Festa parte-hartzaileak, parekideak, jasangarriak eta euskaltzaleak bultzatzen dituzte jai herrikoien aldeko mugimendu indartsuenek. Eurengana gerturatu gara, eskuartean dituzten erronkak konta diezazkiguten. Jai eredu honen aldeko olatua geldiezina da Euskal Herrian, eta zein auzo eta herri bustitzen dituen ere jakin nahi izan dugu.
Jaia errituari lotuta ageri da gizakiaren historian, eta talde-poza adieraztea dago muinean. Hala azaldu digu Markel Ormazabal soziologoak. “Kolektiboki adierazitako pozek askoz indartsuago kohesionatzen dute taldea, edozein ideia, sinbolo edo diskurtsok baino. Egun, ordea, antolatuta adierazten dugun poz hori poz pertsonalaren batuketa soil gisa irudikatzen da sarri, muturreko indibidualismoaren isla. Ez alferrik, gizarte gatazkak jaietan ere errepikatzen dira, jaiak gizartearen zati erauztezin diren heinean. Areago, jaietan agerian geratzen dira gizartean oraindik ere oso sustraituta dauden joera eta mugak”.
Hala, jaia kontzeptu erabat politikoa dela dio Ormazabalek, komunitateak zerbait lortzeko baliabidea baita politika oinarrian, eta “festek gizartea, komunitatea indartu dezakete. Gizarte zibilaren antolakuntza da bizitza kolektiboaren eraikuntzarako eta eraldaketa sozialerako bidea, eta jaiak aproposak dira horretarako, malgutasun, auto-antolakuntza eta transgresiorako ematen duten aukeragatik”.
Zentzu horretan, kontsumo, hedonismo eta ludikotasun hutsera mugatzen diren jaietatik harago, beharrezkoak dira balio askatzaileak sustatuko dituzten festa herrikoiak. Ormazabalen hitzetan, “herrigintzaren logika, gaur inoiz baino gehiago, kontrajarrita dago dugun gizarte ereduan nagusi den logikarekin. Horrexegatik, auzo eta herriak bizirik mantentzeaz gain, indarrean dauden joera eta balioak eraldatzeko baliatu behar dira herri mugimendutik jaiotako ekimenak: ikuspegi kritikotik landutako jarduera kolektiboak izan daitezen, sortzaileak, antikapitalistak, ez-patriarkalak, autokritikoak, ekologistak, bestelako kontsumo ereduen aldekoak, kultur anitzak”. Norabide horretan fin dabiltza ondorengo kolektiboak.
Duela 12 bat urte desagertu ziren txosnak Iruñean, “Barcina alkate sartu eta berehala”, dio Xabier Garcia Gora Iruñea plataformako kideak. UPNk etengabe jarritako oztopoei aurre egiteko batu eta 2006an sortu zen Gora Iruñea. Auzoetako jai batzordeek osatua, urtean zehar hainbat jai kudeatzen dituzte eta horiek aurrera eramateko talde iraunkor bat dago, baita Sanferminak eta Iruñeko Eguna antolatzera bideraturiko lantaldea ere. Aurtengo Sanferminetarako jaigunea prest du plataformak.
Jai herrikoien balioak bere eginda, bereziki parekidetasuna ari dira orain lantzen. “Zoritxarrez, gainera, eraso sexista batzuk izan ditugu berriki Txantrea eta Iturrama auzoetako jaietan”, gogoratu du Garciak. Batetik, jai parekideak izateak zer esan nahi duen definitu eta irizpideak finkatu dituzte, bai festen egitarauan bai barne-antolakuntzan –jaiak prestatzen dabiltzan gizon eta emakume kopuruan– parekidetasuna zainduz. Bestetik, eraso sexisten gaiari heldu diote. Prebentzioa eta kontzientziazioa sustatu dute, “euskarri ezberdinen bidez ligoteo sanoa zer den eta zer erasoa adieraziz”, eta autodefentsa feminista tailerrak antolatu dituzte, eraso sexisten aurrean nola jokatu azaltzeko. Protokoloa ere prest dute dagoeneko, hogei bat orriko txostenean jasoa, erasoen aurrean jendarteak zein neurri har ditzakeen eta plataformak hori salatzeko eta horri aurre egiteko zein urrats emango dituen zehazte aldera. Banatzen eta zabaltzen ari diren protokoloa auzoetara ere hedatzea da asmoa. “Iazko Sanferminetan txupinazo unean ateratako eta mundura zabaldutako irudiak lotsagarriak iruditu zaizkigu eta instituzioek ez dituzte salatu ere egin”, kritikatu du Garciak.
