argia.eus
INPRIMATU
Milioi zakuak

Itxaro Borda 2014ko uztailaren 02a

Jainkoak daki alta zango-baloia zenbat maite dudan. Herriko eskolako aterpean ari nintzen, pilotan besainkaz bezainbat, Uhane eta Kaskiletako mutil-neskekin oihalezko birla bat erramutzearen maldara bulkatzen. Garai heroikoak ziren. Diru premia larririk ez zen aipatzen. Ez genuen nehoiz futbol partidu bat telebistan ikusi. Telebistarik ez geneukan.

Karim! Begira, Karim!

Maracana kirol-zelai berrituan azaltzen dira jada fama ozeneko milioi zakuak sponsorren izenez perdukatu borobilaren atzetik ernatzen. Euskal Herrian bertan bakoitzak badu sostengatzen duen taldea: urdinak ala gorriak, mugaren zein aldetan kausitzen garen. Mende erdia lanean zinpurtuz ere irabaziko ez genukeen sosa hilabetean sakeleratzen duten jokolariek kontrastea sortzen dute alorretara jalgitzen diren oroz: inguruko miseria, pobrezia baino gehiago dena, uzten dute agerian min zakar eta isildua bailitzan.

Messi! Begira, Messi!

Brasileko taldea jarraitzen dut, Rioko favella likitsetan bizitzen diren anitzen antzera. Hargatik eskatu lezake Christine Angot idazle entzutetsuak: Zergatik Brasil?

Neymar! Begira, Neymar!