argia.eus
INPRIMATU
Beltzak zuri eta zuriak beltz
  • Nola belztu behar zuria. Joxan Artzeri omenaldia.

Goizalde Landabaso 2014ko maiatzaren 22a
Irudian, Nola belztu behar zuria ikuskizuna.
Irudian, Nola belztu behar zuria ikuskizuna.

Partehartzaileak: Bide Ertzean, Oier Guillan, Asier Sarasola, Zuaznabar neba-arrebak, Joxan Artze. Non: Usurbilgo Sutegi. Noiz: 2014ko maiatzaren 3, larunbata. 22:00.

Hausnarketara emana dago Joxan Artze Idoia Beratarbidek Nola belztu behar zuria ikuskizunerako sortutako irudian. Haragizko Joxan Artze, baina, lurtarrago azaldu zen Usurbilgo Sutegira. Ikusmina zuen. Kaleratu berri dituen Bizitzaren atea dukegu heriotza eta Heriotzaren ataria dugu bizitza poema liburuetatik mailegatutako olerkiekin sortu dute espektakulua. Ehunka olerki artean hogeita hamarreko sailkapena egin zuten Bide Ertzean taldeko kideek, Oier Guillanek eta Asier Sarasolak. Zeintzuk aukeratu ote zituzten jakin nahi zuen egileak. Lehenengo ilarako bertigoari muzin egin zion eta atzerago jesarri zen emaztea alboan zuela. Gau berezia bizi izan zuen gainezka zegoen Sutegi aretoan. Egia esan, uste dut bertaratutako denok bizi izan genuela.

Rock kontzertua ez zela nabarmen geratu zen hamarretatik hamar minutu joanak zirenean bost gizon oholtzaratu zirenean. Hiru musikari eta olerkari bi. Sarrera-txaloak. Artzeren ahotsa pop doinuetara bestelakotu zen Oier Guillanek eta Asier Sarasolak poesia esateko hain duten modu ezberdinarekin nahastuz. Ordu bete inguruko saio samurra izan zen, une eder asko izan zituena. Eragozpen txikia aurkitu nion nik kontzertuari: txaloak. Interruptus etenbakoa izan zen, ezin hitza eta musikaren uztarketari bide egiten utzi, eta iruditzen zait, artistek bazutela taxuzko atmosfera lortzeko asmoa, ondo harilkatutako gidoia zeramatela, tempoak ondo neurtuak zituztela, eta isiltasunak ere bai. Txaloaldien etenak behin eta berriro eramaten zintuen hasierara. Ezin erabat sartu prestatu zuten giroan. Uste dut hobea izan zitekeela eta hobea izan daitekeela. Alegia, txalorik ez emateko eskatu behar dela. Ez naiz nor txaloak debekatzeko, eta ez naiz hasiko txaloen gainean saiakera egiten (honen harira, Edo argitaletxeak kaleratu berri du Harkaitz Canoren Txalorik ez, arren) baina... zer gertatuko litzateke txalo guztiak amaierarako gordeko bagenitu?

Uler dezazun: Bide Ertzeanek kantu bilakatutako poema amaitu egin zuen: “…elkar maite dutenek/maitasun argiz/egunetik egunera/maiteago eta argiago”. Abestia amaitzerakoan isiltasun ahalegina. Eta horretan barneraturik gozamenak hartzear zintuelarik; Plas, plas, plas. Kitto, istanta. Agur, unea. Egin dezagun errealitate paraleloa: Bide Ertzeanek kantua amaitzen du: “…ez hala hark behin batez/piztu zigun edertasuna/bihotzetik, bihotzetik”. Doinuaren azken-azkenak eta isiltasuna. Handik gutxira hura apurtuko duen ahots bakar bat, Artzeren hitzak gorpuztuko dituena. Hobeto, ez? Sarrerarekin batera txaloak gordetzeko zorroa eman beharko lukete.

Unerik ukigarriena akaberak ekarri zuen. Omendua, hots, Joxan Artze gora igo zenean. Hitz jostunak ezin izan zion hunkidurari eutsi. Urduri zegoen. Emozioa sentitzen zen eta Artze, tarteka, arnasa hartzeko (edo hitz egokiak aurkitzeko) mututu egiten zen. “Zentratu, Joxanton, zentratu zaitez” ziotsan bere buruari emazteak sarri esaten ei dion mantra errepikaturik. Emaztea eta Txaro arreba izan zituen aintzat poetak. Gustatu zitzaion Jexux Artze Kultur elkartekoek eman zioten oparia: Jose Luis Zumeta margolariak egin eta Usoa Zumetak serigrafiatutako lana. Eta gustatu zitzaion Zuaznabar senitartekoek lehengo eran txalaparta jo zutenean.

Sutegik su hartu zuen azken kantuarekin, Mikel Laboak Artzeren berbekin hain ezagun bihurtu zuen “Txoria txori”-rekin. Bertan zeuden musikariengana jo beharrean grabazio bat ipini zuten; Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin batera egin zuen kantu. Beharbada Bide Ertzeanekoek jo izan balute, agian jendea bapatean abesten hasi izan balitz, baina grabazioa jartzearena... ez dakit, niri neuri, aitortu behar dut, gutxien gustatu zitzaidana izan zen.