Sanferminak denen artean antolatu ahal izatea da plataformaren desioa, eta horretarako Udalak mahai bat antolatzea, Udalak berak eta herritarrek parte hartuko duten mahaia. “90eko hamarkadan hala zen, zinegotziak, peñak eta herri mugimenduetako eragileak biltzen ziren egitaraua erabakitzeko. Egun, aldiz, Udalak lehiaketara ateratzen ditu plaza publiko gehienak, enpresa pribatuek beren gain har dezaten jaietako egitaraua. Hori ez da bidea”.
19. edizioa egin du aurten Euskal Herria Zuzenean festibalak, Lekornen. Barnealdea dinamizatzeko eta jendea musikaren inguruan batzeko xedez jaio zen, hainbat baloreren bueltan: antikapitalista, ezkertiarra, feminista… “eta batez ere, oso ezberdin egiten gaituena: logorik gabeko festibala izatea, inongo jantzi edo edari markak babestu gabe. Enpresa edo marka pribatu batek jaialdia finantzatzen duenean, publizitatea du helburu, eta interesa galtzen duenean, finantzaketa mozten du. Gure proiektua berriz, herritarrek egiten dute, eta herritarrek festibala hartzen eta beren beharrei erantzuteko erabiltzen duten heinean, gure biziraupena ez da interes pribatuen menpe egongo, interes kolektiboen zerbitzura baizik”, zehaztu du Eneko Etxegarai elkarteko lehendakariak.
Duela hiruzpalau urtetik, beste balore bat indartzeko ere ahalegin handia egin du EHZk: jasangarritasuna. Hogeitik gora komun idor eraiki dituzte adibidez, eta birziklapena eta hondakinen gestioa primeran dute antolatua. “12.000 lagun biltzen dituen jaialdiaren ostean, lurrak eta ingurua aurretik zeuden moduan uztea, eragin ahalik eta txikiena izatea, hori dugu helburu”. Lortzeko egindakoa txosten batean ari dira batzen, “gure esperientzia elikagarri izan dadin beste herri mugimendu eta ekimenetarako”. Halaber, bertako ekoizleen janaria banatzen dute jaialdian, kalitate onekoa eta herritar guztien diru-poltsei egokitua. “Bertako ekoizleen produktuekin hainbeste laguni jaten ematea izugarrizko zeregina da eta hasieran zaila izan zen saretze lana, baina lortu dugu eta oso positiboa da, inguruko ekonomia biziarazteko aukera paregabea”. Horrez gain, aurten, jai herrikoien aldeko beste hainbat kolektiborekin elkarlanean, bi txosna mugikor eraiki dituzte, Euskal Herriko ekitaldi batetik bestera eraman daitezkeenak. Festibaleko zurgin batek egin ditu planoak, eta auzolanean burutu dute dena.
Administrazio kontseiluak, lantalde sateliteek, komisioek, laguntzaileek… eta guztiak batzen dituen biltzar nagusiak ateratzen dute aurrera EHZ. Bestelako ekimenak ere antolatzen dituzte urtean zehar: “Balore batzuen inguruan, jendeak proposatzen dituen ekimenak aurrera ateratzeko bitartekoak jartzen ditugu. Azken finean, hiru egunetan irudikatzen, bizitzen eta praktikan jartzen duguna da biharko nahi dugun Euskal Herri eta gizarte eredua”, dio Etxegaraik.
