"Galiziak lozorro historikotik atera gabe jarraitzen du"

  • Egile gurean ezezagunen liburu txukunak euskarari ekartzeko ekinean, mendebaldera begira jarri da Pasazaite argitaletxea. Eta aurkeztu digun alerik berriena da Post-it bizitzak, Iolanda Zúñiga galiziarrarena (Vigo, 1975). Iñigo Roque Eguzkitzak itzuli ditu 46 narrazio laburrok, berdin dutenak gordinetik zein amorrutik.

"Galiziak lekurik ez duen utopia bat da lusofonia, gaiari buruzko sinposioak programatzearekin tematzen garen arren. Edo hori uste du mugatik hogeita hamar kilometrora bizi den Vigoko biztanle honek".Pelu Vidal

Mundu mailako merkatura saltoa akaso ez, baina zer esanahi du zuretzat euskarara itzulia izanak? Anekdota sinpatiko bat baino zerbait gehiago?

Xabier Queiruga Pasazaiteko editorearen proposamenak hunkitu egin ninduen, batez ere zentzu atabiko batean. Itzulpen hau “etxera” bueltatzeko modu sinboliko bat da, ezagutzen ez dudan baina amaren abizenean presente dagoen jatorri horretara. Liburua ireki eta ezin izango dut dezifratu; estrainioa izango da, baina aldi berean gertukoa. Toki egitea kideko kulturetan, diferente izanagatik hurbileko diren horietan, posible da editore konprometitu eta burugogorrei esker, beren asmoarekin aurrera egiten dutelako merkatu editorialaren azken tendentziengandik urrun. Beren lana, sarri ez sobera agerikoa, ikusgarria da.

Euskaraz orain Post-it bizitzak, baina aurretik gaztelaniaz atera da, katalanez. Bidea egiten ari da. Zer aspirazio izan dezake egun galegoz idatzitako liburu batek?

Galegoz idatzitako liburu hori banpiroen arteko sexuaz jardungo duen trilogia bateko lehen alea bada, aspirazio handiak izan ditzake. Bromak aparte, asko dira Bierzoko muga gainditzen duten liburuak, nahiz eta, beste aldean, hizkuntza inperialista batean idatzitako liburu batek baino traba gehiago aurkitzen duten: exotikoa izanagatik, beti erakargarria ez den autore galegoaren etiketarekin joango dira, eta leku egin beharko dute babes handiago duten izenburu maremagnum baten erdian. Baina hortxe daude Manuel Rivas edota Suso de Toro, orain arte esandakoa zapuztera datozenak. Motiboa? Testu handiak idatzi dituzte.

Narrazio laburrak, askotarikoak, baina guztiak elkartzen dituzten hari batzuez josiak. Belaunaldi baten erretratua agian? Idazlearen ikusmen-eremuak harrapatzen zuenarena?

Hori da: nire ikusmen-eremuak harrapatu zuenaren erretratu hertsia. Hamar urte bete ditu liburuak. 2004an, eta hilabete batzuez, nire latitude-luzera zehatzaren konstantzia utzi nuen bertan. Pertsonala, lokala, iraungikorra zena islatzea bilatzen nuen. Garai jakin baten alaba gisa, egokitu zaidan eldarnioa ulertzea nuen helburu. Testu atenporalekin luzaz iraun nahi izatea miresten dut, baina nire ekinean ez dago tamaina horretako anbiziorik (enbusteria honek izan dezake autokontsolamendutik, loria literarioa eskuratuko ez duen taldeko partaide naizen aldetik). Edozein kasutan, izan nintzen pertsona haren esentziak bere horretan dirau, lubaki diferentetan posizio hartzera behartzen zaituzten azaleko gorabeherek moldatu arren. Ezinezkoa niretzat belaunaldi erretratu bat saiatzea.

Narraziootako prosa da, garaia bezala, abiada handikoa, frenetikoa, ahots goran errezitatzekoa, auskalo slam konpetizio batean.

Nire sentitzeko modua beti izan da frenetikoa. Eta ezaugarri hori islatuta geratu zen istorio minimo hauetan. Jatorri eta helburu zehatzik gabeko istorioak, elkarren arteko loturarik gabekoak, leherketa baten ondoko hondakinak nola, nire traumak erregistratu ahal izateko sortutakoak. Eta eskerrik asko loreagatik, baina slama talentu eta trebetasunarekin askatzen den ekuazioa da. Ausardiak kutsatuak, gauza serioa iruditzen zaizkidan torneoak dira, eta ahozkotasunera bueltatzen gaituzte. Slam autoktono bat dugu hemen: “A regueifa”.

