argia.eus
INPRIMATU
Zergatik Alemanian ez dituzte kutxak pribatizatzen?

Juan Mari Arregi 2014ko maiatzaren 22a

Kutxabanken etorkizunaren harira, alderdi politikoek, sindikatuek eta patronalek iritzia eman dute, batzar nagusietan interpelazioak egin dira, artikuluak publikatu eta mobilizazioak ere antolatu dituzte, Gasteizen adibidez. Baina ez da egiazko eztabaida publikorik sortu ezarle, aurreztaile, politikari, sindikalista eta enpresarien artean; desiragarria eta osasuntsua litzateke. Oraingoz dakiguna da elite politiko eta enpresarialak erabaki duela arrazoiak daudela Kutxabank pribatizatzeko. Argudio faltsuak eman dira: EBren agindua dela, esaterako. Ez da egia. Galde diezaietela alemanei eta Merkeli. Zergatik Alemanian ez dituzte aurrezki kutxak ukitu?

EAEn aurrezki kutxen fusio prozesua hasi zenetik bazegoen intentzioa kutxak banku bihurtzeko. Eta Mario Fernandez –gero Kutxabankeko presidente bihurtu dena– ez da urrun ibili; pribatizaziorako bidea berak diseinatu du. Orain batzuek esaten dute –besteak beste EAJk– Kutxabank ez dela pribatizatuko etorkizunean bankuen fundazio izango diren kutxek kontrola mantentzen badute. Beste batzuek –ELAk, LABek, ezker abertzaleak eta erakunde sozialek– diote akziodun pribatuak sartu eta kapitalaren %10 edo %20-30 eskuratzen badute, Kutxabanken kontrol publiko eta soziala arriskuan geratuko dela.

Kutxabank pribatizatuko balitz errentagarri izateko eta akziodunei etekinak emateko helburuz, banku-operazio arriskutsuak egitera joko luke. Finantza tresna publiko izateari utziko lioke, herritarrek ez lukete kontrolatuko, eta lurraldearen, ekonomiaren eta gizartearen bizkarrezur izateko bokazioa galduko luke. Ezberdinen arteko akordioa beharrezkoa da Kutxabanken pribatizazioa eragozteko. Oraindik garaiz gaude.