1.000 behi gehi 800 bigantxa gehiago aterpetuko dituen granja-fabrika erraldoia geldiarazi nahi dute Frantziako Estatuko nekazariek. Tamaina horretako bat bada, Nafarroako Caparroson. Eta Indian 40.000 behirentzakoa eraiki nahi dute multinazionalek. Nekazariek erakusten digute zer ezkutatzen duen esne merkeak.
1.000 vaches deitzen zaie, nahiz eta mila behi baino gehiago eduki ditzaketen eraikin erraldoiok. Bat Nafarroako Caparroson daukagu, 1.800 behi dauzkan eta 4.000taraino zabaldu daitekeen... ukuilua? Fabrika esan beharko hobe. Frantziako Estatuko iparraldean, Amiens inguruko Drucat herrian, Michel Ramery industrialak eraiki duen behitegitzar horietakoa okupatu eta zenbait tresneriaz hustu zuten joan den maiatzean Confederation Paysanneko laborari militanteek. Polizia, ministroarekin eztabaida, arduradunen atxiloketa, epaiketa saioa joan den astean... Confeko sindikalistek herritarrei mahaietaraino eraman diete hipermerkatuetan hain merke erosten duten esnearen sekretu itsusia.
Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) barne duen sindikatuko idazkari nagusi Mikel Hiribarrenek Laborari astekarian “Laborantzan industriaren ixuria” artikuluan eman ditu erasotutako mega-behitegiaren xehetasunak. Confek bere webgunean gaia grafikoki azaldu du: “Aujour d’hui parlons de la ferme de 1.000 vaches et analysons cette usine à gaz” (Gaur 1.000 behiko etxaldeaz mintzatuko gara eta analizatuko gas fabrika hau). Harrigarriak dira gas usina hauek, baiki.
8.500 metro karratu osatzen dituzten eraikinetan biziko diren 1.000 behiok egunero 27.000 litro esne emanen dute, langileek (denak emakumeak) egingo dizkieten lau jeitzialdietan. 160.000 litro ur xahutuko du granjak egunero. 100 tona bazka ekarriko zaie behiei bertaraino, hauek esneaz gain 73.000 kilo simaur egin dezaten.
Simaurrean datza usinaren gako ekonomikoetako bat. Behien gorotzak bestelako landare inaurkinekin nahastuta metanoa ekoitziko dute, horri errez argindar bihurtzeko 1,5 MegaWatteko ahalmena daukan zentralean. Energia berdea deitzen zaion horri, antza, Frantzian oraindik prima onak ematen zaizkio; Espainiako Estatuan gorotzekin energia sortuz negozioa egin nahi zuten eta murrizketekin ahoa bete hortz geratu direnek baino zori hobea dute.
Simaurrak metanizatzearen ondoren geratzen diren hondakin organikoak inguruko 3.000 hektareatan zabaldu nahi ditu industrialak. Honek eragin ditu Somme ibarrean ingurumenaz kezkatzen direnen kexuak, lurpeko ur erreserbak are nitrato gehiagoz kutsatuko direlako.
Ingurumenarenari osasunarekiko arrangura gehitu behar zaio. Horrelako pabilioietan behi bakoitzak ez daukanez beretzat auto batek parkingean eskaintzen zaion lekuaren erdia ere, egun argirik eta aire librerik ezagutu gabe iraungo duten aziendak bizirik atxikitzeko antibiotikoz eta bestelako botikaz ase behar dituzte. Gero herritarrok horien esneak eta okelak irentsiko ditugu.
Behiok esneaz gain kaka barreiatuko dute inguruetan. Aldiz, horien elikatzekoa urrundik ekarriko da. Erdia baino gehiago Hego Ameriketatik, pestizidaz ondo igurtzitako OGM bihi eta pentsuak. Ordainetan, esnea ere munduko lau haizeetara zabalduko da, lortuko diren prezio apalen babesean. Hurbileko bezala urrutiko baserritarrak hondoratzeko sistema.
