argia.eus
INPRIMATU
Hor daude

Itxaro Borda 2014ko ekainaren 05a

Eta euskara plantakoan mintzo dira. Guztia dute alabaina herritar zintzoen xarmatzeko. Euskal Herrian ere Fronte Nazionala indartuta atera da Europako hauteskundeetan, Frantzian bezalaxe funtsean. Goizon nazka nabaritzen dut, ihes egiteko gogoa, baina gorotz urrintsuak zikintzen ez duen gunerik ez da gehiago. Europa etsai omen dute. Laborariek, nagusiek, ikasleek eta erakundeek alta, Europarengandik garapenerako diru mordoa eskuratzen dute. FN bozka halatan haserrea azaltzeko baliabidea liteke.

FN alderdiari bozaren emateko intentzioa premiazkoa ote den uste dut. Auzoarekiko gorrotoa dago oinarrian, etengabeko insatisfakzioa, frustrazio morbidoa, antisemitismoa, islamofobia, homofobia, misoginia eta intolerantzia ikusgarria: telebistan irabazle frontistak ez zion hitz bihirik uzten arerio ekologistari.

FN ari da boterearen mailak eskuratzen. Denbora badu eta jendaldeei sinetsarazten zaie bozkatzeak ez duela balio, pentsatzeak are gutxiago, aniztasunak estatuaren handitasuna mehatxatzen duela eta larderia dela ezinbesteko goberna tresna. 

On est mal.
Gaizki gaude.