argia.eus
INPRIMATU
Basoetako artxiboak
Jakoba Errekondo 2014ko ekainaren 05a

Italian Nemi, Galian Luc, Galizian Lugo eta Nemetobriga... Amaierarik ez du munduko baso sakratuen zerrendak. Geurean ere izango ziren, bada! Basoetan azokak, jaiak, batzarrak, sakrifizioak... zer ez zen egingo garai batean. Basoak, eta zuhaitzak, etengabe berritzearen gaitasuna, eta zeruak, lurra eta gure espiritualtasuna batzen ditu.

Konkistatzaileek mendean hartutako herri bat zapaldu eta oinkatu nahi zutenean, haren baso eta zuhaitz sakratuak eraisten zituzten. Lucanok dioenez, Zesarrek, lehen mendean, galiarren baso sakratuetako bat suntsitu zuen, erromatarren ustetan paganoak ziren gurtzak ezeztatzeko. Zeruaren eta lurraren arteko lotura horren faltak menhirren kultua sortu zuela dioenik bada. Geurean Gernika dugu lekuko.

Hemen zuhaitzak begirune handiz hartu izan dira. Erromatarren garaiko Akitania aldeko hilarrietan “Arixo deo”, “Artehe deo”, “Fago deo” eta “Leheren deo” (haritz, arte, pago eta ler jainko) eskaintzak azaltzen omen dira. Gure ekialdeko mugako Bigorra eskualdean ere pagoa gurtzen zutelako arrastoak daude, lauburuekin batera. Zuhaitzon gurtza zahar hori, goseari aurre egiteko, haien fruituei lotua egongo da, inondik ere: pagatxak, ezkurrak eta pinaziak. Pagoari lotutakoaz, adibidez, Olivier de Marliavek halaxe dio.

Manuel Lekuona idazle eta apaizak esaera hau jaso zuen: “Lizarra ez da bedeinkatu behar, berez da bedeinkatua”. Beste apaiz batek, R. M. Azkuek, zuhaitzei zor zitzaien begirunea ederki adierazten duen esaera jaso zuen. Zuhaitz bat eraitsi behar zuen basomutil egurgileak honela esaten omen zion: “Guk botako zaitugu eta barkatu iguzu”.

Apaiz horien sekta, zuhaitz eta baso sakratuen zaindarien beldur izan da. Tokian tokiko jakinduriaren jagole ziren xamanak, aztiak, sorginak... ixilpean erakusten zituzten nekazaritzaren egutegiak, astronomia, gorputzerako eta arimarako sendabelarrak eta abar. Sektaren izua hedatzeko oztopo. Basoak suntsituz jakintsu haien “artxiboak” desagertzen ziren. Gero, gurutzeak jarrarazi zituzten basoen gailurretako mendi tontorretan.

Eskerrak oraindik ere basorik badugun. Octavio Pazek, adibidez, basoan ibiltzea eta alaitasun intelektuala parekatzen zituen.