46 narrazio labur. Izan zitezkeen 46 nobela? 46 film labur? Puntatxoa baino ez dute erakusten.

Edozein huskeria pasa daiteke oharkabean, edo abia dezake zibilizazio baten azkena ekarriko duen borroka. Handikeriak alde batera utzita, nahikoa da lehen behatzaile batek hartzea eta gero erakustea. Post-it batean sartuko litzatekeena idaztera mugatu nintzen, baina oinarri gisa har daitezkeen abisu labur eta urgentziazko horien atzean, akaso eraiki litezke eraikinak. Gertakari ñimiño batek gorde dezakeelako sugetzar gotor bat.

Post-it horietatik salto egin zenuen Periferia nobelatzarrera. 500 orrialde.

Udako maitasun dira kontakizun laburrak: pazientzia gutxikoak, lotsa gabekoak, arinak (forman, ez funtsean); ez dizute ezer exijitzen, prest daude edozertarako. Batek ase zaituenean, aspertu edo blokeatu, beste batera egiten duzu salto. Aldiz, etengabeko atentzioa eskatzen duen maitale kontentagaitza da nobela. Hasieratik kartzela. Itxiera kontziente eta ekidin ezina, hain da obsesiboa. Bi urtez beste dimentsio batean bizitzea ekarri zidan Periferiak. Inoiz literaturan pasa zaidan eta pasako zaidan gauzarik onena izan da; testu ez sobera ulertua izateaz aparte, eszentriko izateagatik.

Ez generoan bakarrik, salto egin zenuen Brasil aldera ere. Edo, galiziar batentzat, nobela Brasilen kokatzea ez da hainbesteko saltoa? Zer harreman duzue lurralde lusofonoekin?

Hizkuntzari dagokionez, lurralde aliatu batean egotea bezalakoa da. Gainontzeko guztiari dagokionez, Brasilek ez gaitu ezagutzen, ez gara bere interesekoak, ez gaitu behar. Eta irudipena daukat Portugal beti tratatu izan dugula penintsulako morroi gisara, eta horrek eragotzi egiten du feed-back natural bat ezartzea. Galiziak lekurik ez duen utopia bat da lusofonia, gaiari buruzko sinposioak programatzearekin tematzen garen arren. Edo hori uste du mugatik hogeita hamar kilometrora bizi den Vigoko biztanle honek.

Garai batean euskaldunok begiratzen genuen Galizia aldera, eta, hara, itzuli izan genituen Castelao, Cunqueiro, Novoneyra. Orain tortikolia dugula ematen du, ekialderantz. Zerbait galtzen ari gara?

Gu Euskal Herritik galtzen ari garen gauza bera. Nola da posible deskonexio hau? Akaso geografia sasitsua DNAn geratu zaigu imandua; tartean dugu Kantabriar mendikatea, eta hori izan daiteke motiboa, 2.0 garai global honen erdian, auzokoei kasu ez egiteko. Galiziak, batetik, lozorro historikotik atera gabe jarraitzen du; eta, bestetik, lege orokorrari jarraitzen zaio: aldiriarekiko, masa kultura kontsumitzen du; etxekoarekiko, jai gastronomikoekin eta pelegrinazio turismoarekin dago itsutua. Tortikolia ez dugu ezagutu ere egiten.

Orain bakarrik iristen zaigu Manuel Rivas, gutxixeago Suso de Toro, apenas Miguel Anxo Murado. Eta dena Madrilen eskala egin ondotik.

Eta hona iristen dira Bernardo Atxaga, Unai Elorriaga, Kirmen Uribe. Eta Ocho apellidos vascos. Mesetatik dena hain bahetua iristeak Estatu honen benetako maila ematen digu. Zer kontsumitu behar dugun Mercamadridek esaten digun arren, beste jatorri batzuetako produktuak eskatzearen ardura gurea da. Subjektu aktibo bilakatu behar dugu, haiek ez baitira zentroa, ez eta gainontzeko guztiak periferia ere.

Galegoz idatzitako literaturaren diagnosia egin beharko bazenu, nondik hasiko zinateke? Zeintzuk dira aje nagusiak?

