argia.eus
INPRIMATU
Titulu ederra, harrera hotza
  • Nafarroako Orkestra Sinfonikoa: Pucciniren Turandot

Montserrat Auzmendi del Solar 2014ko ekainaren 05a

Iritsi da OLBEren denboraldiaren azkeneko txanpa, eta, behar den bezala, titulu kuttunenetako batekin. Izan ere, Turandot opera hogeita hiru aldiz antzeztu da OLBEren historian, hain da erakargarria Puccini-ren obra xarmant hau. Aurtengo azken opera izateaz gain, maiatzaren 17ko saioa elkarteak antolatutako 900.a zen. Beraz, parada honek distira eta arrandia merezi zuen, eta publikoak sutsuki txalotzea ere bai. Baina ez. Ongi garatu zen emanaldia, puntu azpimarragarriak izan ziren, bai, baina hortik ez ginen atera. Eta publikoaren hoztasuna nabaria izan zen.

Puccini-ren fabula eder hau 1926. urtean estreinatu zen, Milango Scala antzokian, Arturo Toscanini-ren batutapean, eta Miguel Fleta tenore ospetsua protagonistaren rolean. Konpositorea obra honekin lanean ari zenean hil zen, beraz ezin izan zuen opera bukatu, eta Franco Alfanok eman zion amaiera hasitako harribitxiari.

Obra zaila da. Adibidez, Turandot oso konplikatua da sopranoarentzat. Alde batetik agudo ikaragarriak exijitzen ditu, eta, bestetik, ikutu wagnertarrak dituen paper hau ez da oso erosoa interpretatzeko. Gauza bera esan daiteke gizonezko protagonistari buruz. Zailtasun bokal apartak ditu, eta gutxitan elkartzen dira beharrezko trebezia haiek gainditzeko eta naturaltasuna interpretatzerakoan.

Aldi honetan Martina Serafin sopranoa ongi aritu zen, ahots sendoa erakutsiz, baina, badakizue nolakoa izaten den taula gaineko “misterioa”, ez zen publikoarengana iritsi. Motz geratu zen emozioak transmititzerakoan, eta hori ez da barkatzen. Marcello Giordani erdipurdi hasi zen, aitortu behar da, baina saioa aurrera joan ahala, hoberantz egin zuen, eta “Nessun dorma” hiperfamatua salbatu egin zuen azkeneko sobreagudoa txukun emanez.

Ahots polit-polita eta gustu zinez ona eskaini zituen Davinia Rodríguez sopranoak. Eta publikoak saritu egin zituen nolakotasun horiek. Beharbada, abeslari txalotuena izan zen.

Emanaldiaren puntu indartsuak? Abesbatzen aktuazioak, Bilboko Operaren Abesbatzarena eta, batez ere Leioa Kantika Koralarena, beti bezala, puntu-puntuan Basilio Astúlezen zuzendaritzapean. Eta, dudarik gabe, Ezio Frigerio-ren eszenografia, irudimentsu eta onirikoa, eta Nuria Espert-en eszena zuzendaritza. Pertsonaiak, taldeak, ezin hobeki mugitu ziren taula gainean, oso eszena plastikoak lortuz.

Beraz, saio atsegina, baina txalo gutxi. Hurrengo denboraldiaren zain geratzen gara.