1978an abiaturiko espirituari eusten diote Bilboko konpartsek, herritarrek antolatutako eta herritarrek parte hartzeko jaiak oinarri. Festa hauen bueltan ari diren lagunen aniztasuna eta aniztasun horren baitako elkarbizitza da konpartsen indargune handienetakoa, Itziar Villafañez bozeramaileak dioskunez. Konpartsa bakoitzak bere antolakuntza modua du eta arlo oso ezberdinetako aldarrikapen, kezka eta mezuak zabaltzen dituzte pankarta eta ekitaldietan (euskalzaletasuna, feminismoa, ingurumena…).
“Herri mugimendu indartsua gara Bilbon, proposamen interesgarri asko iristen zaizkigu eta beti dauzkagu fronte ugari zabalik. Dela edalontzi erabilgarrien gaian, bazterketa soziala edo menpekotasunen bat jasaten dutenen laguntzan (Etorkintza Fundazioak proposatuta), edo erasoei aurre egiteko neurrietan. Eraso sexistak nahiz xenofoboak edo arrazistak, jaiak guztientzat direlako. Denon integrazioa modu positiboan nola gauzatu garatzen hasi gara; etorkin elkarte bat ere etorri zaigu konpartsa bat sortzeko asmoz eta horrek erraztuko du, ziurrenik, ildo horri serioago heltzea”, kontatu du Villafañezek.
Ekhi Bizkaiko txanpona erabiltzea izango da aurtengo apustua, bertako ekonomiaren alde. “Ekonomia soziala bultzatzen duten erakundeekin eta bertoko ekoizleekin harremana sendotzen ari gara. San Joan jaian banatzen dugun txokolatada egiteko, esaterako, bidezko merkataritzatik lortutako txokolatea eta Esnetik Kooperatibaren esnea erabili ditugu”. Esnekiak ekoizteko eta kontsumitzeko irabazi asmorik gabeko kooperatiba mistoa da Esnetik, Aiaraldeko eta Durangaldeko baserritarren esku.
2003an Donostia abordatzea erabaki zutenetik, hiriko jai eredua biratu dute Piratek. Aurretik aipatu ditugun baloreak bere egiten dituzte, besteak beste Zero Zabor filosofia, autogestioa, parekidetasuna, euskalduntasuna… eta espiritu kritikoa (Irrikitaldia herri-parodian ikus daitekeenez). Aitor Alberdi Piraten koordinatzailearen arabera, auzolana da duten altxorrik handiena: “Gure jaiak auzolan erraldoi baten isla dira. Bakoitzak ahal duen neurrian laguntzen du, boluntarioki, Aste Nagusia aurrera ateratzeko, eta jaietatik harago doan tresna da gainera. Adibidez, Martutenen uholdeak izan genituenean, beste herri mugimenduetako kideekin batera auzoa garbitzera joan ginen, auzolanean”.
Egun, parte-hartzea eta aniztasuna sendotuko dituen antolaketa ereduan dute jarrita arreta. Hala, hemendik aurrera Kofradiak izango dira Donostiako Piraten baitan herritarrak antolatzeko eta egitaraua osatzeko subjektua: auzoz auzo eta taldez talde, jendea kofradietan biltzera deitu dute (dagoeneko zortzi kofradia osatu dira), mugimendua ahalik eta gehien hedatzeko eta ahalik eta donostiar gehienek izan dezaten erabakitzeko eta eragiteko aukera. “Aste Nagusi Pirata ezberdinen arteko elkarlanaz osatutako jai gisa ulertzen dugu, egitarau ugariz osatutako egitarau handi bat. Kofradiei esker gerturatzen ari den jende eta aniztasun honek guztiak mugimendua elikatzen du, eta baloreei eta jai ereduari buruzko eztabaida denon artean garatzen joateko baliagarria zaigu”, azaldu du Alberdik.
