argia.eus
INPRIMATU
Diru publikoaren ibilbidea ikertu behar da

Juan Mari Arregi 2014ko uztailaren 08a

Azken asteetan hainbat albiste izan ditugu diru publikoaren ustezko desbideratzeaz. Helburu publikoa zuten hainbat proiektutara joan behar luke diru horrek, baina xahutu egin da, dela kudeaketa txarragatik, dela bidegabe eskuratua izan delako. Autogintzaren burbuilaz ari gara, Epsilon eta Hiriko kasuez, baita AHTz ere. Hamarnaka milioi euro desagertu dira diru-kutxa publikoetatik. Autogintzan 60 milioi euro xahutu dituzte, eta AHTn are gehiago. Ustelkeria, funtsen bidegabeko eralgitzea eta prebarikazioa atzeman dira.

Autogintzan gertatu dena argitzeko, ikerketa parlamentarioaren unean gaude orain; AHTren eta Hirikoren kasuan gainera, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian (EAEAN) salaketak jarrita ditu EH Bilduk eta tramitazioan daude. Kasu horiek ikerketa serioa eskatzen dute, sakona eta neutrala, kudeatzaile zibil eta politikoek egindako irregulartasunak argitzeko. EAJk eta jelkideen esku dagoen Eusko Jaurlaritzak ezin dute beste albo batera begiratu, auzi guztietan baitaude inplikatuta. Euren –eta kudeaketan aritu direnen– izen onagatik lehenak izan behar lukete ikerketa neutrala eskatzen eta erantzukizunak depuratzen. Milioika euro daude jokoan. Baina jelkideek eman dituzten urratsak ikusita ezin liteke esan interes handia dutenik. Bateren batek aurpegia izan du esateko, bera Jaurlaritzan zegoenean, ez zegokiola proiektu horien kudeaketa kontrolatzea.

Erantzukizuna EAEANko fiskaltzarena ere bada: gertaeren inguruko salaketa tramitatzen ari da, baina halako kasuak izaten direnean ofizioz jardun behar luke. Espero dugu diru publiko horren ibilbidea ikertuko duela, kosta ahala kosta.