Futbola eta politika beti egon dira nahastuta. Hala frogatu du Ekain Rojo Labaien ikerlari donostiarrak "Futbola eta nazio eraikuntza Euskal Herrian eta Espainian" liburuan (Utriusque Vasconiae, 2014). Futbolak nazio nortasunak elikatu eta biziberritzean duen ahalmen sinbolikoa aztertu du, bere sorreratik –XIX. mendearen bigarren erditik– gaur arte. Liburuko zenbait pasarteri buruzko iruzkina egiteko eskatu diogu egileari, historia hurbilari erreparatuta.
«Jaurlaritzako Kirol zuzendari Jon Redondok esandakotik eratortzen da Euskal Herriak zehazten ez den status politikoa erdietsi bitartean ia ezinezkoa izango duela nazioartean ofizialtasunez lehiatzea».
Ez da aukera handirik ikusten euskal selekzioak demagun 20 urteren buruan Munduko Kopan parte hartzeko. Eskozia, Irlanda Iparraldea, Gibraltar… badira bestelakoa pentsatzera eraman gaitzaketen adibideak, baina futbola estatuak ardatz dituela antolatu dela aintzat hartuta… Espainiak eta Frantziak ikusiko balute euskal selekzioak ofizialtasuna lortu eta nazioartean herrialde independente baten irudia ematerik izango zuela… Selekzio batek atzerrian ofizialki jokatzea independentziaren adierazgarri baita ia-ia. FIFAk dio Europako Futbol Federazioan (UEFA) sartu ahal izateko estatu bat ordezkatu behar dela; aukera ematen du hautagaitza aurkezteko, nahiz eta estatua ez izan, baina proposamenak aurrera egiteko gainetik dagoen estatuaren baimena behar da. Borondate politikoaren esku dago afera.
Hedabideek, gainera, estatu-nazioaren izaera betikotzen dute kirolean, estaturik gabeko nazioen kalterako. Eskoziaren kasuan, Erresuma Batuko hedabide-sarearen mendean izateak, selekzioaren bidez nazio harrotasuna piztea zailtzen dio, britainiar irletako salbuespenaz onura aterata estaturik izateke nazio taldea duen arren. Kontua da herritar ugarik ezin dituztela partidak ikusi, ordainduzko telebista kateetan ematen dituztelako.
Espainiako Konstituzio Auzitegiak ebatzi du euskal selekzioek posible dutela nazioartean lehiatzea, baldin eta Espainiakoak tartean ez badaude. Espainia ez dagoen kirolen bat aurkitzen baduzu, aurrera; bestela jai duzu. ESAIT ari da hortik bidea egin nahian, baina futbola futbola da, gainerako kirolek baino indar sinboliko askoz ere handiagoa du…
«Euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzen du ESAIT iritzi taldeak (…) Ofizialak bailiran bezala lan egingo dutela dio Euskal Herria Kirola erakundeak».
Hasteko, esan FIFAk bere sortzetik –1904tik– estatu-nazioa lehenetsi duela; estatuen hegemonia ziurtatzen du, salbuespenak salbuespen. Herri mugimenduen ahalegina inportantea izan daiteke. Esaterako, estaturik gabeko selekzioen arteko txapelketak bultza ditzakete [VIVA izenekoa bezalakoak], apurka-apurka indarra hartu eta FIFAri eskatu txapelketa ofizialetako sailkapen faseetan gutxienez talde batentzako lekua egiteko.
Euskal Herrian sarri gertatu ohi den moduan, gai honen inguruan ez dago batasunik, bakoitza bere aldetik doala iruditzen zait: ESAIT, EH Kirola, Jaurlaritza… Alderdi abertzaleen baitan ere ez dago selekzioaren inguruko erabateko adostasunik, izenak berak sortutako polemikak eta adiskidantzako partidak eten izanak erakusten duten moduan.
«Ipar Euskal Herrian futbolak ez du hegoaldearen pareko gizarte oihartzunik inoiz izan, eta ez du Hegoaldean bezala, espainiar estatuaren eboluzio politikoan sartuta XX. gizaldiko bere historia osoki baldintzatu. (…) Errugbia hobetsi zuten beraien identitatea adierazteko».