Emakume ejertzito bat nabarmentzen da poesian. Gizonak gailentzen dira narratiban, zeina, neurri handi batean, kazetaritzatik ontzen ari den. Banderadunak gara haur eta gazte literaturan. Are Sari Nazionalak ditugu dramaturgia, komiki, saiakeran. Talentuari eginiko laudorio horren ostean dator desenkantua: gure sistema literarioa mantentzeko irakurlerik ez dugu. Bi faktoreren erruz: bat, ikus-entzunezko edukiak nagusitzen diren garai batean bizi gara, digestio errazagokoak direnak; eta bi, guraso eta irakasleen interes gabezia nabarmena da. Ezagutu ditut liburu baten kontrazala irakurtzen duten irakasleak, gero ikasleei liburu guztiaren irakurketa ebaluatzeko. Eta hezkuntzan eraikitzen da gizartea.

Literaturatik kanpo ere sortzen dira proiektu interesgarriak, Praza Pública, Luzes, Galiza Ano Cero.

Proiektu tatxarik gabeak, edukiari nahiz aurkezpenari dagokionez, zeinetan dauden herri honetako burmuinik argienetako batzuk. Profesional apartak, herria hobetzeko kulturarekin lan egin beharrean Europako Banku Zentrala nola hustu pentsatzen egongo balira, lortuko luketenak. Arazoa da pertsona zintzoak diruditela.

Xerais sariketa irabazi zenuen Periferiarekin. Elkarrizketa batean aipatu zenuen denbora zela sariketarekin irabazten zenuen lehen gauza. Idazteko denbora. Ari zara?

Hori izan nuen lehen helburua. Eta azkenaurrekoa, espero dut. Diruaren zati bat gastatu nuen bidaiatzen. Gero, itzuli nintzen istorio fresko batekin PCaren pantailara, baina abandonatu nuen. Gertatzen da bizitza ez dela egitea pentsatzen duzun hori, ateratzen dena baizik. Eta gainditu beharreko beste bataila batzuk atera ziren, idatzi beharrekoaren paraleloan. Gaur egunean, nire lana da irautea ekonomikoki, eta, memoria daukadanetik, emozionalki. Bost urtean behin idazten dut, kanpokoagandik deskonektatzea lortzen dudanean, istorio batean obsesionatzeraino.

Ez dakit haurrentzako ordutegian gauden, baina ekarri nahi dizut O Divino Ferrete, galegoz filmatutako lehen pelikula pornoa izan behar zena.

Beste burmuin pribilegiatu baten ideia izan zen: Alejandro Tobar, Hugin e Munin argitaletxeko editorearena. Hizkuntza eremu guztietan normalizatzea zen asmoa, eta horretarako pentsatu zuen egokia izango zela birjina zen sailetara eramatea, adibidez pornografiara. Curros Enriquezen El Divino Sainete urratu zuen, eta jende asko konbentzitu gintuen ontziratzeko. Tamalez, ez zidaten aktore pornoaren papera eman, eta esaldi batzuk idaztera mugatu nintzen. Proiektuaren lodiena porturatu ez bazen ere, garagardo batzuk hartu genituen, eta barre batzuk egin elkarrekin. Zer da literatura, ordea, kideko jendea ezagutu eta elkarrekin gin-tonic batzuk hartzea ez bada?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Literatura
Eklipsea

Dragoiak eguzkia IRENTSI zuenekoa
Aksinja Kermauner
Alberdania, 2024

-------------------------------------------------------

Hamarnaka liburu idatzi ditu Aksinja Kermauner idazle esloveniarrak. Euskaraz plazaratutako lehenengoa dugu hau, Patxi Zubizarretak itzulia eta... [+]


Debako liburutegiak “espazio mugatua” duela dio udalak, umeei ordu gehienetan bertan egotea debekatzeko

6 urtez azpiko haurrek egunean ordubetez baino ezin dute egon Debako liburutegian. Udal gobernuak argudiatu du "liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua" dela, baina ez du argitu espazio mugatu horregatik ezartzen dituzten ordu murrizketak zergatik aplikatzen... [+]


2025-02-10 | Behe Banda
Barra warroak
Gaia atera

Batzuetan ez dakit gehiegi ez ote den. Pipa janean gaudela, beste edozer gauzaz hitz egiten gaudela, gaia ateratzea. Ozen hitz egitea gustatzen zaigu guri, ia isilunerik ez uztea, ahotsak teilakatzea, zeinek handiagoa botatzea. Hitz egitea bakoitzak bereaz, bakoitzak... [+]


