Ez da erosoena, baina merezi du

  • Milaka kobazulo dago Euskal Herrian, baina gutxi dira ezagun-ezagunak. Are gutxiago –ez dira dozenara iristen– bisitarako prestatutakoak. Gainerakoez gozatzeko, jeneralean, espeleologian gutxi-asko trebatutakoa behar du. Ez da erosoa, materiala garestia da, arriskutsua izan daiteke... baina harra barnean sartzen bazaizu, kostatuko zaizu ateratzea.

Munarriko koba, Foruan (Bizkaia).
Munarriko koba, Foruan (Bizkaia).

Wikipedia orojakileak irakasten digu alemanetik datorrela karst hitza. Zehazki, Eslovenia eta Italia arteko Kras edo Carso eskualdeak alemanez daukan izena da. Gaur egun, paisaia mota jakin bat izendatzeko erabiltzen da terminoa; orobat, esan ohi da urak kareharria disolbatzean sortzen den paisaia dela karsta, baina hori hautsi beharreko mitotzat jotzen du Arantza Aranburu EHUko geologoak: “Ia edozein harri bihurtu daiteke karst, denbora emanez gero eta ura behar beste azidotuz gero”. Behin ñabardura hori eginda, Euskal Herrian disolbatzeko errazak diren kareharri ugari daukagula gaineratu du Aranburuk. Horrek karsta eragiten du ezinbestean, eta karstarekin batera, leizeak. Bai erruz eragin ere.

Kopuru zehatzik ez

Milaka koba dago gurean. Zenbat, zehazki? Ez jakin. Inoiz horretan ahalegindu denak ederto daki zein zaila den edozein arlotako Euskal Herri osoko datu bateratuak ematea. Kobazuloak ez dira salbuespena. Javi Moreno Euskal Espeleologoen Elkargoko kideak azaldu digunez, euren elkarteak eginda dauka Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako leizeen katalogoa: 5.600 inguru. Elkargoak argitaratzen duen Karaitza aldizkariaren azken zenbakian horien guztien sailkapena ageri da, baita nahi bat ere: “Ea talde nafarrak animatzen diren eta denen datuak batzen ditugun Hego Euskal Herriko barrunbeen katalogoa osatzeko”.

Erraz igartzen da: Nafarroan katalogorik ez dago oraingoz, nahiz eta, Morenok dioskunez, batzuek hasiak diren gabezia konpontzeko lanean. Ipar Euskal Herriaz beste horrenbeste esan dezakegu; alegia, daturik ez dagoela.

Zifra zehatzik ezin emana ez da Euskal Herriaren zatiketaren ondorioa bakarrik. Espeleologiarekin berarekin zerikusia duen arrazoi bat ere badago: etengabe aurkitzen dituzte kobak. Eta ez metro gutxiko zulotxoak bakarrik, baita kilometro askoko luzera duten galeriak ere.

Ez dira egoteko leku erraza

“Gehienek ez dute izenik”, azaldu digu Javi Morenok, “kode batez izendatzen ditugu”. Oso gutxik dute ehun metro baino gehiago, baina luzeenak oso luzeak dira. 50 kilometroraino iritsi daitezke. Horietan sartzen den espeleologoak egun batzuetarako plana egin beharko du, bestela ez baitago denborarik dena ikusteko. Kobak, oro har, ez dira egoteko leku erraza, gutxiago mugitzeko. “Ordubetean 200 edo 300 metro egiten ditugunean abiadura handiz ari garela esan ohi dugu”, adierazi du Morenok.

Trebakuntza handiko espeleologoen kontuez ari gara, noski. Kobazulo gehienetan sartzeko ezagutza tekniko batzuk behar dira –sarrera, maiz, sakonera handiko osina izaten da–, eta horrez gain oztopoa izan daiteke barruan egote hutsa. Jende askori ezinegona eragiten dio ilunpean ibiltzeak. “Ez dakit zergatik”, dio Javi Morenok. Eta askotan, norbera ozta-ozta kabitzen den zirrikituetan ibili behar da.

Horrek ez du esan nahi espeleologiaren sekretuetan murgildu nahi dutenentzat alternatiba bakarra kobazulo turistikoak direnik. Badira bisitatxoa merezi duten aterik gabeko kobak. “Turismorako prestatu gabekoetara ere joaten da jendea egun pasa”, diosku Arantza Aranburuk; “tokian tokikoak ondo ezagutzen du inguruan zer daukan, eta gainera historikoki kobak erabiliak izan dira, udan ganadua bero sapatik babesteko, esaterako”.

Gidarik gabeko txangoa egiteko moduko koba batzuk nabarmendu dituzte Aranburuk eta Morenok: Baltzolako koba, Diman; Supelegor, Gorbeia inguruetan; Los Goros, Arabako Oto Goien herrian... Azken horretan kontuz ibili behar da, aktiboa baita, Aranburuen hitzetan. Bestela esanda, euria eginez gero ur maila bat-batean igo daiteke eta barruan dagoena harrapatu. Euririk gabeko egunetan baino ez sartu, hortaz.

Sarbidea erraza denetan ere, iluntasunaren erreinuan komeni da argi ibiltzea, Los Goroseko adibideak erakusten duenez. Horrelako zereginetan eskarmentua duten gure bi mintzakideek eskuargi bat baino gehiago eramatea eta, bakarrik joatekotan, aurrez norbaiti gure asmoen berri ematea aipatzen dute.

Kontuz ibili, baita kobagatik ere

Baina norberaren osasuna ez ezik, kobarena ere zaindu beharra dago. Hain kobazulo turistiko gutxi egotearen arrazoi nagusia, izan ere, barruan dagoena babesteko premia da. Urteak behar dira leize batek jendetzak jasan ditzakeen aztertzeko. “Kobak nola ‘arnasten’ duen jakin behar da”, dio Arantza Aranburuk, “eta nola eragiten duen gure hatsaren CO2ak”.

Baina arriskua arnas kontuez harago doa. Extremadurako (Espainia) koba turistiko ospetsu baten kasua kontatu digu Aranburuk: bisitaldi batean, ume batek, ondoezik, botaka egin zuen. Ostiraleko azken bisita zen, eta garbiketa lanak astelehen goizerako uztea erabaki zuten. Asteburua nahikoa izan zuten bakterioek inguruko oreka hauskorra hausteko; gaur egun, koba itxita dago, eta antibiotiko bidez ere ez dute lortu bakterioak akabatzea.

Tripako mina izan zuen umearena barkagarria da, beste gauza batzuk ez hainbeste. “Tamalez, batzuetan koba ezezagun batean sartzen gara eta handik gutxira, itzultzean, ikusten dugu norbaitek triskantza egin duela”, diosku, atsekabetuta, Javi Morenok. Estalaktita eraman eta haren ordez zaborra uztea ez da kobara sartzeko plan onena, are gutxiago kontuan hartuta estalaktita bera zabor bilakatuko dela pare bat egun igaro ostean. Aranburuk dioenez, kobazulo barruko gauzak kobazulo barruan baino ez dira xarmagarriak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Espeleologia
2017-02-07 | Jabi Zabala
Diego Garate. Arkeologoa
“Gure historiaurrea berridazten ari gara”

Paleolito garaiko labar arte aztarnategi ugari aurkitu eta aurkeztu dira azkenaldion. Bereziki aipagarriak izan dira 2016an Bizkaian Berriatuko Atxurra eta Lekeitioko Armintxe kobazuloen aztarnategi garrantzitsuen aurkikuntzak. Horien atzean ageri da Diego Garate plentziar... [+]


Eguneraketa berriak daude