GI 631 herri operak Urretxu-Zumarragako 700 lagunen inplikazioa lortu du, eta musikari, antzezle, gidoilari, irudigile, teknikari eta beste ari da lanean, ilusioz. Urretxu-Zumarragako Artea deitu diote proiektuari, kultur ondasuna maila guztietan jasotzea eta bultzatzea duelako helburu. Nazioartean ezaguna den musikaria dute antolatzaile eta gidari: Gorka Hermosa. Indar metaketa honen emaitza egun bakar batez izango da ikusgai, ekainaren 21ean, Gernikako Arbola plazan.
Urretxu-Zumarragako Artea proiektuak produktu asko biltzen ditu herri operaz gain. Besteak beste, GI 631 film laburra, Jon Plazaolak idatzitako gidoiaz osatua eta Iñigo SBeltzak zuzendua, eta Edurne Iturbe trikitilariak eta Jon Maiak idatzitako abestia; baita diskoa eta bideoklipa ere. Parte hartu duten sortzaile guztiak bailarakoak dira, eta helburu nagusia bertako ondasun kulturala batzea eta bultzatzea izan da.
Ekainaren 21ean taularatuko den herri opera urte osoko lanaren emaitza da. 14 musika pieza biltzen ditu herri operak, zenbait estilotakoak, erlijiosoa, Iparragirreren ondarea, rocka, musika elektronikoa… Musikarien zerrenda amaigabea da. Secundino Esnaola Musika eskolako irakasle eta ikasleak, Herriko Banda eta abesbatza, txalapartariak, txistulariak, trikitilariak, jazza eta soula lantzen duten taldeak, Dj-ak eta rock taldeak ditu tartean. Aniztasuna bermatuta dago, beraz.
Oholtzan Jon Plazaolak idatzitako antzezlanak hartuko du protagonismoa. Inguruotan jaiotako bi antzezle profesionalek gorpuztuko dituzte pertsonaia nagusiak, Joseba Apaolazak eta Barbara Rivasek, hain zuzen. Izan ere, kanpoan lanean ari diren sortzaileak berriro herrira erakartzea izan baita proiektu honen beste zutabeetako bat. Gainerako pertsonaiak herriko talde amateurretako antzezleek jokatuko dituzte. 700 lagun guztira proiektuaren alde lanean, nor bere mailan eta neurrian, baina denak musutruk. Herrian, herrikoak, herrirako.
Orain dela urte eta erdi inguru, Gorka Hermosa musikariak kontzertua eskaini zuen sorterrian: “Haren ostean, teknikariekin hizketan ari nintzela, herriko kultur ondasuna gertuagotik sentitzeko beharra azaldu nien. Haiek, berriz, herriko sortzaileak proiektu batera biltzeko ideia zerabilkitela erantzun zidaten. Herri opera bat egiteko asmoa banuen aspaldian, baina ideia besterik ez zen, ideia zoro xamarra, beharbada. Komentatu egin nien, erdi txantxetan, haiek serio hartu ordea, eta handik gutxira horren ardura har nezala proposatu zidaten. Lan izugarria izan da, baina egia esan, oso pozik nauka emaitzak, bertako sortzaileak aurkitu ditut bidean, eta oso gauza interesgarriak egiten dituzte”.
Herriko kultur eragileak elkarrekin lanean jartzea du helburu operak. Gorka Hermosak argi du kultur ondasunari balioa ematea dela garrantzitsua finean: “Gure kulturaren historia kontatu nahi dugu”. Ondasunaz ari direnean, estilo guztiak hartzen dituzte kontuan, klasikoa, herri musika edo rocka izan. Bestalde, arte diziplina ugaritako sortzaileek ere parte hartu dute, eszenografia, argiztapena, jantziak, gidoia eta gainerakoa prest izateko. “Denok batera gaude ikuskizunean, bakoitza bere neurrian”, Hermosaren hitzetan.
CDa grabatu dute dagoeneko, eta entzungai dago plaforma digitaletan. Herri operaren abesti ofiziala, berorren hiru bertsio eta Azken Borroka dance abestiak bildu ditu CDak. Herri operaren ereserkitzat hartu dutena, Baina bihotzak dio abestia, Edurne Iturbe trikitilariak konposatu du eta hitza Jon Maia bertsolariarena da. “Maia sortzez inguruotakoa da. Ilusio ikaragarria egin zion eskaerak”.
Agerraldiko hari narratiboa idaztea Jon Plazaolari egokitu zitzaion. GI 631 antzezlanaren istorioa futurista da, 2383. urtean kokatua. Etorkizun postnuklearrean, mundu suntsitua Nazio Handia izeneko erakundeak kontrolatzen du. Pentsamendu eta kultura uniformea ezarrita, tokian tokiko nortasunaren ezaugarriak galdu dira. Egun batean, GI-631 eremuko erresistentziako bi kidek Irimo mendiko gurutzea aurkituko dute, eta aurkikuntza abiapuntutzat hartuta, bidaia egingo dute denboran atzera. Bi herrietako kultura berreskuratu eta etorkizunera bueltatzea dute helburua, GI-631 berriz ere Urretxu-Zumarraga izan dadin. Baina 027 Nazio Handiko Agentea izango dute atzetik, plana galarazteko asmoan.
