Leioako kale arteen azoka erraldoia 15. ediziora heldu da aurtengoan. Maiatzaren 15etik 18ra bitarte, biztanle ezohikoek hartuko dituzte hiriko kaleak: klownek, dantzariek, antzezleek, bihurrikariek, pailazoek, arte hauetako gainerako sortzaileek. Ehundik gora errepresentazio eskainiko dituzte, bazter ugaritatik etorrita. 43 konpainia batuko dira. Kultur Leioak antolatutako ekimena da.
Erabateko estreinaldiak 18 izango dira, eta horietarik zortzi euskal antzerki taldeen eskutik. Baliabide artistikoak anitzak dira Leioan: dantza, antzerkia, antzerki mugikorra, keinu bidezkoa, zirkoa, mikroteatroa, bihurrikatzea, maskara antzerkia, musika uztartzen duten ikuskizunak, klownak, dantza bertikala, dantza hiritarra, instalazioak eta jokoak, zirko garaikidea, performancea, gorputz perkusioa edota diziplina anitzeko ikuskizunak.
Ekintza paraleloak ere antolatu dira gainera. Besteak beste, Toti Toronell pailazo katalanaren marrazkiak eta poema ikusgarriak biltzen dituen Totidadeak, pailazo baten zirriborroak erakusketa eta Algortako Bertso Eskolak antolatutako Bertsoklown ekimena. Bestetik, Kultur Leioako eraikinean 15 urteetako kartelak eta argazkiak proiektatuko dira.
Leioako kaleetan aurkituko dugun taldeetako bat Hortzmuga dugu. Aurten, konpainiak 25 urte bete dituela eta, Nola antzezlana ondu dute. Kale antzerkirako sortu zen taldea, baina aretoetan jardun du bolada luzean eta obra esanguratsuak taularatu dituzte. Orain jatorrira itzuli dira: “Ez gara baina, sekula kaletik aldendu”, diosku Arantza Goikoetxea Hortzmugako zuzendariak.
Nola antzezlanean, testu barik hurbilduko dira ikusleengana (nagusiki haurrak). Sortutako soinuen mundua eta ikusiko dutena izango dira komunikazio bidea. “Sorkuntza prozesu luze batean murgildu ginen eta laborategian emandako ordu luzeek zer eta nola kontatu definitzera eraman gaituzte” dio zuzendariak. “Jaiotzen garen momentutik izaki apartak garela aldarrikatzera eramaten gaituen beharrizana da Nola. Gizakion arteko aldeez ari da, norbanakoen barne munduez”. Akzioa bi espaziotan garatuko da, kanpoan eta barruan, estruktura zarratu bat tarteko. Hala, 20 ikusle baino ez dira izango 20-25 minutuko pase bakoitzean. Lan berri honek Poloniara eramango ditu udan, Gdansk hirira hain zuzen, hango Feta kale antzerki jaialdian parte hartzera.
Kale antzerkiko taldeen egoeraz ere hitz egin digu Arantza Goikoetxeak: “Osasun pattala dugula esan dezakegu, baina betiko kontua da hori. Gero eta eskaintza handiagoa dago, hiltzeko jaiotzen diren konpainiak, edo betiko konpainiak, egoerari aurre egin ezin eta zarratu behar dutenak. Euskal kulturaren identitate zati bat galtzen da konpainia batek ixten duen momentuan. Atzetik datozen belaunaldiek ez dute bide erraza”.
Egoerak bultzatuta, Leioako Umore Azokak eta Bilboko Kalealdi jaialdiak bat egin eta Artekale elkartea eratu zuten 2004an, sektorearen duintasuna eta ezagupenaren alde egiteko.
Aretotik plazara jauzia egin duen beste euskal konpainietako bat Kukai dantza taldea dugu. Gelajauziak dugu Kukairen lan berriena, dantza tradizionala eta garakidea batzen dituena. Umore Azokan estreinatuko da.
Kataluniako Cesc Gelabert eta Kukai taldeko Jon Maya koreografoek sortu dute Gelajauziak. “Proiektuaren abiapuntutik, kale ikuskizun gisa planteatu nahi izan dugu eta honek asko markatzen du ikuskizunaren forma ere” diosku Jon Mayak. “Euskal herri-dantza zaharretan oinarritu gara, horren inguruan gogoeta egiteko. Hasieran, Gipuzkoako dantza zaharrak eta dantza jauziak izan zituen abiapuntu, baina gerora, jotaren inguruan egin dugu lan. Bere balio sozialean eta sinbolikoetan sakondu dugunez, garrantzia eman diogu dantza horiek normalki izan duten eremu naturalari, herriko plazari”.
Xabier Erkizia eta Aikho folk musika taldeko Sabin Bikandi eta Patxi Labordaren laguntza izan dute Kukaiko dantzariek. “Maisu handiak dira. Dantzan bezala, musikak ere oinarrian ditu tresna tradizionalak, baina tratamendua oso berezia da” dio Mayak. Bestalde, Nestor Basterretxearen Akelarre eskultura eta berak diseinatutako beste pare bat pieza ere ikuskariaren parte izango dira.
Kale antzerkiak ispilu funtzioa izan dezake batzuetan. Eguneroko paisaian bi tipo ageri dira, bi gizaki primitibo, gure garai bizkorrotan seko harrituta. Hauxe da Gasteizko Kolektibo Monstrenko taldeak ondu duen lan berriaren abiapuntua. Leioan estreinatuko dute Althra Silex. Andrés Berazes eta Javi Fernandez antzezleek azaldu dutenez, publikoarekiko harreman zuzena bilatzen du ikuskariak. “Kalea gauza bizia da, errealitateak ez du ia fikziorik behar. Protagonista eta era berean ikusle izaten saiatzen gara. Akzio eta erreakzio truke honetan dago komunikatzeko asmoa. Dibertigarria eta alaia izan daitekeelakoan gaude. Zonalde eta ordutegi komertzialetan ateratzen saiatzen gara, kalea espazio publiko, espazio pribatu eta kontsumo espazio lez ulertzen dugulako” diote.
