuen eta egiten irakasteko eskatu zion. Ostegunero 19:30ean joaten zen 15 urteko gaztea irakaslearenera kuboa egiten ikastera. “Eta tartean, beste gauza askoz hitz egitera”. Mezu eta balorazio positiboak jaso ahala, ikaslea erronkari heltzen hasi zitzaion, ikasgelako jarrera eta lana hobetuz, baina “nik etxean ez dut hori entzun, ez naute horrela ikusten eta oso zanpatua nago” aitortu zion irakasleari. Berari ezer esan gabe, gurasoekin bildu zen irakaslea. “Ama etsita zegoen, etxean errietan egunero, jada ez zion semeari eskolako kontuez galdetu ere egiten. Aitak esan zidan ‘nik bai, nik txikitu egiten dut, esaten diot: ez duzu egin, ez duzu ikasturtea gaindituko, ez zara gai, zure arreba askoz bizkorragoa da, zurekin beti berdin, nazkatuta gaude...’”. Irakasleek gurasoei proposatu zien Golden ikuspegia lantzea: [aitari] “Esaiozu harengan itxaropen osoa duzula, ongi joango dela”. Aitaren erantzuna: “Nik hori esaten ez dakit”. Irakaslearen proposamena: “Isilik egon zaitezke?”, “bai”. Amak hitz eman zuen bera saiatuko zela ikasketei buruzko mezu positiboak ematen. “Mutilak ikasturtea txapeldunen ligan amaitu zuen”. Gurasoak uztailean irakaslearengana joan ziren, negarrez: “Ez dakit zer egin duzun, baina eskerrik asko”.
Arreta, esfortzua eta irauteko gaitasuna. Aldagai horien araberakoa da ikasteko motibazioa. Pertsonak badu gaitasuna bere barrutik bere burua motibatzeko. Nola sustatu barne motibazioa? Lau eremu hauek landuta: testuingurua, behar psikologikoak, pentsatzen duguna eta emozioak. Leraren hitzetan: “Horrek ekarriko digu eskolako emaitza hobea, baina batez ere ekarriko digu pertsonaren garapen osoa”.
Testuingurua: “Haur hezkuntzako gela barruan aurkitzen ditugu koloreak, kortinak, apaingarriak, loreak, formak... baina mailaz igo heinean ez dakit zergatik, DBHko 4. mailan landaretxo bat aurkitzea... Argazkitan bakarrik gertatzen da! Goazen erraztera, goazen goxo egoteko, interesa gehitzeko elementuak sartzera”.
Behar psikologikoak: Gizakiaren oinarrizko hiru behar psikologiko hauek asetzean motibazioa ikaragarri hazten da. Batetik, konpetente sentitzeko beharra: ahal duela, badakiela, gauzak egiteko gai dela ikustea. “Erabil dezagun eskola jada egiten dakizkien gauza horiek jendaurrean erakusteko. Jar diezazkiegun lanak distira egin dezaten. Esan ahal izan dezaten ‘ikusten zeinen ona naizen honetan’. Berak merezi duela, balio duela seguru izango du. Eta bere burua maite duenak, balio duela dakienak, zer egiten du eroritakoan? Altxa”. Bigarrenik, autonomo sentitzeko beharra dugu: “Utzi aukeratzen zer egin, utzi erabakitzen lana taldean, binaka edo irakasleak lagunduta egitea nahi duen...”. Azkenik, ongi harremanduta sentitzeko beharra dugu: maite gaituzten ikaskide eta helduak behar ditugu inguruan, baldintzarik gabeko laguntza eskaintzen digutenak.
Pentsatzen dugunaren garrantzia: Gure buruaz pentsatzen dugunak emango digu bizitzarekiko estilo bat. Pertsona batzuek estilo optimistagoa dute, eta beste batzuek ikuspegia gehiago dute porrotera bideratua. Horri lotua dago eskola porrota, Leraren arabera: “Eskola porrota horixe besterik ez baita, etsitzea, erori eta ez altxatzea, ‘zertarako saiatuko naiz?’ pentsatzea ‘nik ez dut honetarako balio, ez dut inoiz lortzen’...”. Behin eta berriz altxatzea da gakoa: “Ez da hobea inoiz erortzen ez dena. Hobea da gehiagotan altxatzen dena. Zutitzeko behar duguna da esperientzia positibo asko eta asko izatea norberaren garapenean konfiantza izateko: ‘Gogoratzen zara erori zinen hartan nola altxa zinen?’ eta orduan indarra ateratzen du batek eta oztopoa zena palanka bihurtzen da gora egiteko. Gehiagotan zutitzen dena indartsuagoa da palanka hori topatzen duelako ‘jakina lortuko dudala’”. Palanka sustatzeko helduok dugun arduraz ohartarazi gaitu Lerak: “Ikasle bat Lehen Hezkuntzako matematikan trabatuta zebilen eta etxera joanda amak esan zion: ‘zu ni bezalakoa zara, niri beti gaizki eman zaizkit matematikak’. Hara zer espektatiba garatu zituen. Saiatzeari utzi zion, juxtu-juxtuan gainditzen zituen eta kito. DBHko 3. mailan zegoenean irakasle batek hartu zuen bere azterketa eta esan zion ‘konturatu zara matematiketarako neurrizgorako gaitasunak dituzula?’. Eta matematiketako adarra hartu zuen! Bi esaldi izan ziren”.
Emozioak: “Edozein ekintzaren oinarria direnez, goazen klima emozionala lantzera gelan. Garatu dezagun emozio positiboak erakarriko dituen testuingurua. Erabili dezagun giroa, umore asko, musika zergatik ez?”.