Ipar Euskal Herrian futbola ere bizi dute, baina errugbian ez bezala, ez dago lehen mailako talderik, besteak beste Parisko Saint-Germain klubaren aurka neurtuko litzatekeena. Bestalde, euskal selekzioa ez dute berdin hautematen, ez du horrenbesteko funtzio bateratzailerik. John K. Walton historialariak azaldu zidan litekeena dela bi arrazoik eragin izana zatiketa hori. Batetik, euskal nazionalismoak ez zuen Ipar Euskal Herrian Hegoaldean adina oihartzun lortu. Bestetik, futbola Bilboren inguruan ezarri zuten etorkinak eta esaterako Miarritzen bizi izandakoak ezberdinak ziren. Ingalaterra iparraldetik etorritako langileak ziren batzuk, aisialdiko egonaldiak egiten zituzten Londres inguruko klase ertainekoak besteak.
«Olatz Gonzalez Abrisketa antropologoak dio euskal nortasunaren eraikuntzan erdiguneko sinboloa izan dela pilota. (…) Pilota, Euskal Herriarentzat, garrantzia bereziko kirola da, bere kultur ondasuna hezurmamitu dezakeena. Aitzitik, nortasunezko benetako azterketa eta mailaketa besteekin neurtzean gertatu ohi da».
Identitate kolektibo indibidualek, norberarena berresteko behar dute izan besteengandik bereiziko dituen zerbait. Kolektiboki “gu” ideiaren inguruan bildu bagara ere, desberdintzea behar dugu, eta hori futbolak egiten du. Pilota identitate zeinua da, gure nortasuna islatzen du, baina ez gaitu besteekin neurtzen. Futbolak 1920ko hamarkadatik aurrera Euskal Herrian hartu zuen sona ulertzen lagun gaitzake horrek: beste herrialdeekin indarrak konparatu ahal izatean. Pilotak ezin du hori egin.
«Santiago Segurola kazetariak uste du hedabideetatik Donostia eta Bilboko taldeen arteko bereizketa eta etsaigoa hauspotu eta sortu zutela. Donostiako prentsari leporatzen dio probintzia gorrotoa dei dakiokeena indartu izana eta euskal herritarren arteko kidetasuna erasatea ondorioz».
Salmenta iturri ere izan daiteke. Athletic babesten du El Correok, Reala El Diario Vascok. Elkarren aurkako probintzianismoa bultzatzen dute, baina, euskal nortasuna diluitzea al da haien helburua? Ez naiz ausartzen halakorik baieztatzera.
Bestetik, Espainiako selekzioak jokatzen duenean, nabarmen ikusten da euskal egunkarien arteko aldea. 2010eko finala irabazi ostean, esaterako, Vocento taldekoek askoz ere gehiago baliatu zuten ‘gutasuna’. Espainiako selekzioari buruz mintzatzean subjektu englobatzailea balitz bezala aritzen dira, gainerako egunkariek baino gertuago sentitzen dute. Gara eta Deia aseptikoagoak dira, titular informatiboagoak plazaratzen dituzte. Euskal selekzioak jokatzen duenean kontrakoa gertatzen da.
«Ezkerreko ideologiako pentsalariek maiz deitoratu dute futbola, herri xehea limurtu eta beraien nahietara makurrarazteko erabilitako Erromatar Inperioko zirkuko ikuskizunaren aldaera garaikidea delako».
Ezkerreko mugimenduetan opioaren ideia maiz aipatu da, baina badira bestelakoa iradokitzen duten pentsalariak. Antonio Gramsci kazetari, filosofo eta teorialari marxistak zioen futbola leialtasun erreinua dela; eta Albert Camus idazleak esaten zuen moralaz eta giza balioez zekiena futbolak irakatsi ziola.
Futbolak ez duela zertan lo-eragilea izan behar erakutsi dute brasildarrek. Konfederazio Koparen ingurumarian protesta ikaragarri jendetsuak egin ziren eta asteotan ere izan dira manifestazioak. Futbola gustuko dute, kirol nazionala da, herrialdearen irudi positiboa proiektatzen du mundu zabalera, Kopa bost bider irabazi dute… baina horrek ez ditu protestak geldiarazi, hainbeste diru xahutu baitute futbolean, berdin Joko Olinpikoetan... Futbola opioarekin lotzen duen ideia kolokan jartzen du horrek guztiak. Brasilen inbertsio piloa egin da eta tamainako ekitaldi batek ez du berez dirua sorrarazten. FIFAk sos mordoa irabaziko du, baina aurreko edizioetako datuek erakusten dute txapelketa jasotzen duen herrialdearentzat ez dela hain errentagarria”.