50eko hamarkadan sortu eta urteetara emakumeen parte-hartzea gehitu ostean, Gasteizko Ama Zuriaren jaietako arima dira Blusak eta Neskak. Iaz, 24 koadrilen artean Udalak egitarauan txertaturiko 30 ekitaldi baino gehiago antolatu zituzten. Kritika politikoa, kulturala, soziala… ez da falta pankartetan, eta koadrilek aniztasuna dute ezaugarri; bakoitzak bere independentzia mantentzen du.
Sozialki egiten duten ekarpena nabarmendu nahi izan du Luis Izaga batzordeko presidenteak: “Proiektu ugari laguntzen ditugu, minbizia duten umeez arduratzen den Aspanafoha, etorkinei babesa eskaintzen dien elkarte gasteiztar bat, aterpetxerik ez dutenekin dihardutenak… Ekitaldiren bat prestatzen dugu esaterako, eltzeitsua jarri eta bildutako dirua haientzat. Pintxo solidarioa ere egiten dugu”.
Gasteizko festetan, azkenik, ezin ahaztu 30 urte pasatxo herri mugimenduen ordezkaritza biltzen daramaten Gasteizko Txosnak. Jai giroan, esparru ugari ukitzen dituzte: ikasle mugimendua, komunikazio alternatiboa, internazionalismoa, borroka feminista, euskararen defentsa, errepresioaren kontrako jarduna… Guztira 13 kolektibo eta 12 txosna dira.
Euskal Herrian festa herrikoien alde lanean ari diren elkarte hauek guztiak ez dabiltza bakarrik. Esperientziak partekatu eta elkarlana sustatzeko, hiriburuetako jai batzordeen bilgunea sortu zen duela bost urte. Lan tinko eta emankorra egiten ari direnik ezin uka, “bestelako gizarte bat sortzeko tresna interesgarria direlako jai herrikoiak –dio Piratetako Aitor Alberdik–, eta horren isla da hainbat agintarik jai eredu honen aurka burutzen dituzten erasoak”. Guztia, jakina, algara, lagunak eta giro ona tarteko.
Barañainen txosna gunea jartzeko Udalaren oztopoak jasan izan ditu herriko jai batzordeak, baina urteak daramatza festa herrikoien aldeko lanean. Aurtengo herri programa hamarnaka kolektiboren artean prestatu dute eta kamisetak jarri dituzte salgai, bizilagunek osatutako batzordearen egitaraua diruz laguntzeko.
Baionako Besta Alternatiboak prestatzen ditu Gazte Asanbladak, beste hainbat kolektiborekin elkarlanean.
Lasarte-Oriako Udalaren Sanpedrotako jai egitarau zurrunari alternatiba eman nahian, herritarrek Sorgin Dantza indartu zuten duela urte batzuk. Egun, dantza horren bueltan sorturiko Sorgin Jaiak egiten dituzte herrian.
Bilboko hainbat auzotako jai batzordeen elkarlanetik sortu zen Auzotarrok mugimendua, 2000. urtean. Herri jaien antolakuntzan izan ditzaketen behar eta arazoei erantzun bateratu eta koordinatua ematen, azpiegiturak partekatzen, kalitatezko kultur eskaintza zabalagoa ahalbidetzen edota auzoetan jai herrikoiak bultzatzen dihardu ordutik.
Zaharraz harro jai autogestionatuak egiten dituzte Gasteizko Alde Zaharrean, Jaiaz eta aldarrikapenaz Alde Zaharra bizi lelopean.
