Maiatzaren 1ean, eraikina okupatu eta gutxira Ertzaintzak eta udaltzaingoak herritarrak kaleratu zituztenetik, ezagunagoa egin da Egiako (Donostia) auzoetxearen proiektua. Adin eta dinamika anitzen bueltan, egiatarren nahiak asetzeko espazio partekatua dute helburu.
Auzoetxearen garapen prozesua bi urtekoa izan dela kontatu digu auzotar gazte batek: “Egian urteak generamatzan gaztetxerik gabe, eta duela bi urte saiakera egin genuen, baina gaizki atera zen. Orduan gazte asanbladak ez zuen indarrik, baina gaztetxe horren kaleratze azkarraren ostean, antolatu behar ginela ikusi genuen”. Auzolan ekimenak, herrietako garai bateko batzarren sistema berpiztea helburu duen kolektiboak, bilera egin zuen Trintxerpen, eta hara joatea erabaki zuten. Ikusi zuten Egian eta San Pedron potentzial handia zegoela eta proiektu pilotu bana prestatu zituzten bi eremuotako bizitza kolektiboa indartzeko.
“Egia auzoak betidanik eduki du herri izaera sendoa”, dio auzotarrak. “Herri mugimendu asko daude bertan, abertzaleak, feminismoari lotuak, artistikoak, langile mugimendua… Kapitalismoak mugimendu sozial oro zapaltzeko asmoa du eta daudenak bakoitza bere aldetik joan dadin nahiago du, denok elkartuta sinergia sortuko dugulako, eta hori arriskutsua da harentzat”.
Auzoan, bestalde, betidanik eduki dute frustrazio sentimendua espazio publikoaren aferagatik. Alde batetik, gaztetxeak sortzeko eraikinak okupatzerako orduan zapalkuntza handia jasan dute. Bestalde, auzoko kultur etxeak ez du auzotarren ahotsa ordezkatzen, eta administrazioaren nahien arabera kudeatzen da. Frontoia estalia da, eta bertan sartzeko ordaindu egin behar dute. Azkenik, Tabakaleraren eraberritzea elitista iruditzen zaie. “Egia Donostiako erdigunearen luzapen bihurtu nahi dute; Tabakalera horren adibide garbia da. Bertan badute talde bat auzotarren hitza entzuteaz arduratzen dena, baina oraingoz ez dugu emaitzarik ikusi eta mesfidati gaude. Betitik izan dugun herri izaera kendu nahi digute”.
“Auzolan ekimenaren aholkularitza jarraituz, hiru batzar nagusi eta auzolan ekintza bat antolatu genituen auzo gisa gure etorkizuna eztabaidatzeko”, dio beste egiatar batek. Aurreko saiakera zapuztuen ondoren, idatzizko proiektu bat egin zuten, auzoaren baloreen manifestua, edozeinek argi izan zezan nondik hasi eta zein bide jarraitu nahi zuten. Joxemi Zumalabe fundazioaren laguntza izan zuten horretarako.
Idatzizko proiektua egin bitartean, adin eta alor ugaritako jendea bildu zen batzar horietan, eta askotariko ideiak atera ziren: denbora bankua garatzeko espazioa, tailer feministak, margolaritza edo argazkigintza tailerrak… Proposamen horiek guztiak barnebilduko zituen proiektu moduan, auzoetxearen ideia mahaigaineratu zuten gazte asanbladako kideek. Ordura arte euren helburua gaztetxea sortzea zen, baina auzotar guztien nahiak asetzeko motz geratzen zela ikusi zuten. Egia horren leku bizi eta heterogeneoa izanik, indar guztien metaketa ahalbidetuko zuen espazio bateratua bilatzea ideia ona iruditu zitzaien batzarkideei, besteengandik ikasi eta denek batera helburu kolektiboa garatzeko.
Hasteko, auzolanean, Egiako Plazaundi plaza margotu zuten. Auzotar guztiei luzatu zieten deialdia, eta egun horretan haur, gazte eta zahar aritu ziren plaza denen artean margotzen. Lehen pauso horrekin, Egia auzotarrek kudeaturiko espazioa izan zedin aldarrikatu zuten. “Batzarrak joan, batzarrak etorri, Egiako kolektibo ezberdinetako jendearen artean harreman sendoak sortzen ari zirela ikusten hasi ginen, baita herri mugimenduetan aritu ez den norbanakoekin ere. Auzoko beteranoenek diotenez, duela hamar urtetik ez da horrelako mugimendu bizirik ikusi hemen”.
Auzoetxearen ideia martxan zela, etorkizunerako bidea hauspotzeko leku fisiko baten beharra azaleratu zen. “Gure helburua, hala ere, ez zen auzoaren indar metaketa guztia espazio bakarrean kontzentratzea. Azken finean, kapitalismoari terrenoa jan nahi diogu, eta gero eta espazio libre eta autogestionatu gehiago badaude, are hobeto”. Eraikina xede publikoz okupatzeko zituzten bi bideak aztertu zituzten: bata, udaletxearekin hitzartzea, baldintza batzuen menpe baina legalki; bestea, okupazioari euren kabuz ekitea. Azken hori hautatu zuten.
