argia.eus
INPRIMATU
Ibedrolak bere fronte mediatikoa saritu du

Juan Mari Arregi 2014ko ekainaren 25

Joan den astean jakin genuen Euskal Herrian jatorria eta egoitza duen Iberdrola elektrika enpresak  Espainiako Estatuko 40 kazetari kualifikaturen bidaia ordaindu zuela Brasilgo Futboleko Mundu Kopara joateko. Bitartean, konpainiak argindarra moztu zien Espainiako Estatuan 578.000 familiari eta Brasilen 2 milioi laguni, fakturak ez ordaintzeagatik.

Ez da “lan bidaia” izan, adibidez Iberdrolak Brasilen dituen instalazioak ezagutzeko, edo enpresa bat erosi dutelako, edo urteurren baten ospakizuna jarraitzeko. Halakoetarako ekonomian adituak diren kazetariak gonbidatzen dituzte –krisia dela-eta gero eta gutxiago–. Iberdrolak 40 kazetari horiei ordaindutako bidaia plazerezkoa izan da, patriotikoa, eta La Roja babesteko helburuz.

Eta zein dira Iberdrolak saritutako 40 kazetari pribilegiatu horiek? Hau idazten ari garen unean erabat ezezaguna zaigu kazetarien zerrenda osoa. Hala ere, jadanik publiko egin diren izenen artean daude irrati, egunkari eta telebistetako tertulien bidez iritzia sortzen duten nukleo gogorreko kazetariak. Ez dira ohiko informatzaile ekonomikoak. Iberdrolak ez badu esplikatzen zergatik saritu dituen pribilegiatu horiek, pentsa genezake Galánen konpainiak hedabideetako elitearen konplizitatea bilatu nahi duela, bere pentsaera eta estrategiatik gertu dauden horiena hain justu. Ez da ahaztu behar aurki energiaren inguruko erabakiak hartuko dituela Espainiako Gobernuak. Honek, energia nuklearraren alde segitzen du, zaharkitutako Garoña barne. Iberdrolak hedabideetako elite horren beharra dauka, irudi “berdea” eman eta  etekinak pilatzen segitzeko. Kazetarien plazerezko bidaia Munduko Futbol Kopara ez da lehena izan eta ez da azkena izango. Iberdrolak, beste edozein multinazionalek bezala, fronte mediatikoa behar du, eta horretarako ondo zaindu beharra dauka.