Brasil izenaren jatorri etimologikoa oraindik argi ez dagoen arren, Adelino José da Silva Azevedo filologoaren teoria da onartuena. Haren arabera, hitzak zelterazko barkino izango luke jatorri; feniziarrek koloreztatzaile gorria izendatzeko baliatzen omen zuten. Erdi Aroan, koloragarriaren erabilera zabaldu ahala, izenak hainbat aldaera hartu zituen: genoarrek brazi esaten zioten, gaztelarrek brasil.
XVI. mendearen hasieran, Pedro Alvares Cabral buru zutela, portugaldarrak egungo Brasilera iritsi zirenean, Caesalpinia echinata espezieko zuhaitzekin egin zuten topo. Zuhaitzetik kolore gorri biziko zura eta tindagaia lor zitezkeen eta portugaldarrek palo brasil esan zioten. Enborrak Europara esportatzen hasi ziren berehala, ia espeziea desagertzeraino. Baina izenak iraun egin zuen nonbait, Brasilgo gainerako sinbolo nagusietan kolore gorriaren arrastorik geratu ez den arren.