argia.eus
INPRIMATU
Aiora, Kalifaren iloba
  • ANTXIÑE MENDIZABAL :: Printzesa guztiek dute bere ipuina

    Irudiak: Maite Gurrutxaga

    Elkar, 2014

Xabier Etxaniz Erle 2014ko uztailaren 09a

Euskal literaturaren panoraman batzuetan ustekabeak izan ohi dira. Ohiko kontakizunetatik, estiloetatik, narrazio kontuetatik bereizita sorturiko lanak. Eta horietako bat dugu Antxiñe Mendizabalen eta Maite Gurrutxagaren artean eskaintzen diguten Printzesa guztiek dute bere ipuina liburua. Irakurleak liburua esku artean hartzen duen unetik ikusi ahal izango du irudiak duen pisua kontakizunean, horrelako narrazioetan izan ohi dutena baino handiagoa; eta irakurtzen hasi bezain pronto, lehen atalaren aurretik zita bat aurkituko du: “Ezin daitekeenarekin amets egin beharra dago, litekeena irudikatu eta daitekeena eskuratu ahal izateko”, eta asmo horrek erakusten digu zein izango den protagonistaren helburua.

Eta liburuko protagonista nagusia, istorioa lehen pertsonan kontatzen digun Raisa dugu. “Raisa da nire izena, Mohamed kalifaren hiru alabetan zaharrena naiz. Alika eta Falak ia jarraian munduratu ziren. Handik gutxira geratu ginen umezurtz, Samiraren zaintzapean. Gure ama Kalifak bahitu zuen gazterik eta musulmanen erlijiora bihurtzera behartu zuen (…) Samirak erakutsi zigun amaren benetako izena: Munia.”

Ipuin tradizionaletan bezala Kalifak alabak mehatxuetatik gordetzearren beste gaztelu batera eraman ditu, Samira neskamearen zaintzapean. Aitarentzako mehatxua, baina, maitasunaren aurpegiarekin bidaia horren ondorioz azalduko da eta Raisak ihes egingo du Joanesekin iparraldera.

Liburuaren bigarren zatian, Raisaren alaba, Aiora, dugu protagonista, bidaia batean ontziko beste bidaiari batekin solasean dagoela, eta solas horien artean bere oroitzapenek hartzen dute protagonismoa. Eta horrela, errealitatea, bidaiarekin duen elkarrizketa, oroitzapenak… elementu guztien artean sare bat sortzen da Raisa eta Aioraren historiaren inguruan, maitasun eta abenturazko istorioak. Amaieran, Samiraren presentziak erabat ixten du kontakizuna.

Liburu harrigarria dela esan dut aurretik, eta argumentua bitxia bada ere, XV. mendeko istorioa bat, bahiketak, ihesaldiak, maitasun kontuak… are bitxiago egiten dute idazkerak eta ilustrazioak. Antxiñe Mendizabalek ohikoa ez den poetikotasuna erabili du narrazioan, esaldi eta paragrafo batzuk sendoak bilakatu arte. Horien ondoan Maite Gurrutxagaren irudi ugari eta goxoek arintasuna erantsi diote kontaketari. Gainera, oroitzapenek, kontaturiko narrazioek, istorioa osatzen laguntzeaz gain, arindu ere egiten dute kontakizuna; amaiera ezin ederrago eta aurrekoaren adibide garbia duen istorioa: “Haren begietan barneratu naiz, eta hondarrezko itsaso handi bat ikus dut, lautada amaigabe bat, zeru ertzeraino zabaltzen dena”.