argia.eus
INPRIMATU
Berriztagarrien energia metatzeko sistema bila

Unai Brea @unaibrea2 2014ko ekainaren 25a
Panel fotovoltaikoak BTEK zentroan.
Panel fotovoltaikoak BTEK zentroan. BTEK

2013an markak hautsi ziren eguzki energia fotovoltaikoaren alorrean. Hala dio behintzat EPIAk, Europako Industria Fotovoltaikoaren Elkarteak. 38,4 gigawatt instalatu ziren, eta honezkero mundu osoan dagoen potentzia 138,9koa da. Baina zifrek gora egin arren, berriztagarriekin lotutako zenbait arazok beren horretan diraute.

“Erronka nagusietako bat da eguzki eta haize energia baliatu ahal izatea eguzkirik eta haizerik ez dagoenean”, dio Xabier Diaz Silvestrek, Bizkaiko BTEK zentroko zuzendariak. “Eskualde batean 100eko kontsumoa aurreikusten bada, eguzkirik eta haizerik ez dagoenean 100 horiek ziurtatzeko zentral termikoa eduki behar duzu instalatuta, panel fotovoltaikoez eta haize-errotez gain. Baina hori ez da bideragarria ekonomikoki”. Soluzioa da berriztagarriekin 150eko potentzia duen instalazioa egin eta 50eko soberakina pilatzea, behar denean erabili ahal izateko. Zelan pilatu, baina?

Erronka horri aurre egiteko dauden egitasmoetako bat Zero Hytechpark proiektua da, energia gordetzeko bektore gisa hidrogenoak eskaintzen dituen aukerak aztertzen ari dena. Horren barruan dago BTEK, hain zuzen. Diaz Silvestrek azpimarratzen du helburua ez dela berehalakoan lortuko, baina denboraz iritsiko dela. “Uste dut arazoaren konponbidea ez dela hidrogenoa izango bakarrik, seguruenik teknologia bat baino gehiagoren konbinazioa izango da”.