Durangoko azokak arazo ekonomiko larriak zituela adierazi zuten Gerediaga elkartekoek Eusko Legebiltzarrean, ekainaren hasieran. Diru-laguntza handitzeko erabakia urrira atzeratzeak kinkan jarri zuen azokaren egungo eredua. Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuorde Joxean Muñozek bilerara deitu zuen ondoren, eta eskatu den guztia onartu ez duen arren, konponbiderako aurrerapausoa eman da. Mende erdia beteko duen honetan, eztabaida sortu du azokak: nori dagokio azokaren iraupena bermatzeko ardura?
Gerediaga elkartearen eskaera EH Bildukoen eskutik heldu zen Eusko Legebiltzarrera, ekainaren 13an. Ez legezko proposamen gisa, 70.000 euro gehiago tramitatzea zen helburua, lehendik azokari ematen zaion 80.000koaz gainera. PSE, PP eta EAJ alderdiak aurka zituela, proposamenak ez zuen aurrera egin, politikarien erabakia urrira arte atzeratu zen, eta azokako sustatzaileen artean argi gorri guztiak piztu ziren. Zer-nolako azoka antolatu, hilabete eta erdi lehenago arte jakingo ez bada zein diru jasoko den?
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritzako kultura sailburuorde Joxean Muñozek bilerara deitu zituen, ekainaren 24an. Luze jo zuen bilerak, eta besteak beste, 80.000 euroko diru-laguntza 120.000ra handituko zuela hitz eman zien Muñozek. Gainera, datozen urteetan kopuru hori handitzeko konpromisoa hartu zuen.
Eusko Legebiltzarrean gertatutakoak batik bat azokaren egungo eredua –salmenta postuez gain, Saguganbara, Irudienea, K@bia, eta Ahotsenea hartzen ditu azokak beren baitan– jarri zuen ezbaian.
Gerediaga elkarteak Eusko Jaurlaritzatik ez ezik, enpresa pribatuetatik eta gainerako erakunde publikoetatik ere jasotzen du laguntza. Hain zuzen, 120.000 euroko kopuruaz, Bizkaiko Diputazioak ematen duena berdinduko du Eusko Jaurlaritzak. Gipuzkoako Diputazioak, berriz, 30.000 euro helarazten dizkio azokari, eta bertako komunikazio arduradun Argi Dorronsorok adierazi digunez, “gure konpromisoa diru-laguntza hori hurrengo urteetan mantentzea izango da”. Bestalde, litekeena da datozen egunetan Martin Garitanok ere Gerediaga elkartea bilerara deitzea. Arabako Diputazioak 1.500 euro besterik ez du ematen eta Nafarroako Gobernutik batere sosik ez da heltzen.
Joxean Muñozek azokaren izaera nazionala nabarmendu du, eta erakunde publiko guztien laguntza behar duela adierazi. “Bat gatoz kultura sailburuordearekin baina hori erakunde publiko guztien artean orekatu eta adostu beharra dago”, dio EH Bilduko legebiltzarkide Estitxu Breñasek. “Euskal Herri osotik etorritako jendea biltzen da Durangon, izaera nazioala du, jakina, eta erakunde guztien arteko kofinantzaketa iruditzen zait logikoena. Baina hori azokaren aspaldiko eskaera da”, dio Gotzon Barandiaranek, orain arte Ahotseneako kudeatzaile izan denak.
Badirudi, finantzaketa egonkorra eta erakunde publiko guztien arteko hitzarmena dela azoka kinka ekonomiko larritik ateratzeko modua, eta iraupena bermatuko liokeena.
Batzuen borondate politikoa agerian geratu da, eta horren ondorioz, EAJk deseroso ikusi du bere burua. Gerediaga elkartearen ustez, Durangoko Azokak ez du euskal erakundeetatik behar beste laguntza jasotzen, eta hauen arteko hitzarmena beharrezkotzat jo du, urtez urte adostu behar izaten baitituzte erakunde publikoen diru-laguntzak, eta horrek izugarrizko ezinegona eragiten du elkartean.
Dirudienez, azokak egungo ereduari eutsiko dio. Gotzon Baradiaranen aburuz, “erakunde publikoek derrigorrez lagundu behar dute azoka. Azpiegitura hobetu beharrean, baldintza okerragoetan ari gara eta”.
Eztabaidaren erdian, azokaren eredua bera izan du mintzagai Muñoz sailburuordeak. Bere ustez, azokaren ereduaren gainean gogoeta egin beharra dago. EH Bilduko Estitxu Breñas, aldiz, ez dago ados: “Sortzaileen guneen ereduarekin bat egiten dugu guk, azoka bera suspertu, aberastu eta herritar gehiago erakarri baititu. Ez dugu bere bideragarritasuna zalantzan jartzen, borondate eta erabaki politikoen kontua dela iruditzen zaigu. Azokaren finantzaketa ereduaren gainean egin behar da gogoeta, eta honen inguruan, EH Bilduk azokarako hitzarmena aldarrikatzen du, hots, finantzaketa egonkorra, Gerediagako eragileek eskatu bezala”.
