argia.eus
INPRIMATU
Koadroak gehiegi jaitsi zituen museologoa

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko maiatzaren 22a
Paul J. Sachs (1878-1965).
Paul J. Sachs (1878-1965).

Paul J.Sachs Harvardeko Fogg arte museoko zuzendaria eta museologia modernoaren aitzindarietakoa izan zen. 1922an Museoko lana eta museoko arazoak izeneko ikastaro berritzailea ematen hasi zen Harvardeko unibertsitatean. Artearekin zuzenean zerikusia zuten gaiez gain, museoen finantzei eta kudeaketari buruzkoak ere jorratzen zituen ikastaroan. Sachsen eskoletatik gero AEBetako eta Europako museo nagusietako zuzendari eta kudeatzaileak izango ziren ikasle asko igaro ziren eta, hala, haren ikuspegiak eragin handia izan zuen XX. mendeko museologian.

Erakusketa-espazioen antolaketa ere landu zuen Sachsek. Artelanak altuegi jartzeko joera zegoela uste zuen eta Fogg museoan koadroak ikuslearen begien parera jaistea erabaki zuen. Kontua da Sachs gizon txikia zela; ez zen metro eta erdira iristen. Haren ikasleek altuera hura arautzat hartu zuten eta, urtetan, munduko museo askotan lanak behar baino baxuago eseki zituzten.