Nortasun handia duten edota jaietan eredu herrikoia bultzatzen duten auzoak asko eta asko dira Euskal Herrian. Horien adibide dira, esaterako, Errekaleor auzoko festak (Gasteiz), Bagatza-Beurkokoak (Barakaldo), Moskuko Besta autogestionatuak (Irun), Egiako Porrontxoak (Donostia), Iruñeko Txantrea edo Arrosadiakoak, Azken Portu (Zarautz), Abetxuko (Gasteiz)…
Baztandarren Biltzarrak oztopo ugari jasan ditu bere historian, 1963an jaio zenetik, baina bizi-bizi jarraitzen du. Baztango herritarren bilgune izan nahi duen festa honetan, gurditan ateratzen dira, eta eskualdeko bizilagunen kezka eta aldarrikapenak adierazteko erabiltzen dituzte gurdiok. Urtean zehar, bestelako kultur jarduerak ere antolatzen dituzte Baztango herrietan.
Uztaritzen ospatzen den Lapurtarren Biltzarrak ere, aukera ematen die lapurtar gazteei elkar hartu eta gurdi ibilbidearen bidez dituzten arrangura eta aldarrikapenak plaza publikora ekartzeko. 1979an sortu zen besta.
Santa Ana jaietako parodia egiten dute Lasarte-Orian, urtean zehar herrian gertatutakoa modu umoretsu eta kritikoan jorratzeko epaiketa antzeztua. Epaileek, Santa Anak, San Joakinek, Basajaunek eta lekukoek hartzen dute parte eta 64. edizioa du aurtengoa.
Hernanin, 1988. urtean egin zuten lehen edizioa, herriko gazteak harremantzea, euskara sustatzea eta bestelako aisialdi eredua eskaintzea helburu. Edizio gutxi egin zituen, baina 2010. urtean berreskuratu dute herritarrek ekimena eta indartsu mantentzen da, jolas kooperatiboen bueltan.
Hondarribian, 1980ko hamarkada bukaeratik 1996ra arte iraun zuten olinpiadek. Aurten abiarazi dituzte berriro, koadrilen arteko lotura indartzeko eta jendea lokaletatik kalera ateratzeko xedez. Izan duen arrakasta ikusita, bigarren edizioa ziurra da.
Duela sei urte jaio zen Lonjero Eguna Trapagaranen, gazteak lokaletatik atera eta elkarren artean ezagutu zitezen. Herriko ekimenetan gazteriaren parte-hartzea handitzea, gizarte sarea indartzea eta herritarren nahasketa eta aniztasuna lortu ditu ekimenak. Ekainean ospatzen dute.
San Fausto jaiak abiapuntu hartuta, jendea lokaletatik atera eta kaleak gaztetzeko helburuz jaio zen, baita ere, Durangoko Zapaburu konpartsa. Urte osoan antolatzen dituzte ekitaldiak.
Jatorri aniztasunaren inguruan eta aniztasun horrek euskal gizarteari dakarkion aberastasunaz hausnartzen du EH 11 Kolore elkarteak. Lanketa horren baitan, jai propioak antolatu ditu (Donostian edo Iruñean, adibidez), eta hainbat festetan hartu du parte, aniztasuna aldarri (EHZ edo Euskal Eskola Publikoaren Jaia lekuko).
Tuterako Beterri peñak “Erriberako panorama euskaltzalean erreferentzia” izateko egiten du lan.
Euskaraz besta egin nahi dut lelopean, jaietan euskara bultzatzeko moduak lantzen ari dira Ipar Euskal Herriko hainbat besta komitetan, tartean Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak helarazitako neurriak eta txostena baliatuz.
Jai ugaritan parte hartzen duen Legazpiko Sustraiak Dantza Taldeak gogoaren eta beharraren arabera tartekatzen ditu neska-mutilak dantzetan, ez rolaren arabera. Mutilen dantzatzat hartu izan direnetan ere (Ezpata dantza, esaterako), neskak aritzen dira.
Sagardo denboraldian, kaleetan festa feminista zabaltzen ibili ohi da Hernaniko Brigada Feminista, baita “nazkanterik, babosorik eta maromorik gabeko” espazioak aldarrikatzen. Berdin Baionako bestetan; bertan poteo feminista antolatzen dute PAF eta Altxa Neskatxa talde feministek.