Gotzon Barandiaranen ustez, “azokak dagoeneko badu eredua. Esan dezatela haiek zein eredu beharko lukeen, haien ustez. Eta, denon artean hitz egin behar badugu, hitz egin dezagun, baina azokaren ereduaz ez ezik, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen dituen gainerako ereduez ere. Esan dezagun, adibidez, zergatik bideratzen diren 3,8 milioi euro Guggenheim museora urtero”.
Datua hor dago: Guggeheim museoak hartzen duen diruarekin 60 azoka egin daitezke. Barandiaranen ustez, “euskarazko kulturari apurrak baino ez zaizkio bideratzen”.
Aurten, 50 urte beteko ditu azokak, eta kili-kolo ageri da. Diru publikoekiko dependetziak ez dio onurarik ekarri azokari. “Kultura diru publikoari lotuta ikusten dugu askotan, baina hemen edozein enpresak jasotzen du diru publikoa, baita kulturarekin zerikusirik ez dutenek ere. Kulturak gizarteari ekartzen diona heziketa da, eta elkarbizitza, sormena, zoriontsuago izateko bidea... Balore asko ditu kulturak, baina ez zaigu hala denik iruditzen. Kultura beti da zigortuena, murrizketarik handienak arlo horri egiten zaizkio. Ekarpena egiten duten kultur egitasmoak ganoraz lagundu behar dira”, azaldu du Breñasek.
Nola baloratuko zenuke Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordearekin izandako bilera?
Lan bilera berezia izan zen, gauzak bere lekuan jartzeko, eta batez ere, konponbideak bilatzeko balio izan zuena. Finantzaketari lotutako bilera izan zen; nork, zenbat, noiz galderei erantzuteko ahalegina. Alde horretatik, aurrepauso garrantzitsua eman zuen Jaurlaritzak, azokak 120.000 euro jasoko zuela hitz eman baitzitzaigun.
Nahikoa izango da azokaren egungo ereduari eusteko?
Azoka ez da erakunde bakar baten diru-laguntzaz egiten. Une honetan badakigu Bizkaiko Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak ehun eta hogeina mila euro emango dituztela. Momentuz, horiek izango dira azokaren laguntzaile nagusiak, baina bi erakunde horien ekarpena baino gehiago behar da azoka aurrera eramateko. Babesle pribatuak ere badira, eta horrez gain, standen alokairuak ematen duena, baina hori ez dugu jakingo iraila bukatu arte. Une honetan, beste erakunde batzuekin ari gara lanean, Gipuzkoako Diputazioarekin eta Arabako Diputazioarekin, esaterako. Durangoko udalarekin uztailaren 3an bilduko gara. Bermatuko den egungo eredua? Etxean bezala, kontu guztiak egin ondoren helduko da gure balorazio orokorra.
Eusko Jaurlaritzarekin egindako bilera aurrerapausoa izan da, eskatzen genuen diru kopuru osoa heldu ez bada ere. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna garaiz heldu da, eta hori oso garrantzitsua da plangintzarako, ezin baita inprobisatzen aritu. Erakunde publikoek datozen urteetan azoka aurrekontuetan sartzeaz ere jardun genuen.
Erakunde publikoen finantzaketa egonkorra aspaldiko eskaera duzue.
Urtarriletik gabiltza erakundeak bisitatzen. Ordu asko eman ditugu guztiok honetan, puntatik punta ibili gara. Urtero horrela ibiltzea ezin du elkarte batek jasan.
Azoka bikaina antolatzearen ardura gure gain hartu eta denboraz aritzen gara, eta edozeini azalpenak emateko arazorik gabe. Egonkortasun ekonomikoak izugarri lagunduko luke azoka. Enpresa pribatuek euren kontuak egin behar dituzte, zenbateko ekarpena egingo duten esan aurretik, baina erakunde publikoek minimo batzuk bete behar dituztela uste dut. Kopuruak ziurtatu behar dizkigute urtero.
Zein balorazio egingo zenuke Gerediagarekin izandako bileraz?
Azken egunotako ezinegonak garbi adierazi ditugu eta horrek beti laguntzen du ulermenean. Orain arte, Gerediagarekin izan dugun harremana ona izan da eta konfiantza hori berreskuratu da berriz ere. Gainera, bilerako gaietako bat, gure arteko harremana indartzea, sendotzea eta hurbiltzea izan da. Giro onean aritu gara.