GI 631 izenak ere badu bere arrazoia: “Etorkizunean kokatutako istorioa denez, gure herriei zenbakiz eta hizkiz osatutako izena jarri nahi genien, eta bat-batean hortxe aurkitu genuen izena, Urretxutik Azkoitiara dihoan errepidean”, dio Plazaolak.
Hiru pertsonaia nagusi ditu antzezlanak: 027 Agentea (Joseba Apaolaza), 315 (Barbara Rivas) eta 281 (Jon Plazaola). Horiez gain, beste bi aktore ere izango dira, trama txiki paralelo batean: 631 (Ines Benitez) eta 010 (Edu Aparecido). Iparragirrerena, berriz, Juanlu Eskuderok egingo du. Iñigo SBeltzak zuzendutako film laburrean ere aritu dira antzezleok, denak bolondres.
Herritik herrirako egiten den ekimena da herri opera, eta honek grina piztu die Urretxu eta Zumarragako biztanleei. “Herriko taberna denetako oholtzak ezagutu ditut baina hau besterik da. Herri Opera izeneko munstro zoragarri honen atzean 700 inguru lagun ari gara buru-belarri, pentsa zein dimentsiotan ari garen”, jarraitu du idazleak.
GI 631 film laburrak emango dio hasiera eta amaiera herri operari. Irudiak sortzen Vanessa Blázquez argazkilaria aritu da: “Nire burua amateurtzat daukat, eta beraz, Gorka Hermosa, Josemari Alemán, Jon Maia, Joseba Apaolaza eta halako mailako artistekin lan egitea zoragarria da. Izugarri ari gara ikasten. Talde lana zaila da, eta nork bere egoa alde batera utzi behar du”.
Vanessa Blázquezen aburuz, “700 pertsona elkartzeko eta hainbeste artisten lana batzeko, 3 ezaugarri antzeman ditut: umiltasuna, errespetua eta elkarlana. Hori, norberari dagokionez. Ikuskizunaz ari bagara, hasteko eta behin, istorio on bat behar da. Lehenengo, jendea ez aspertzeko, eta bigarrenik, osotasunari zentzua emateko. Azkenik, parte-hartzaileentzat erakarri izan dadin”.
Blázquezek herriko beste argazkilari batzurekin jardun du. “Herriko argazkilariok musika emanaldietan jokatuko dugu gure rola. musikariek jotzen duten bitartean, atzealdean gure irudiak proiektatuko baitira. Gure lana gaika banatu dugu: paisaiak, arte erlijioso eta zibila, eskultura erlijioso eta zibila, arkitektura... Zerrenda itxi horretan bakoitzak bere ikuspuntutik egin ditu argazkiak. Ikusgarria da eraikin bakar bat zenbat eratan aurkez daitekeen. Niri zirrara egiten didan lekua Antio da. Badu zer edo zer berezia, beharbada paisaia: Aizkorri eta Aralar mendikateak, Irimo aurrean... Egusentian eta ilunabarretan argi magikoa dago eta argazkiak ateratzeko gustukoen dudan txokoa da. Gainera, aipatzekoa da Paco Vierbücher argazkilariaren parte-hartzea, bere argazki zaharren artxiboa, hori bai altxorra! Berak eta batez ere bere aitak XX. mendeko historia kontatzen digute argazkiaren bidez. Eskertzekoa da argazki horiek herri operari utzi izana”.
Secundino Esnaola Musika Eskolako ikasleek eta irakasleek ere parte hartuko dute. Atal klasikoa onduko dute, Herriko musika banda eta abesbatzarekin batera. Jon Goenagak (piano eta lengoaia musikaleko irakaslea), Edurne Iturbek (trikitixa irakaslea) eta Edorta De Pedrok (Big Bandaren arduraduna), operan aurkeztuko diren obren konponketak egin dituzte. Edurne Iturbek, gainera, musika jarri dio operako ereserkiari.
Grabatzerakoan, bestalde, 48 haurren ahotsak hartu dira kontuan. Eskolako zuzendari Josune Agirrek dioenez, “motibagarria izan da haientzat, estreinakoz estudiora heldu baitira”. 10 urtetik gorako ikasleek esku hartu dute, eta haien irakasleek. 25-30 pertsona inguru izango dira gutxi gorabehera, operan. Bestalde, eskola honetako irakasle askok dihardute antolaketan, zuzenean edo zeharka.
