argia.eus
INPRIMATU
Auzolan esperientziak
Aginaga biziberritzeko proiektua
  • 2013ko udazkenean amaitu zuten Aginagako (Usurbil) bizilagunek eliza zaharra eraberritzen. 60ko hamarkadan eliza berria eraiki zenetik, zaharra elkargunerako erabiltzen hasi ziren, harik eta 1992. urtean bigarren solairuko zorua erori zen arte. Auzolanean egindako eraberritzearen ostean, erabilgarri dago berriz.

Lide Hernando @lidehernando 2014ko ekainaren 17a
Aginagako eliza eraberritua. Egunerokoan erabiliko den zentro bihurtu eta guztientzako jarduerak egin nahi dituzte bertan. Goiko solairua berreraikiko dute orain.
Aginagako eliza eraberritua. Egunerokoan erabiliko den zentro bihurtu eta guztientzako jarduerak egin nahi dituzte bertan. Goiko solairua berreraikiko dute orain.

Elizan kontzertuak eta jaietarako txosnak antolatzea ez da ohikoa. Usurbilgo auzoan, ordea, hainbat hamarkadatako tradizioa da. Aginagak betidanik izan du herri izaera indartsua eta eliza zaharrak elkargune funtzioa bete du 60ko hamarkadatik. Besteak beste, Kaotiko edota Su ta Gar taldeak aritu dira bertan.


Udalak egiten ez badu, guk egingo dugu

“Hainbat urtez erabili dugun arren, azken urteotan eliza zatika erortzen ari zitzaigula ohartu ginen –dio Aritz Aranburu aginagarrak–, paretak erortzen ari ziren, itoginak genituen, leihoak hormatuta zeuden. Usurbilgo Udalari konponketak egiteko eskatu genion behin baino gehiagotan, baina ez zegoen haien lehentasunetan, eta lana atzeratzen ari ziren”. Azkenean, 2009. urtean, auzotarrek erabaki zuten eurek emango zutela urratsa.

Hala, Bidean Agiñarron Herri Elkartea sortu zuten, gazte eta helduak biltzen dituena. Herriko bi eraikuntza enpresa konbentzitu zituzten konponketa lanetarako materiala uzteko eta aholkularitza lanak egiteko. Horren ostean, euren proiektua txosten batean bildu eta gero, Udala konbentzitzea ere lortu zuten. Bizilagunek auzolanean dirua bildu bazuten ere, Udalak ordaindu zizkien enpresaren gastuak. “Konponketa lan guztia, ordea, herritarron artean egin dugu –azaldu du Aranburuk–; erremintak hartu eta egin ahala ikasi dugu”.

2013ko otsailean hasi zituzten lanak eta sei hilabetetan lehenengo erreforma amaitu zuten. Inaugurazio bazkaria egin zuten, eta ordutik, Aginagako elizak aurreko elkargune funtzioa bete du. “Egunerokoan erabil daitekeen zentroa izatea nahi dugu. Lehenago zuen festarako funtzioaz gain, ekintza kulturalak gehitu dizkiogu. Oraingoz poesia errezitaldiak, bertso afariak eta antzezlanak egin ditugu, baina gure asmoa da herriari bizia emango dion proiektu jarraiagoa egitea. Auzotar orok gozatu ahal izango dituen jarduerak egin nahi ditugu, hala nola adinekoentzako pilates eskolak edo haurrentzako babesgunea”.

Asmoak asmo, halako proiektu bat sortu eta mantentzea lan zaila dela aitortu du auzotarrak. “Horrelako egitasmoen motorra gazteok izan ohi gara, baina guk ere lan eta okupazio asko ditugu urtean zehar, eta ezin diogu nahi adina denbora eskaini. Bestalde, orain arte borrokarako eta jairako gunea izan denez, zaila egiten ari zaigu adin ezberdinekoei eliza ere eurena dela adieraztea. Pixkanaka lortuko dugula uste dugu”.

Konponketaren bigarren fasean sartzear dira aginagarrak. Goiko solairua berreraikitzeko helburuz, dirua crowdfunding bitartez lortzea espero dute. “Eta horretarako, kanpoan Aginagaren irudia ezagutarazten ari gara. Jendeak gure proiektuan sinesten badu, laguntza emango dio”.