Maite Arroitajauregi eibartarrak bizitza osoa darama musika instrumentuen artean. Kontserbatorioko ikasketak egiten ari zela konturatu zen musika kultuaz gain rocka eta beste estilo batzuk ere gustuko zituela. Zubirik gabeko bi mundu horiek itzulera gabe zeharkatu zituen eta hainbat rock talderen diskotan esku hartzen hasi zen, azkenean bere alter ego den Mursego sortu zuen arte. Hiru (Bidehuts, 2013) bere hirugarren albuma aurkezten dihardu.
Ez zara feminista amorratua, cumbia eta Mario Bross errebindikatzen dituzu, ez duzu post-hardcore edo post-rocka egiten, txeloa jotzen duzu, eusnobei barre egiten diezu eta Eibarrek ez du aspaldi glamourrik izan. Hala ere, modernoa omen da zu ikustea. Zergatik?
Feminista naiz, nire erara, ez zaizkit etiketak gustatzen, erdi eusnoba izan nintekeen, Eibarrek azken aldian inoiz baino glamour handiagoa dauka, fabrikak berrerabiltzen ditugu ekimen kulturaletarako… Ez dut uste jendea nire kontzertuetara modernoarena egitera datorrenik… Zer da modernoa? Modan dagoena?
Zer ikasi zenuen Anarirekin, kontserbatorioan ikasi ez zenuena?
Jendaurrean jotzeko eskarmentua. Eta, gainera, musikari handien ondoan beti ikasten da zerbait. Agertokiari beldurra kendu nion. Musikaz disfrutatzen, entzulegoaren berotasuna sentitzea zer den. Taldean jotzea, ekipo baten parte izatea…
“Txeloa oso barruan daramadan instrumentua da”. Adiera asko ditu esaldiak, ezta?
Oso txikitatik daukat txeloa ondoan, eta ia egunero jotzen dut, txelo irakaslea izan naiz… Instrumentuak ezaugarri bereziak ditu: gainean jarrita jotzen duzu, bibrazio guztiak gorputzean igartzen dituzu, hankartean hartzen duzu… Bizitza guztia darama nirekin. Eta munduko musika tresna ederrena da ahotsarekin batera.
Atzerrian animatu zintuzten bakarrik aritzera?
Atzerrian baino, atzerritarrek. Bilbon, musika esperimentalaren inguruan egindako kontzertu batean parte hartu nuen. Kontzertu hartan Pariseko bi musikarik jo zuten, diskoetxe bat zutenak, nirea asko gustatu zitzaiela esan zidaten eta Parisen jotzera gonbidatu ninduten, beraien diskoetxeko aurkezpen kontzertuan.
Aproposa izan zen zuretzat ezezagunen aurrean jotzea?
Parisen ikusi nindutenen harrera oso ona izan zen, horrek animatu egin ninduen, myspacea nuen galdetzen zidaten. Eta nik, zer zen ere ez nekien. Izen bat pentsatzen hasi nintzen orduan eta Eibarko Gaztetxean jo nuen. Jendeari gustatu zitzaion eta Ander Barriusok estudioan zerbait grabatzea proposatu zidan. Aspalditik neukan grina. Bestela ere emango nuen pausoa.
Zure kantuak, esperimentalak baino, publiko guztientzat direla diozu. Ados nago zurekin…
Nire kantu askok herri kantuen oinarria dute, pop edo musika klasikotik gertu daude, finean kantu sinpleak dira; baliteke horregatik publiko hain zabala izatea: andra edadetuak, gazte eta umeak… Esperimentala? Egiteko modua, formatua… izan daitezke ezohikoak.
Kirola ez omen duzu gustuko, baina emakume-orkestra moduan aritzeak asko dauka kirol fisiko eta burukotik. Noizko kirolarekin lotutako kanturen bat zure tonuan?
Kirola praktikatzea ez zait gustatzen, baina egia da zuzenekoak egiteko kirolariak bezala entrenatzen naizela. Asko nekatzen naiz zuzenekoetan: kontzentrazio maila izugarria da, gauza asko dira kontutan hartu behar ditudanak…
Kirolariren baten kanta egingo nuke, dena den: M. Ali, Nadia Comanetxi, Arkonada, Schuster edo Zinedineri buruzkoa. Kirolaren alde epiko-erromantikoa maite dut. Duda barik, Ander Izagirreri eskatuko nioke letra.
Zer da punka zuretzat? Zureak ere badu hortik...
Punka Sex Pistols-etik harago dagoen zerbait da. Niretzat gehiago da Black Flag edo Minor Threat bezalako taldeek musika bizi izan zuten modua, sinisten zuten horren alde borrokatzea, garai hartan baldintza kaxkarretan biziz.