Behi asko, esne asko, simaur asko... eta langile gutxi: 18 langilerekin mugituko du fabrika Ramery ugazabak. Dagoenekoz baserri txiki gehienak galdu dituen Frantzian gaur esnea 50 behi inguruko etxaldeetan ekoizten da, bakoitzean bataz beste 2,1 langileri enplegua emanez. 1.000 behi zaintzeko beharko liratekeen 42 nekazarien ordez 18 langile ez-kualifikatu eta oso gutxi ordainduak kontratatuko ditu Rameryk.
Hala ere, prezioan nahi du konpetitu Rameryk, jakinik kaletarrek azkar ahazten dituztela hedabideetan tarteka-marteka aipatzen diren kutsadurak, kalitateak, injustiziak eta istorio. Orain Frantziako Estatuan tona bat esne ekoiztea 350 euro kostatzen bazaio behitegi baten jabeari, Rameryk 270ean produzituko du. Nolaz? Kopuru eta tamaina erraldoiek eragiten dituzten eskalako ekonomiak baliatuz, subentzio handiak kobratuz, langile urriei soldata kaskarrak pagatuz eta, azkenik, “energia berdeari” etekina atereaz.
“1.000 behiko usina hau test bat da –salatu du Cofederation Paysannek–. Hau gelditzen ez baldin badugu, laster antzekoak aurkituko ditugu Frantzia osoan, gaur esne ekoizpenak dauzkan 100.000 enpleguei mehatxu eginez”. Eta arrazoi du. Dagoenekoz Europako leku askotan antzeko granja alimalekoak nagusitu dira, etxalde txikiak hondoratuz. Zer esanik ez Ipar Amerikan. Eta Asian...
Indiatik iritsi da markak hautsi nahi dituen hurrengoaren albistea: Andra Pradesh estatuan multinazionalak eraiki nahian ari direla ukuilu erraldoi bat... 40.000 behirentzako! Indiako Iffco ongarri korporazioa eta Zelanda Berriko Fonterra esneki multinazionala –Txinan melaminaz kutsatutako esne hilgarria ekoiztu zuena, bide batez esanda–daude asmoaren sustatzaile, oraindik gainditu ezinean kontra agertu zaizkien taldeen indarra.
Indiakoa argitu bitartean, munduko behi eta esne ekoizpen konplexu handiena Vietnamen dauka Afimilk korporazio israeldarrak. Eguneko 200 tona esne ekoizten zituen 2012an eta 2015erako helburutzat dauka urtean 300.000 tona merkaturatzea. Horretarako dauzka bere estalpeetan bildurik 11.000 behi eta 12.000 bigantxa, denetara 23.000 azienda! Afimilk konpainia bi zangoren gainean dago eraikita, biak ere Israelgoak: Afikim kibbutza eta Fortissimi Capital inbertsio funtsa.
Industriak eta finantzak aspalditik nahi du kontrolatu giza elikatzearen kate osoa. Mikel Hiribarrenek idatzi duenez: “Ez da atzo ala herenegun abiatua laborantzan industriaren ixuria. Badugu nahiko etsenplu hementxe berean Euskal Herrian. Batzuen zoroaldiek zenbat itzal ez dute ekartzen hainbeste etxalderi, edo berdin produkzione sail osoari !”.
Frantziako Drucaten behi fabrika eraikitzen duen Ramery herrialde horretako 369. gizon aberatsena da, 120 milioi euroren jabea, herrilanetan dirua egindakoa. Alde dauzka agintari publiko gehienak, FDSEA nekazaritzako sindikatu maioritarioko buruzagia ere bai. Nekazaritza lehiakorraz mintzo dira denak... gero lurjabe handi eta industrialak direnean Europako dirulaguntza gehienak metatzen dituztenak.
Uztailaren 1ean epaitu behar zituzten makro-behitegia okupatu zuten Confeko sindikalistak. Urrira atzeratu dute auzia.