Zarautzen, herriko festetan sexualitatea, harremanak, ligoteo osasuntsua… jorratzeari eskaintzen diote egun bat, eta horretarako, urteotan muxu-katea, lesgaytrans antzezlana, Gona Festa (txosna gunera denak gona jantzita gerturatzera gonbidatuz, genero rolak puskatzeko), manifestazio koloretsua… egin dute.
Akelarrea festa askatzailea da –sarri baita sexu joerei dagokienean ere–, kritikoa eta transgresorea. Besteak beste, Hernanin, Leioan eta Barañainen egiten da, eta Zugarramurdin, Sorginaren Eguna.
Amikuzen dago Bizi Toki baserria, eskolaren alternatiba izan nahi duen proiektu pedagogikoa, eta bertan antolatu ohi dituzten jai eta ospakizunak inguruari eta lurrari oso lotuak egoten dira. Horren lekuko, basalandareen inguruko Sorginen biltzarra, hazien ezagutza eta ekoizpenari buruzko Hazitik hazira, eta erlezaintzaz antolatutako Erlezaleen biltzarra.
Lizarrako Festa-Giro jai batzordeak sustatuta, festa herrikoien aldeko aldarria eta hainbat ekintza burutu dituzte aurten bizilagunek, herriko Puy auzoko jaietan UPNk txosnak jartzea galarazi duelako.
Irunen, Jaiak herrian, ez Ficoban lelopean, Sanmartzialetako jaigunea Mosku hirigunetik Ficoba eraikinera eraman izana salatu dute herritarrek. Udalak iritziz aldatzea ez dute lortu, eta egitarau alternatiboa prestatu dute Irungo jaietan Mosku bizirik! mantentzeko.
Erandion ere txosnak berreskuratu nahi dituzte Sanagustinetan. Duela urte batzuk, Udalak herrigunetik Tartangara aldatu zituen eta aurten, enegarrenez, jarrera aldatzeko eskatu diote biztanleek, Txosnak herri erdira! kanpainaren bidez. Toki alternatiboa ere proposatu dute.
Jaiak Bultzatuz webgunean, festa herrikoien eredua eta baloreak bultzatzearen aldeko manifestuarekin bat egin dute hainbat erakundek, elkartek, pertsonek (ezagun askok) eta 75 jai batzorde inguruk, tartean orriotan dagoeneko aipatu ditugun gehientsuenek eta honako herri eta auzoetako jai batzordeek: Gasteizko Txagorritxu, Aranbizkarra eta Adurtza, Kanpezu, Aguraingo txosnagunea, Laudioko txosnak, Amurrioko Korroska txosnen batzordea, Aramaio, Izarra, Abornikano, Goiuri, Oiardo, Urbina, Zalduondoko Txispak, Barrundiako Gazte Batzordea, Bilboko Santutxu, Uribarri, Errekalde, Altamira, Buia, Solokoetxe, Zorrotza, Zurbaranbarri eta Deustuko Erribera eta Zorrotzaurreko Txitxardin jai batzordea, Ajangiz, Gernika-Lumo, Itzubaltzeta (Getxo), Algorta (Getxo), Sopela eta Larrabasterrako txosna batzordea, Santurtziko txosna gunea, Santurtziko Mamariga eta Kakul Kabiezes, Barakaldoko txosna batzordea, San Bixente (Barakaldo), Astrabudua, Basauriko txosna batzordea, Arrigorriagako txosna batzordea, Ugaoko txosna batzordea, Zeberio, Maritxu Teilagorri Leioako txosna batzordea, Foru, San Gabriel (Trapagaran), Erandio, Arrasateko Maritxu Kajoi eta Santamas komisiñua, Donostiako Amara Berri, Intxaurrondo Zaharra eta Gros, Donostialdeko auzo eta herrietako jai koordinadora, Oreretako txosna komisioa, Iruñeko Alde Zaharra, Donibane, Etxabakoitz, Sanduzelai eta Errotxapea, eta Antsoain.
