argia.eus
INPRIMATU
Petrolioa, ez dago gure esku!

IƱaki Barcena 2014ko ekainaren 18a

Eguzkipean. Ataunen, Gipuzkoako ertzeko herrian tokatu zitzaigun eskuak lotzea gure herriaren erabakitzeko eskubidea errebindikatzeko. Bizikletazale talde batean murgildurik jai giro ederrean ibili ginen, musika eta kantuen laguntzaz. Eguzkiaren izpiak eta beroa ez ziren arazo izan, jende andanaren mobilizazioak poza ekarri baitzigun ilaran egondako guztiei. Pozgarria da, Europako hauteskundeen osteko koiuntura politikoak eta Espainiako erregearen abdikazioak azken ukitua eman baitiote sistema politikoaren krisiari. Badirudi Espainiako trantsizioaren sindromea gainditzen ari garela eta bere partidu politiko nagusiak zein bere instituzio gorenak, monarkia kasu, eztabaidagarriak izateaz gain, kolokan jarri daitezkeela beldurrik gabe.

Energia. Hauteskunde europarretako kanpaina eskasean gutxi eztabaidatu da energiaz. Kanpaina hasi baino lehen jakin genuen Madrilgo Gobernua eta Nuclenor (Iberdrola + Endesa) Garoñako zentral nuklearra berrirekitzeko saioak egiten ari zirela. 15 urte gehiago (43 urte ditu zentralak) funtzionatu ahal izateko 100 milioi euro baino gehiago inbertitu beharko dituzte konpontze –eta segurtasun– lanetan. Arabako Partidu Popularrak ez du ontzat eman jokaldi berri hau eta EAJk aldiz haustura hidraulikoaren (fracking) aurka dagoela baieztatu nahi izan du Europako hauteskundeen ostean. Nola ez. Energia politikaren bi gai hauek polemiko samarrak izan dira azken urteetan eta emaitza elektoralak oso adierazgarriak izan dira. Eta nire galdera da, energia nuklearrik gabe eta fracking bidezko gas metanorik gabe, nondik lortuko dugu energia?

Hondar petroliodunak. Estreinakoz Europa osoan, Repsol-Petronor enpresak Muskizen duen findegira Kanadako hare bituminosoak heldu dira, hots, petrolio astuna eta kutsakorra Ipar Amerikatik erosi dute. Eta horrek adierazten du gure eredu energetikoaren norabide galdua. Muskizen dagoen findegiak, askotan erraustegiekin gertatzen den moduan, materia behar dute martxan egoteko eta urrunetik ekarri behar bada, hori kutsakorragoa izateaz aparte, ez da ekonomikoa izaten. Koke planta berriak petrolio “zikin” horiek fintzeko balio du baina etekin ekonomikoa ateratzekoa ez dago hain argi. Petronor kolokan dago, oso. Horregatik, giro politiko berrian energia politikaren ildoak eta eztabaidak sustatu beharra daukagu. Independentzia energetikoaren ziria bukatu da eta eguzkia dugu iraunkortasunerako bide bakarra.