Laborantza industrialak, urtegiek eta kutsadurak ondorioztaturiko "gaitzeko presioengatik" desagertzekotan dira ehundaka espezie. Bilakaera hori saihesteko asmoz, "berehala hartu beharreko aldaketak" galdetu dituzte Nature aldizkariak urtarrilaren 8an... [+]
Duela 180 milioi urte Pangea kontinentea zatitu zenerako ikasia zuen aingirak Thetis itsasoa zeharkatzen. Ordudanik kontinenteak mugituz joan dira, eta aingira espezieak ezberdinduz. Jatorrizko arbaso beretik bereizi diren 20 aingira espezieen artean, gurea da, ibai-aingira edo... [+]
Lagun txiletar batek bere herriko istorio bat kontatu dit, eta ahoa bete inplante utzi nau. Han “quintral” esaten dioten landare batena da, Tristerix corimbosus. Txile eta Argentina hegoaldeko baso epeletan bizi da, eta gure lurralde epeletan hazten den mihuraren... [+]
Koloretsuak, distiratsuak, forma xelebre bezain ederrekoak diren heinean, nudibrankioek beste planeta batetik iritsitako izakiak dirudite. Itsas hondoko izaki biluzi hauek 1980ko hamarkadako gandorretako kolore biziak eta Parisko joskintzako izen handien moda arkitektonikoa... [+]
Urtezahar gauean petardo, bengala, traka, suziri eta bestelako gailu piroteknikoekin jolasean arituko dira asko eta asko aurten ere, horietako ez gutxi adin txikikoak. Eta errepikatuko dira istripuak, suhiltzaileen esku-hartzeak, eta burrunba gordin sufritzen duten ume, adineko... [+]
Elur faltak eski estazio ugari kinka txarrean jarri ditu, klima larrialdiaren ondorioz. Baina paisaiari eta naturari ahalik eta etekin ekonomiko handiena ateratzeko batzuen logikak hor jarraitzen du, eta goi mendietan musika festibal erraldoi eta garestiak antolatzea da azken... [+]
"Pictura est laicorum literatura", utzi zuen Umberto Ecok idatzita, Il nome della rosa eleberrian. Irudien bidez mintzatzen da herria, hitzez baino maizago. Artearen funtzio narratiboa nabarmena da Erdi Aroko irudietan, egungo begiekin zail gerta daitekeen arren haiek... [+]
Urriaren 19an, Xiberoko Batzorde Sindikalak bozketa egin eta adostu zuen lurraldea "babesteko zaila den eremu gisa" (ZBD) izendatzeko eskaera abiatzea, otsoaren "arriskuari" aurre egitea helburu. Artaldeei eraso egin ez badie ere, artzainek otsoari tiro... [+]
Badira hainbat espezie arrandegietan beti egotera derrigortuak diruditenak. Haien arteko arrain batek dirdira berezia du, urrezko koroarekin begiratzen baikaitu: urraburuak (gazteleraz ere, ezaugarri berari men eginez, dorada-k). Ondoan haien artean anaiak diruditen sorta dago,... [+]
Getarian (Gipuzkoa) itsasoratu berri dute Euskal Herriko lehen itsas zabaleko arrain haztegia. 50 metroko diametroa eta 40 metroko sakonera duten bi kaiola jarri dituzte, eta itsasoko baldintzetara ongi egokitzen badira, aurtengo udan 50 hegalabur (atun gorri gisa ere ezaguna,... [+]
Gaua da. Zuhaitzetan geratzen diren hosto gutxien artetik igarotzen da ilargiaren argia. Isiltasuna da nagusi. Txoriak sasi artean daude, babestuta lo, lo-edo. Baina bat batean zerbaitek kolpatu du sasia. Txori gehienak izutu diren arren, izoztuta bezala geratu dira, isilik... [+]
Astearte honetan onartu dute otsoaren babes egoera murriztea, espeziearen kudeaketa malgutzea eta landa-eremuko interesak babestea argudiatuta. Zorrotz babestutako espezieen zerrendatik, babestutako espezieen zerrendara pasatzea erabaki du Europako Kontseiluaren Bernako... [+]
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak, EAJ, PSE eta PPren aldeko botoekin, azaroaren 22ko bilkuran erabaki du Eusko Jaurlaritzari eskatzea azter ditzala “euskal kulturan hain esanguratsuak diren” gurutzeak eta haien inguruko “ohiturak”... [+]
Datozen 100-150 egunak erdi lo negukatzen igaroko dituzte landare askok. Beren jakiak sortzeko nahitaezkoak dituzten hostoak askatu eta aurreko 200-250 egunetan metatutako erreserbei esker biziko dira.