Hamalau obra joko dira operan, Josune Agirrek dioskunez. “Esperientzia aipagarria da, dudarik gabe, horrelako muntaketa bateko parte izatea. Nork bere lana erakusteko aukera ezin hobea da eta jendaurrean jotzea zer-nolakoa den jakiteko aukera emango die. Urduritasuna kontrolatzen ikasteko era oso egokia da, eta musikariaren bizitzan pasa beharreko abagune oso positiboa”.
Baina musika klasikoak ez ezik, bestelako musikak ere izango du tokirik. Aitor Aranguren edo Dj Kizt-ek esate batera, Baina bihotzak dio abestiaren remix-a egin du CDrako eta, eta operan ere parte hartuko du: “Poz handiz, orain arte egin dudana gainditzeko aukera eman baitit. Izan ere, horrelako proiektu batean parte hartzen dudan lehenengo aldia izan da. Beste musika moldeetatik datozen pertsonekin elkarlanean aritzea berria izan da niretzat, eta, bestalde, ez dut inoiz trikitixaren soinuarekin abestirik egin. Horregatik, erronka izan da; gustura hartutakoa”. Aitorren errepertorioak, batik bat, musika elektronikoa du oinarria; Deep-Tech eta Dub-Techno azpigeneroetan kokatzen dira, oro har, bere abestiak. Baina bihotzak dio abestian trikitixaren melodia eta bere soinuak fusionatu ditu remixean. Zuzenekoan, Azken Borroka dance abestia sartuko du.
Barakaldoko Udalak 11.800 euroko isuna ordaintzea eta gauez hiru hilabetez ixtea exijitu dio Bizkaiko enpresari. Abuztuaren amaieratik txistu etengabe, desatsegin eta jasangaitza igortzen du inguru zabalean entzuten dena.
Save the Children erakundearen esanetan, Gaza iparraldeko 130.000 haur artatu gabe daude 50 egunez, gutxienez.
Hainbat ikaslek egin dituzte salaketak. Irakasleetako bat sare sozialen bidez ikasleei egindako jazarpenagatik eta sexu proposamenengatik salatu dute. Bigarrena, berriz, ikasgelan izandako jarrera desegokiengatik eta iruzkin sexistengatik. Hirugarrenari dagokionez, ikasleen... [+]
RR
Nork: Maialen Lujanbiok
Noiz: azaroaren 21ean.
Non: Katakraken (Iruñea) plazan.
----------------------------------------------
Hementxe gaude, Katrakakeko aulki guztiak beteta, hementxe. Erorien monumentua eta Landaben hizpide, hasi da koplaka emanaldia edo... [+]
Palestinan genozidio bat burutzen ari den Israelgo estatu eta berarekin batera diharduten enpresa eta erakunde guztiekin eteteko asmoz sortu zen EHU Palestina. Israelen inpunitatea Europan eta Estatu Batuetan dituen harreman politiko, militar, ekonomiko, zientifiko zein... [+]
Esloveniako eskoletan izan duen arrakastari tiraka, Alberdania argitaletxeak Euskal Herriko ikastetxeetara ekarri du Joko Ona Denontzat irakurketa-lehiaketa: DBHko ikasleek “kalitate handiko liburuak” irakurriko dituzte taldeka, eta avatarra aukeratuta, horiei... [+]
Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak... [+]
Milaka lagun bildu dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunean deitutako manifestazio eta elkarretaratzeek. Gizon, hedabide eta erakundeei zuzendu zaie Mugimendu Feminista.
Zenbat komunikazio egoeratan ateratzen da galtzaile euskara? Arduradunak ez duelako aurrez pentsatu hizkuntzak nola kudeatu, erresistentziak egoten direlako eta haiei erantzuteko argudioak prest ez daudelako… Soziolinguistika Klusterrak jendaurrean.eus gida ipini du... [+]
Paris 365 elkarteak 15 urteurrena ospatu zuen larunbatean Geltokin. 15 urte gosariak, bazkariak eta afariak egunean euro baten truke zerbitzatzen urteko 365 egunetan horren beharra duten guztiei. “Atsedenik gabe”, azpimarratu nahi izan zuten bezala. Horrez gain,... [+]
“Ez da posible hiri guztia zeharkatu behar izatea seme-alabak hemengo jatorriko hizkuntzan murgiltzeko” salatu dute guraso askok. Euskarazko plazak ere “oso urriak direla” salatu dute familia askoren artean eginiko bideoan.
Durangoko Azokaren alor digitala da Kabi@ espazioa eta egitaraua. Aurtengo edizioan, abenduaren 5ean eta 6an izango dira Kabi@ko ekitaldiak, Azokaren lehen bi egunetan (gero 8ra bitartean iraungo du). Ekitaldiak banatuko dira Durangoko Bizenta Migel Liburutegiaren eta Landako... [+]
Durangoko Azokako berrikuntzetako bat izango da ZirHika taldeak sortu duen hikalarien bilgunea. Hika hitz egitea eta ongi pasatzea izango da helburua, abenduaren 7an Landako ikastetxean.