Eskatutako guztia jasoko dute?
Aurrekoan esandakoa adierazi diet. Hau da, erakundeok, kasu honetan Eusko Jaurlaritzak, konpromiso serioa hartu behar dugula azokarekin, besteak beste egonkortasuna bermatzeko. Baina ez dugu uste erantzukizun hori geurea denik osoki. Aurtengo azokarako, Bizkaiko Diputazioaren ekarpena berdindu dugu [122.000 euro], eta hala, bi erakundeok izango gara azokaren babesle nagusiak. Horixe, aurtengo konpromisoa.
2015eko urtarriletik aurrera, hausnartu beharra dago, egonkortasuna nola eman azokari, eta etorkizuna nola bermatu. Bestetik, erantzukizuna erakundeen artean banatu beharko da. Ahalegin handia egiten ari gara, baina gainerako erakundeek ere saiatu beharko luketela uste dut, bakoitza dagokion neurrian.
Erakunde publiko guztien arteko ahalegin hori adostu eta orekatu beharra dago?
Prozesua Gerediagak gidatu beharko lukeela iruditzen zait, horrela egin du 50 urtez.
Erakunde publiko guztien adostasuna eta elkarlana bultzatzea ez ote da lan konplexua kultur elkarte batek bere gain hartzeko?
Dudarik gabe, eta horregatik, alderdi politikoek eta erakundeek horren alde lan egin beharko dute. Erabaki batzuk premiazkoak dira baina horrek ez du esan nahi hausnartu behar ez denik. Premiazkoak dira aurtengo edizioari dagozkionak, eta horiek elkarteak berak bideratu behar ditu. Bestalde, 2015etik aurrera hausnarketa sakona egin behar dugu, erakundeen ekarpenak egonkortu egin behar direlako. Eta, nahi badute, guk badugu foro bat, Kultura Auzolanean. Aldiz, aurtengoak konpontzeko, Gerediagak egin beharko du gidaritza lana. Zaila izango zaiela? Nire ustez, erakundeokin ez dabiltza borrokan. Bileran gauza asko bideratu ditugula esango nuke, eta gainerako erakundeekin ere berdintsu izan liteke.
Nola liteke Legebiltzarrean hartutako erabaki politiko batek euskal kulturaren erreferente nagusia kolokan jartzea?
Ez nago batere ados. Geredigarekin hizketan ari ginen aurretik ere. Guk deituta, bilera egin genuen otsailean, eta zulo ekonomikoa bazela esan zitzaigun orduan. Eragozpenak eta kezkak zeintzuk ziren ere azaldu zitzaigun. Eusko Legebiltzarrean gertatutakoak ez du askorik lagundu, baina ez dut uste, halaber, han agertzeak kolokan jarri duenik ezer. Proiektua haiek ikusten duten moduan planteatu zuten, eta sintonia berean jartzea eskatu zuten, irtenbidea bilatzeko. Gurekin behintzat lortu dute sintonia, eta Bizkaiko Diputazioaren ekarpena berdinduta, nolabait sendotu dugu erakundeon parte-hartze handi bat.
Lanean jarraitu beharra dago, eta sektore guztiek azoka nola ikusten duten argitu. Baina ez dut uste kolokan egon denik. Dena den, oso proiektu gutxi ari dira gorantz, ekonomikoki hazten.
Azken finean, zein zen planteamendua? 2014an egin daiteke azoka egungo ereduari jarraiki? Guregatik bai. Horixe izan da bileraren ondorio nagusia.
Abenduaren 5etik 8ra egingo da. 59. edizioko kartela eta leloa aurkeztu dituzte asteazken goizez Landakon egin duten prentsaurrekoan: Hartzea ematea DA! izango da leloa. Kultura hauspotu beharra azpimarratu dute antolatzaileek.
63 urteko iurretarra Gerediaga Elkarteko kudeatzailea izan zen 1982tik 2018ra. “Bere kezkei eta borrokari esker”, Durangaldeko historia ikertu eta zabaltzeko “erreferentzia nagusietako bat” izan dela nabarmendu dute elkartetik.
Amillubi proiektua martxan jartzen ari da laborantza ekologikoaren aldeko Biolur elkartea, 27 eragileren laguntzarekin. Urola ibaiaren meandroan kokatuta dauden 90.000 metro koadro lur eta baserria modu kolektiboan erostea da helburua, laborari agroekologikoei baldintza onetan... [+]
Artikulu honetan ARGIAren standeko produktuak gerturatuko dizkizugu. Telematikoki, jakina. Fisikoki aurkitu nahi bagaituzu, Landako guneko informazio gunearen ondoan aurkituko gaituzu. Jantzi eta arropen bila baldin bazoaz, jo Andra Mari elizpean egongo den Inor ez da ilegala... [+]