Bai, nireak hainbat gauzatan antza dauka punkarekin. Sudur puntan jartzen zaidana egiten dut, ez dut pentsatzen entzuleari gustatuko ote zaion. Talde askok jotzen zuten ezer edo gutxi jakinda, eta nik txeloa izan ezik, beste hainbat instrumentu ere hala jotzen ditut, ukelelea adibidez. Izan daiteke, baita ere, edozer gauza jotzeko beldurrik ez izatea. Nire semeak 7 hilebete bete berritan diskoaren aurkezpenarekin hastea, hori bai dela punkia, lehen kontzertua erdi gaupasaz jotzea.
Zure diskoek dendatan “Munduko musikak” apalean egon beharko lukete?
Hasteko, disko dendetan gaizki antolatzen dituzte diskoak, jar ditzatela nahi duten lekuan. Gainera, world music etiketa ez zait batere gustatzen; Ramon Trecetek bere programan jartzen zuen musika deskafeinatu xamarra zen.
Zer esango zenieke euskarak musikarako jokorik ematen ez dutela diotenei?
Euskara oso hizkuntza aproposa da, musikalitate handia dauka. R asko, Z, TZ, TX, TS… K ere asko gustatzen zait. Ez dut ulertzen euskal talde dezentek ingelesez abestea, eta horien artean oso gustuko ditudan batzuk. Entzule moduan oso garrantzitsua iruditzen zait taldearekin hizkuntza berean identifikatzea. [Eskuekin bihotza zabaltzeko imintzioa egin du].
Hain zuzen ere, Anarik orriotan esan zuen legez, bere euskaraz edozein estilo landu daitekeela demostratu zuen bere belaunaldiak…
Bai, hala da. Egia da nik tarteka asmatu egiten ditudala hizkuntzak, musika tresna aukeratzen dudan moduan, kantuari musikalitatea gehitzeko asmoz, baina zerbait kontatu nahi dudanean, hitzei esanahia eman, euskaraz egiten dut, nire ama hizkuntza delako eta sakonago aritu naitekeelako. Halako zerbait ingelesez egitea arrotza izango litzateke niretzat.
Victor Iriarterekin aspalditik duzu harremana eta gauza ederrak egin dituzue elkarrekin…
Lagun onak gara eta aspalditik ezagutzen dugu elkar. Batak bestea animatu izan dugu gauzak egitera eta askotan kolaboratu izan dugu elkarrekin. Nire proiektuetan beti dauka berak lekuren bat, eta nik beretan. Esango nuke gustu estetiko antzekoa dugula gauza askotarako, berak ikuspegi erradikalagoa dauka eta horrek aberastu egiten du nire lana.
Emozioetara iristeko modu onena partiturak alboratzea al da?
Partiturak interpretatzen ere emozionatu zaitezke, baina oso bestelako emozioak dira. Musika konposatzean sortzen den emozioak ez du parekorik, sortze prosezuak bete egiten zaitu. Eraldatu, buruak katakrok egiten dizu eta horixe bera bilatzen duzu entzulegoarengan.
Nola bizi izan zenuen oskol apurtze hori, “Rage Against the Machine txeloz jotzen duena” deitzen hasi zitzaizunean?
Lotsa eta emozio nahasketa. Gustuko nuena egiten nuen nire instrumentuaz. Kontserbatoriora Anestesia, Dut eta halakoak entzuten joaten nintzen; eta pentsatzen nuen: “Nire ikaskideek ez dute beste musikarik entzungo? Ez dute gogorik rocka entzun eta klasikoa ez den beste kontzerturen batera joateko?”. Arraroak haiek dira, ez ni.
Hain mundu apartekoak dira?
Bai. Eta ez lukete izan behar. Azken finean guztia da musika eta musika-lengoaia bera da. Soinuek melodiak sortzen dituzte eta konbinatzean harmoniak. Hori da funtsa. Baina musika kultuak rocka gutxiesteko joera du. Niri kosta egin zitzaidan kontserbatorioa bukatzea, diziplina, bakardadea, gogotik jo beharra… gogorra zen, baina, tira, horrek guztiak egin du orain naizena.
Esaten dute probokatzaile/komunikatzaile onenak eta Aki Kaurismaki bakarrik direla gai edozein astakeria esanda aurpegi espresio berari eusteko. Antzezle sena daukazu?
Aktore sena beti izan dut, bai. Txikitan esaten nuen arte dramatikoa egingo nuela. Agian zutik kantatzeko eta mugitzeko aukera banu espresioa ere gehiago aldatuko nuke. Zipitzik egin gabe gelditzen banaiz, esaten dudana sinisten dudan seinale. Eta Kaurismakirena, meritua da, izan ere, zurrutari ematen dion bezala emanda, espresio berari eustea marka da gero!