«Eric Dunning soziologoak zehazten du (…) ez dela harritzekoa gizonezkoen menderakuntza eta kirol modernoen izaera patriarkala gutxitan ezbaian jarri izana. Izan ere, futbolari dagokionez, sortzez gizonezkoen nagusitasunezko familia eredua islatu zuen».
Gerretan bezala, gizonezkoei ematen zaie nazioa ordezkatzeko zeregina, haiek agertzen dira nazio interesen defentsan. Zentzu horretan, neurri handi batean, nazioa edo talde nortasuna haragitzeko ezintasunean datza nesken futbolaren ahultasuna. Bestalde, gizonezkoen ordezkaritzak emakumeak ere barne hartzen ditu, nazioarteko futbol partidetako ikus-entzuleria datuek erakusten dutenez.
«Futbolaren ekonomia-izaera talde-nortasunei gainjarriko bazitzaien, eta hainbatek burututako aberastasunak jokoari esleitutako emaitzaren ziurgabetasuna narriatuko balu, futbolaren ospea kolokan izango zatekeen. Izan ere, taldeen arteko lehia are eta estuagoa izan, orduan eta biziagoa da ikusleen eta hamaika jokalarien ordezkaritzaren arteko uztarpena».
Paul Yonnet soziologo frantziarrak zioen kirol-ikuskizunen erregaiak ziurgabetasuna eta identifikazioa direla. Emozio geroz eta gutxiago egon daiteke, komunikabideen eraginez besteak beste. Espainiako Ligaren kasuan, telebista eskubideengatik urtean 150 milioi euro inguru jasotzen dute Real Madrilek eta Bartzelonak, 40-50 milioi Valentziak eta Madrilgo Atléticok, [eta 30 milioi edo gutxiago gainerakoek]. Izugarrizko aldea da. Ikusteke dago telebistek ordaindu ahal izango duten hitzemandako diru guztia. Hedabideek porrot egingo balute futbolean iraultza handia gertatuko litzateke.
Futbolaren erritmora biziko da Qatar ondoko asteetan. Lehen aldia da arabiar erresuma batek Mundial bat antolatzen duela, eta egia da polemika handia sortu zuela Qatar hautatua izan zelarik mundiala antolatzeko.
Abian da gizonezkoen Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. Ustelkeria zantzuak, estadioak eta bestelako azpiegiturak eraikitzen aritu diren milaka obreroren heriotza, emakumeen eta LGTBI kolektiboaren kontrako jazarpena, ingurumen inpaktua, zentsura, futbol-egutegiaren... [+]
Aste gutxi barru Qatarren jokatuko den Munduko Futbol Txapelketaren kontrako ekimenekin bat, Frantziako Estatuko hainbat udalek iragarri dute ez dituztela selekzioaren partidak pantaila erraldoietan emitituko. Hiri horien artean dago Baiona.
Azaroaren 20an hasiko da 2022ko Munduko Futbol Txapelketa, Qatarren. ARGIAn hainbatetan hitz egin dugu kirol ekitaldi dizdiratsuenetako baten B aldeaz, dela giza eskubideen urraketa, ustelkeria, langileen heriotzak, ingurumen inpaktua... Horien guztien aurrean, geroz eta... [+]
Paola Schietekat mexikarrak, Qatarreko Munduko Futbol Koparen antolaketan lanean ziharduela (2021ean), salatu zuen gizon batek eraso egin ziola Qatarren. Bera zigortu zuten, ordea.
Raúl Zibechi idazle uruguaiarra Munduko Koparen testuinguru sozio-politikoari buruz mintzo da Desinformemonos.org webguneak maiatzaren 6an plazaratutako elkarrizketan. 'Brasil potencia' liburuaren egilea militarizazioaz, errepresioaz, gentrifikazioaz,... [+]
2022an Qatar-en egitekoa den Munduko Futbol Txapelketarako obretan 6.500 langile baino gehiago hil dira, The Guardian egunkariak azaleratu duenez. Alimaleko zifra horren ingurukoak jaso ditu Descifrando la Guerra twitter kontuak.
Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak ebatzi du Errusiak galarazita duela mundu mailako lehiaketetan parte hartzea. 2020ko Olinpiar Jokoetatik kanpo geratu da, besteak beste.