argia.eus
INPRIMATU
Norberaren garuna jardunean ikustea posible da

Joxerra Aizpurua Sarasola 2014ko maiatzaren 29a

Hainbat laborategik Mind-Mirror sistema sortu dute garunaren jarduera ikusteko. Sistema horretan bi teknologia motak egiten dute bat: errealitate areagotuko teknikek eta denbora errealeko elektroentzefalograma teknikek (EEG).

Hainbat patologia aztertzeko edo berreziketan erabiltzeko balio duen sistemaren funtzionamendua honelakoa da: erabiltzaileak elektrodoak dituen EEG kaskoa kokatzen du buruan, eta 3D kamera batek haren irudia erakusten du monitore batean.

Elektrodoek hartzen duten garun-jarduera, monitorean erabiltzailearen irudiaren gainean zehatz-mehatz kokatuta dagoen garun birtual batera proiektatzen da. Horrela, erabiltzaileak bere aurpegiaren gainean garun bat ikusten du, eta kaskotik bidalitako informazioak eragiten dituen kolore aldaketak ere bai.

Sistemak denbora errealean funtzionatzen duenez oso garbi nabaritzen dira lasaitasun aldiak, edota mota bateko zein besteko pentsamenduekin bat egiten dutenak.

Oraingoz medikuntza-aplikazioak izango dira teknika horren helburu nagusiak, baina bidea berehala zabaltzea espero da, norberaren emozioen kontrolerako heziketan adibidez.