Urtea hasi zenetik 64 espediente ireki ditu Arabako Aldundiak fakturazio sistema hori ez erabiltzea leporatuta, tartean, "txosna batzuen" aurkakoak. Gasteizko Txosnen Batzordeak abuztuko jaien aurretik iragarri zuen uko egiten ziola Ticket Bai ezartzeari eta Aldundiak... [+]
Hondarribiko Alarde tradizionala eta Jaizkibel konpainia desfilatzen aterako dira, urtero bezala, irailaren 8an. Baina orain arte EAJk gobernaturiko udala Abotsanitzek eskuratu du eta egin dituen aldaketek hautsak harrotu dituzte Alarde tradizionalean. “Konpainia guztiak... [+]
Udaltzaingoaren azken egunotako "gehiegikerien" aurrean, Bilboko Konpartsen Federazioak elkartasuna adierazi die manteroen kolektiboko lagunei, Areatzan egindako elkarretaratzean.
EAEko hiru hiriburuetan udako jaiak ospatzearekin batera, etorri dira, berriz ere, ostalaritzako patronalaren kexuak jai herrikoien aurka. Gipuzkoako Ostalaritzaren elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu dio Arabakoaren bidea jarraitzeko, eta txosnei eta kale saltzaileei... [+]
Palestinarekin Elkartasuna ekimenak antolatu du Aste Nagusian Israel borrokatu lelopean. Bilboko Aste Nagusiaren bezperan, ostiralean, 19:00etan, egingo dute mobilizazioa.
Bi bortxaketa eta beste sei erasoren salaketa zuzenak jaso ditu Gasteizko Mugimendu Feministak. Elkarretaratzea egin du erasoak salatzeko txosna gunean, ostegunean. Gasteizko Udalak elkarretaratzea ostiralean 11:00etan egin du. Erasoen harira ez dute inor atzeman, momentuz.
Txosnen eledun Eider Castañedaren hitzetan, Marta Ruiz de Alda alkate erregionalistak "autogestioarekin, jai herrikoiekin, euskararekin, feminismoarekin zerikusia duen espazio oro debekatu nahi du".
Arabako Aldundiak TicketBai sistema ezartzea exijitzen die txosnei, eta uko egiten dio Gasteizko Txosnen Batzordeak. Hala ere, jaietan txosnak jarriko dituztela ziurtatu du batzordeak. “Erasoa” Euskal Herriko jai herrikoi eta herri eragile guztien aurkakoa dela... [+]
Lizarrako Udalak datozen jaietarako aurreikusia dagoen jai herrikoien egitaraua arriskuan jarri du. Txosnak erdigunetik kendu eta urrun eta baztertua dagoen zonalde batera eraman nahi ditu.
'Jalgi belak mastara, eta euskara plazara!' lelopean ospatuko dute Donostiako Aste Nagusi Pirata, abuztuaren 10etik 18ra.
Autobus-geltokiko parkingean txosnak jartzea debekatu du Lizarrako Udalak. San Benitora lekualdatu nahi ditu, baina Festagirok uko egin dio inposaketa horri. Emakumeentzat leku arriskutsua dela, udalak herriko eragileak jaietako dinamika sozialetik urrundu eta isolatu nahi... [+]
Gasteizko jaiak hasteko aste gutxi falta direla, Gasteizko Txosna Batzordeak urgentziazko prentsaurrekoa eman du, salatzeko Arabako Foru Aldundiak txosnetan TicketBAI ezartzera derrigortu nahi dituela. "Parekatu egin nahi dituzte txosnak eta irabazi ekonomikoa helburu duen... [+]
Iruñeko alkateak balorazio positiboa egin badu ere, nabarmendu du 24 eraso erregistratu eta 23 pertsona atxilotu dituztela. Baionan ere, bestetan hamaika eraso salatu dituzte.