Hainbat eztabaidaren ostean, Egiako auzoetxearentzako eremu fisikoa izan zitekeena aurkitu zuten. Kutxaren Onkologiko zaharrak, aurrezki kutxaren obra soziala zenak, bost urte zeramatzan itxita. Gainera, egiatarren harridurarako, eraikina bota eta luxuzko etxebizitzak egitea zen Kutxaren asmoa. Onkologiko zaharra okupatzea oso zaila izango zela jakin arren, maiatzaren 1ean ekin zioten planari. “Dataren (langileen eguna) eta lekuaren (Kutxaren obra soziala zen eraikina) sinbolismoa kontuan hartuta, bi aldarrikapen egin nahi genituen okupazioarekin: gure proiektuari estatus fisikoa eman eta, Kutxabanken pribatizazioaren aurrean, obra sozialarekin aurpegia nola zuritzen duten salatzea”.
Igaro da maiatzaren 1a, eta okupazioak ordu gutxi batzuk iraun zituen, berehala etorri baitziren ertzain eta udaltzainak bertakoak kaleratzera. “Horrek ez du esan nahi Egiako auzoetxearen proiektua bertan behera gelditu denik, hemendik aurrera zer egin eztabaidatzen ari gara. Gutxienez, ekintzari esker eta hedabideen oihartzunak lagunduta, gure proiektua Donostian eta hiritik harago ere zabaltzea lortu dugu, eta batek daki, agian beste auzo batzuetan gurean bezalako sinergiak biltzen hasiko dira”.
Hilaren 17an beste aldarrikapen jaialdi bat egin dute egiatarrek: auzoko frontoian bildu dira, Egiako espazio pribatuak publiko bihur daitezen aldarrikatzeko, eta etorkizunera begira eman beharreko urratsak eztabaidatzeko.
Euskarari Puzka azken kanpainan 16.000 saski saldu dituzte, eta euskararen alde lan egiten duten elkarteentzat bideratuko zaie lortutako etekina.
Euskara hauspotzeko lan egiten duten eragileak ekonomikoki hornitzea da ekimenaren xedea. Ekarpena egiteko bertako produktuen saskiak erosteko aukera izango da urriaren 24tik azaroaren 14ra bitartean.
Nafarroako erdialde eta erriberako nekazariei eta euskalgintzari babesa adierazteko produktu loteen eskaerak egin daitezke Errigora. eus webgunearen bitartez. 'Eutsi geureari' izeneko kanpaina abiarazi zuten atzo eta martxoaren 13ra arte aukera dago saski horietako... [+]
Hamar urte dira saskiekin hasi zirela eta bi milioi euro bildu dituzte guztira.
50 euroko saski bakar eta "biribila" eta komunitatea batuko duen argazki erraldoia atera nahi dituzte urteurrena ospatzeko kanpainan. Azaroaren 9ra bitartean egin daiteke saskien eskaera.
Baserritar bat abereak gobernatzen edo traktorea gidatzen irudikatu beharko bagenu, ziurrenik gizon heldu bat imajinatuko genuke. Erreportaje honetarako elkarrizketatu ditugun baserritarrek, ordea, erakutsi digute iruditeria folkloriko horren atzean badaudela landa eremutik... [+]
Nafarroa erdi eta hegoaldean euskaraz ikasi bai baina erabiltzeko aukera gutxi du haur askok. Herri horietan aisialdia euskaraz gozatu ahal izateko asmoz jaio ziren Jolasteka ludoteka euskaldunak. Ikasturte honetan gutxienez 16 herri, 22 jolasteka eta 3 eta 12 urte arteko 211... [+]
Iazko udan suteek panorama iluna utzi zuten Nafarroan, argazkiko San Martin Unxen lurren %95 kiskali zuten. Asko hitz egin zen hedabideetan suteek eragindako kalteez, baina nola aurre egin gero eta sute gehiago eman daitezken testuinguruari? Nafarroako Gobernuaren interes falta... [+]
Errigoraren baitan dauden ekoizleetatik zazpik parte hartzen dute jantokietarako formatu eta eskaintzan egokitzapenak eginez. Ager eremuko baratzeetan dauden produktuak prestatzen dituzte. Produktu horiek jantokietan sartuz gero, euskal lurraldeen artean "harreman iraunkor... [+]
Osotara, 9.000 eskaera jaso ditu euskara eta elikadura burujabetzaren aldeko ekimenak 'Eskutik eskura' udaberriko kanpainan. Laster Euskal Herriko txoko guztietara iritsiko dira eskaerak.
Euskara, elikadura burujabetza eta auzolana bultzatzea dira Errigoraren helburu garrantzitsuenak. Bost ekoizlerekin hasi ziren 2013an, baina gaur egun dagoeneko 23 dira, eta beraz, urrats bat gehiago eman beharra sentitu dute: Errigora identifikatzailea.
Ekainean Nafarroak inoiz jasan gabeko kalteak izan zituen suteen ondorioz. Errigora ekimenak diru bilketa abiatu zuen uztailean, ondorioak bideratu ahal izateko eta "lurrarekiko begirunez jardungo duten ereduak" sustatzeko. 85.000 euro bildu dituzte Euskal... [+]
“Bat egiteko garaia da” lelopean burututako kanpainari esker 13.000 saski banatuko dira hurrengo egunetan eta 200.000 euroko ekarpen ekonomikoa bideratuko du Ager zonaldeko euskalgintzaren egitasmoetara. Euskaraldia azaroaren 18an hasiko da, eta ariketa sozial masibo... [+]