Ama(ma)ren artilezko jertsea

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Erein, 2024

----------------------------------------------------

Izenburuak eta azaleko irudiak (Puntobobo, artile-mataza eta trapuzko panpina) osasun mentala, puntua egitea eta haurtzaroa iradokiko dizkigute, baina adabaki gehiago... [+]


Haurrek Debako liburutegian jasaten duten bazterketaren aurrean esku hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari

Liburutegi publikoak kudeatzearen ardura duen EAEko Liburutegi Zerbitzura gutun bidalketa masiboa egin dute Debako hainbat herritarrek, herriko liburutegiko araudi diskriminatzailearen aurrean esku har dezala eskatzeko. 6 urtetik beherakoek egunean ordubetez baino ezin dute... [+]


2025-01-30 | Iker Barandiaran
Gure iragan eta oinarria testuinguruan

Fiesta y rebeldía. Historia oral del Rock Radical Vasco
Javier 'Jerry' Corral
Liburuak, 2025

------------------------------------------------

Javier Corral ‘Jerry’ EHUko Kazetaritzako lehen promozioko ikaslea izan zen, Euskal Herriko rock... [+]


Itsasoak ere baditu mila aurpegi

Itsasoa bete urre
Dani Martirena
Irudiak: Ana Ibañez
Txalaparta, 2022

--------------------------------------------

Liburu honetara barneratzen den irakurleak sentsazio ugari izango ditu. Deigarria da azaleko letren urre kolorea eta zuritasuna, goialdean ageri den... [+]


Sarah Babiker. Gurpiletik atera
“Abiadura honetan ezin diegu eutsi berez funtsezkoak diren gauza batzuei”

Hirietako egunerokoa interesatzen zaio Sarah Babiker kazetariari; ez, ordea, postaletako irudia, baizik eta auzoetan, parkeetan, eskoletan, garatzen den bizitza; bertan dabilen jendea. Lurralde horretan kokatzen dira bere artikuluak, baita iaz argitaratu zituen bi lanak ere... [+]


Nola sortu kriminal bat (eta zergatik Aroztegiko auzipetuak ez diren kriminalak)

Euskal nobela beltzaren astea ospatu da Baztanen hilaren 20tik 26ra. Hainbat liburu aurkezpen, solasaldi eta bestelako ekitaldiren artean, zapatu goizeko mahai-inguruak sortu du aparteko ikusmina. Izan ere, nobela beltzaren aitzakian, bestela ere kriminal bat nola eraikitzen den... [+]


Mutu

Migranteak
Issa watanabe
1545 argitaletxea, 2024

-------------------------------------------

Ezagutzen ez nuen 1545 argitaletxeak 2024an itzuli eta kaleratu du Issa Watanaberen Migranteak liburua. Animalia talde batek egiten duen migrazio prozesua kontatzen du; eta... [+]


Lanartearen gomendioak erakunde publikoei, beka eta sari sistema duina eta etikoa helburu

Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.


Miren Amuriza Plaza
“Kanpokoak hain argi identifikatzen eta salatzen genituen bitartean, barkaberak izan gara etxekoekin”

DBH4 errepikatu zuen urtea gogoratzen du Jonek Pleibak (Susa, 2024) eleberrian. Adinkideak Durangoko institutura aldatu ziren, eta Polly auzokidearen ikasgelan geratu zen bera. Haurtzaroa Joneren baserria eta Pollyren txaleta lotzen zituen errepidean gora eta behera emana zuten... [+]


Ez ezazula memoria gal, zure auzoa ere Gamonal

Burgosko Gamonalen 2014ko urtarrilean gertaturikoa M15 mugimenduak eta antzekoek hauspotutako protesta soil batzuk izan zirela uste duena, oso erratuta dabil. Auzoaren memorian arakatzea besterik ez dago konturatzeko zer nolako eragina izan zuten iraganeko galera sentimenduak,... [+]


Umeek debekatuta dute Debako liburutegian egotea, denboraren zati handienean

6 urtetik beherakoek 16:30-17:30 artean baino ezin dute liburutegian egon Deban, eta 2 urtetik beherakoek zuzenean debekaturik dute. Bestelako neurri baztertzaileak ere jasaten dituzte. Ageriko diskriminazioak haurrak literaturatik aldendu baino ez ditu egiten, eta borroka luzea... [+]


Eguneraketa berriak daude