Zaila izan da disko hau grabatzerakoan beste bati –Ibon Rodriguezi– zure munduan sartzen uztea?
Alderantziz. Ibon konfiantzazkoa da, aspaldiko laguna. Gustu oso ona dauka, nirearen antzekoa, ezagutzen nau, ezagutzen ditu kantak, egiten dudana, buruaren atzean hirugarren belarria daukala esan ohi dut. Zuzendu dizkit letrak, ahoskera… Errepikatzeko moduko esperientzia izan da, noski.
Gero eta barneratuago daukazu Mursego kontzeptua?
Bai. Gustatzen zait, baina horren bila ere banabil, joera daukat. Gero eta gehiago jakin, orduan eta hobeto. Gauza asko ditu interesgarriak: ugaztun hegalari bakarra, ultrasoinuak erabiltzea, buruz behera lo egitea, zelan komunikatzen diren, mugitzen diren, ehizatzen duten… Ultrasoinu horiek pertsonok ezin ditugu entzun. Batzuk odola xurgatzen dute, banpiroak, hilezkorrak… Nahiz eta ni berakatzaren oso zalea naizen.
82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.
Inguruan dituen emakume sortzaileek halakorik izateak harritu egiten du, baina berak urte askotan izan du iruzurtiaren sindromea. Irauteak erakutsi dio, ordea, gauza asko ondo ere egin dituela. 2021ean Espainiako Estatuko Goya saria irabazi zuen
Maite Arroitajauregirekin... [+]
Deus
Kaskezur
Usopop, 2024
-----------------------------------------------------
Deus dugu galtzeko” diote baztandarrek. Eta hala da. Disfrutatzeko egin dute beti musika, haziz joan diren lau musikari trebeen arteko joko eta jolasean. 2008an taldea sortu zutenetik... [+]
Aspaldi ezagutu genuen gaur gaurkoz Añube taldeko abeslari den Aitor Bedia Hans. Garai berean adiskidetu ginen egun Añube taldeko gitarra jotzaile ohia den Beñat Gonzalezekin. Unibertsitateko garaian izan zen, Debagoienako bi gazteak musika zainetan... [+]
Irungo ospitale zaharrean jaio zen Fermin 1963an, Muguruza Ugartetarrenean. Azken hamarkadetan euskal musikan eragin nabarmena izan duen artista da. Ez alferrik, bera izan da Kortatu eta Negu Gorriak taldeetako abeslaria eta alma mater-a, Esan Ozenki zigilu independentearen... [+]
Fermin Muguruzak kontzertua eskaini zuen pasa den larunbatean Martuteneko kartzelan, Iñaki Pikabea 'Piti' eta Joseba Sarrionandia ETAko kideek espetxe horretatik ihes egin eta 39 urtera. Orain, kontzertua dela-eta hainbat jenderen kexak jaso ostean, Eusko... [+]
Kutixik jaialdia
Non: Intxaurrondoko Kultur Etxean, Donostian.
Noiz: Urriaren 26an.
---------------------------------------------
Donostialdean sortutako musika ekimena da Balio Dute, autogestioa zimendu eta lan-tresna gisa hartuta, "musikariak prekario, bakarti eta... [+]
Donizettiren Don Pasquale opera
Taldeak: EOS eta Bilboko Operako Abesbatza.
Bakarlariak: S. Orfila, M.J. Moreno, F. Demuro, D. Del Castillo, P.M. Sánchez.
Eszena-zuzendaria: Emiliano Suárez.
Eszenografia: Alfons Flores.
Lekua: Euskalduna Jauregia.
Data:... [+]
Gasteizen, Jimmy Jazz aretoaren hamabosgarren urteurrenaren harira, hitzaldi-ziklo bat antolatu dute lau astelehenez jarraian. Aurrekoan artez eta politikaz mintzatu baziren, azaroaren 4an euskal musika eszena izan dute hizpide. Ea existitzen den, eta existitzen bada nolakoa ote... [+]
Musika ondare tradizionala “berreskuratu, zaindu eta transmititzeagatik” irabazi du Eusko Ikaskuntzaren 2024ko saria Beltranek. Urte luzeetako “dibulgazio lan multidimensionala” aitortu nahi izan dio epaimahaiak.
Kasu Hegoaldeko begirada horri. Lehen-lehenik desmitifikatu larre berde, etxe zuri eta teila gorrien lur ederrekiko miresmen itsua, halako maitasun inkondizionala, hizkerari eta ustezko bizitzeko manerari loturiko fetitxismoa. Utz, Ruper Ordorikari sarri entzun gisan,... [+]