1. Gelaren kudeaketa (irakasleak taldea kudeatzeko erramintez jabetzea)
2. Harremanak eraikitzea (harreman onak lantzea ikasleekin)
3. Kilma soziala (talde osasuntsua lortzea)
4. Ikaskuntza doitua (ikasle bakoitzaren mailara egokitua)
5. Familia (Golden ikuspegian partaide egitea)
Informazio osoa: www.golden5.org webgunean.
Duela bi urte hasi ziren Golden 5 programa lantzen Ordizia, Lasarte eta Durangoko Berritzeguneetan. Batez beste bakoitzean 15 ikastetxe ari dira (argazkian, maiatzeko jardunaldietan euren esperientzia kontatu zuten Gipuzkoako irakasleak). Datorren ikasturtean Irun, Donostia eta Eibarko Berritzeguneak eta Iruñeko Irakasleen Laguntzarako Zentroa hasiko dira lantzen. Proiektua abiatzen ari da, beraz. Hurrengo ikasturterako sakontze maila prestatu dute eta bertan parte hartuko duten irakasleek konpromisoa hartu dute euren ikastetxean lanketa sistematizatzeko eta zabaltzeko.
Eric Etxartek Seaskako lehendakarikide ardura hartu berri du urte hatsarrean, Antton Etxeberri eta Sophie Layusekin batera. Peio Jorajuriaren lekukoa hartu dute hirurek, eta Lehendakarikidetza taldea osatu dute.
Haur Hezkuntzako lehenengo zikloan, hiru ikastetxera joateko aukera dute familiek: bata publikoa, beste biak itunpekoak. Legeak kontrakoa agintzen duen arren, plazen eskaintza ez dela orekatua eta itunpekoek dagokiena baino nabarmen plaza gehiago eskaintzen dituztela salatu dute... [+]
“Urte berri-berri, zer dakarrazu berri?” oihukantatzen genien, urteko lehen eguneko gaupasatik bueltan, bidean gurutzatzen genituen goiztiarrei. Eske puxken esperantzan gu, mozkor panparrotuok. Eta artean ez baitzen ez runner-ik ez eta selfie-rik ere,... [+]
Behar dugun hezkuntzarako, independentzia! lelopean deitu du grebara Ikamak unibertsitateetan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan. Datozen asteetan iragarriko dituzte greba deialdiari lotutako mobilizazioak.
HezkuntzArtea Irakasleen Elkargunea sortu du EAEko irakasle talde batek. Hezkuntza politiken “noraeza” salatu nahi dute, politika horiek etengabeko metodologia berrietan, “burokrazia ikaragarrian” eta IKTen “erabilera zentzugabean”... [+]
Entzumen eta hizkuntza irakasleak (EHI) eta logopedak eskola publikoan zein kontzertatuetan lan egiten duten irakasle espezialistak dira. Horien funtzioen artean hizkuntzan eta komunikazioan zailtasunak dituzten ikasleei arreta zuzena ematea da, baina baita komunikazio sistema... [+]
PAIk sortutako biktimak ez dira bakarrik PAIren Legeak eragindako egonkortze prozesuari esker funtzionarizatutako irakasleak, baizik askoz gehiago. Batzuei nolabaiteko ikusgarritasun mediatikoa eman zaie Steilasek jarritako errekurtsoaren ondorioz; gehienak, alabaina, ikusezinak... [+]
Hazparneko Armand David laborantza lizeo pribatuko ikasleek Agro-ekipamendua, Zientzia sozial eta ekonomikoak, eta Enpresa ekonomia irakasgaiak euskaraz ikasteko aukera izango dute. Horrek formakuntzaren ia erdia hartuko duela azaldu du Bertrand Gaufryau ikastetxeko zuzendariak.
Ikasgaia ba ote dakizun frogatzeko eta horren arabera nota jartzeko hiruhileko amaierako azterketarik ez dago Laskorain ikastolan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren lehen zikloan. Baina orduan, nola ebaluatzen dituzte ikasleak? Nondik ateratzen da azken kalifikazioa?... [+]
Urtarrilaren 4an hil zen Robert Hirigoien euskaltzalea (Larresoro, Lapurdi, 1944). Ostegunean eskainiko diote azken agurra, jaioterrian (10:00etan). Herri Urrats festaren sortzaileetako bat izan zen, baita Lapurtarren Biltzarrarena, Kanboko ikastolarena eta euskara eta euskal... [+]
Irakasle hau egokitzen zaielarik, 6-9 urteko haurrengan beldurra, amesgaiztoak, antsietatea, negarra… orokortzen direla salatu dute Atarrabiako Atargi ikastetxeko gurasoek. Urtetako arazoa konpontzen ez dela-eta, haren klaseei planto egitea erabaki dute. Guraso elkarteko... [+]
Erik Etxartek, Sophie Layusek eta Antton Etxeberrik osatutako lehendakaritzak ordezkatuko du Peio Jorajuria, 2019tik Seaskako lehendakari dena.
Scientia funts pribatuak Bilboko San Pedro Apostol eskola erosi, eta langileen eskubideak eta hezkuntzaren kalitatea hondatu dituela salatu dute. Bederatzi hilabete daramate langile batzuk soldatarik gabe, eta Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze eza kritikatu dute.
Sortzen eta Ratioak Jaitsi 0-18 elkarteek Legegintzako Herri Ekimen bitartez egin dute eskakizuna eta alderdi guztiek agerraldia onartu dute. Europar Batasunak Foru Gobernuari ratioak murrizteko egindako gomendioan du oinarria nafar gurasoen aldarrikapenak.