Publikoarekiko harreman zuzenak beldurtzen ote dituen galdetu diegu Berazesi eta Fernandezi: “Errespetua ematen du. Kalea, tribu zibilizatuen paisaia da, eta askotan izan daiteke arrotza. Adi egotea eskatzen du, alde basatirik ere badu. Kaleko antzerkia ere horrelakoa da”.
Leioako umore Azokaren harira, Frantziako Generik Vapeur taldeko gidoilari eta zuzendari den Pierre Berthelot izan zen gure artean, eta Kalerako Idazten ikastaroa eman zuen. Berthelotek 40 urte daramatza kale antzerkian, bere belaunaldiko antzezle gazteek sortu baitzuten kale antzerki berria. Antzerkia antzokitik ateratzeko lehen saioak izan ziren, eta kalea gure egin nahi genuen” gogoratu du Berthelotek. “Kanpoan zein giro dagoen ikusteko egiten dut kale antzerkia”, dio, baina giro metereologikoa ez ezik, “giro soziala eta politikoa ere ikusteko, funtsezkoak baitira gure lanean. Kale antzerkia, niretzat, arte totala da”.
Antzerkia aretotik ateratzea izan du beti xede. “Antzokia antzerkirako tokirik egokiena bada ere, kalea da gure eremu naturala. Sortzailea beharrezkoa du gizarteak, dauden arazoak seinalatzeko orduan. Inguruaz eta hiriaz hitz egiteko bestelako modu bat da”.
Alemania, Polonia, Italia, Txile... Munduan barrena ibili dira Generik Vapeurreko antzezleak. Beren muntaia erraldoietan ehundik gora lagunek parte har dezakete, horregatik, askotan tokian tokiko antzezle amateurrekin egiten dute lan.
Ekintza publikotzat du kale antzerkia Berthelotek, “azken finean, antzerkia haserretik eta borrokatik ere sor baitaiteke. Zeure burua askatzeko ere sortzen duzu, nolabait”. Hain zuzen, beren muntaiak aski probokatzaileak dira. Publikoaren eguneroko eszenatokian jardutea gustatzen zaio Bertheloti: “Antzerkira inoiz joaten ez den jendea topatzen baita. Antzerkiarekiko zaletasuna sortzen dugu kalera ateratzen garen bakoitzean”.
Nafarroan eraikitzen ari den tren lasterraren langileak esklabotza egoeran ari direla salatu du AHT Gelditu elkarteak Iruñean emandako prentsaurrekoan.
AEBko John C. Coughenoiur epaileak onartu du Washington, Arizona, Illinois eta Oregon estatuek elkarrekin aurkeztutako helegitea, eta horren arabera atzera bota du Donal Trumpek AEBn jaiotako migratzaile ez legezkoen seme-alabak kanporatzeko dekretua.
Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, gizarte-zerbitzuek ez dute bestelako aukerarik eskaini, kaltetuak eskaera bat baino gehiago egin badu ere. “Legearen, erasotzailearen eta erakundeen aurrean” emakume horrek pairatzen duen erabateko babesgabetasuna... [+]
Màtria o barbàrie (Angle Editorial) liburua aurkeztera etorri da Júlia Ojeda irakasle eta literatur kritikaria, Donostiako Emakumeen Etxera. Liburuan parte hartu duten 30 emakume katalanek matria eraikitzea proposatzen dute feminismo nazionalista ardatz... [+]
‘Gerraren eta faxismoaren aurka’ lelopean manifestazioa antolatu du Gazte Koordinadora Sozialistak larunbatean Iruñean eta Bilbon.
Donald Trumpen agintaldia hasi da politika atzerakoiak ezartzen woke edo DEI izan daitekeen guztiaren kontra, eta baita neurri teknologikoak iragarriz. Lehen unetik, karguaren zina egin zuenetik, teknologiako erraldoien buruak lehen lerroan egotea deigarria izan zen: bereziki... [+]
Mark Rutte NATOko idazkari nagusiak arrazoia eman dio Trumpi eta esan du "Europak inbertsio militarra handitu" behar duela.
Arkitektoen elkargoaren helegitea dela eta, Donostiako Udalak atzera bota du kontratazio espedientea.
Antolatzaileek Biltzar Nagusian harturiko erabakia da: aurten ez dute Lapurtarren Biltzarrik antolatuko Uztaritzen. Motibazio eskasa da erabakiaren oinarrian dagoen arrazoia.
Datorren astean Departamenduko Laborantza Ganbarako hauteskundeak ospatuko dira Ipar Euskal Herrian. Frantzia mailako FDSEA eta CR sindikatuez gain, ELB Euskal Herriko Laborarien Batasuna aurkezten da, "euskal laborarien defentsa" bermatzeko.
Ostegun honetan 30 urte bete dira ETAk Gregorio Ordoñez PPko Donostiako zinegotzia hil zuela. Hainbat arrazoirengatik euskal gizartean zirrara berezia sortu zuen atentatua izan zen. PPko eta PSOEko zinegotzien aurkako atentatuen atea ireki zuen.
Erakunde publikoen bekak eta sariak. Kritika eraikitzaile bat izeneko dokumentua plazaratu du Lanartea elkarteak. Berria-k zabaldu du laburpena, eta txostena eskuraturik, hemen duzue elkarteak erakunde publikoei egiten dien gomendio sorta.