argia.eus
INPRIMATU
Gure Esku Dago
Ikus-entzunezko emanaldia zuzenean, eta gauean telebista saioa
  • Gure Esku Dago dinamikaren dimentsioa handitzen doa egunetik egunera. Jendetza bildu du herrietan egin diren ekitaldietan eta hainbat ideiatako sektoreak batzeko kapaz izan da. Ekimena duela urtebete jaio zenetik, Argiak gertutik jarraitu ditu eman dituen urratsak. Informazio osoa dakarren kanala ere atondu dugu webgunean.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko ekainaren 05a

Ekainaren 8a hurbildu ahala, egun horretan egingo den giza kate erraldoiari nolako jarraipena egin aztertzen aritu da Argiako lantaldea. Hala, harremanetan jarri ginen lehendik kolaboratu izan duen sareko zenbait hedabiderekin (Topatu, Info7 eta Ahotsa.info), aukera aproposa izan baitzitekeen elkarlanerako. Giza katearen ibilbidean jarduten diren euskarazko hainbat hedabide ere (Goiena, Anboto...) hasieratik prest agertu ziren euren ekarpena egiteko.

Apirilaren amaieran Gure Esku Dagok medioekin lehen bilkura egin zuen eta geroztik hedabideok eta beste batzuk (ikusi beheko zerrenda) makina bat aldiz izan gara elkarrekin, amankomunean egindako lana sustatzeko.        

Zer eskainiko dugu?

Elkarlanari ekin diogun hedabideok uste dugu gure komunitateentzat interes informatibo handia duen mobilizazioa izango dela ekainaren 8koa. Apustu berezia eta anbiziotsua egingo dugu kalitatezko jarraipena bermatzeko. Hau da egun horretan eskainiko duguna:

  • Ikus-entzunezko saioa egingo dugu giza kateak iraun bitartean.  Webguneetan streaming bidez zuzeneko irudiekin hornituko dugu eta irrati bidez ere entzungo da. Bertan jasoko ditugu errepideetan bizi den giroa eta jendearen iritziak, eta unean uneko gertaeren berri ere emango dugu.
  • Sare sozialetan jarraipen koordinatua hedabide guztion artean.
  • Giza kate osoko argazkiak bilduko dituen mapa interaktiboa.
  •  Giza katearen 123 kilometroak dokumentatuko ditugu hainbat formatutan (argazkiak, bideoak,  eta audioak). Bai lurretik eta baita airetik ere hartutako irudiak izango dira.
  • Gauean telebista saioa emitituko dugu egunak utzi duen onena laburbilduz.
  • Denon artean grabaturiko irudiak baliatuz mobilizazioaren bideoa zabalduko dugu sarean.
Argiako kazetariak giza katean barrena

Ekainaren 8an, mobilizazio historikoaren nondik norakoak uneoro jakin nahi dutenek, Argiaren webgunean informazio osoa izango dute: bideoak, streaminga, argazkiak, analisiak, datuak...

Kazetariak giza katean barrena ibiliko dira, irudiak hartu eta informazio nahiz iritziak biltzen. Aurkezle, edizio eta koordinazio lanetan ere arituko dira Argiako kideak.