Coventry (Ingalaterra), XI. mendea. Leofric (968–1057) hiriko jaunak bertako biztanleak abailduta zeuzkan, zerga itogarriak medio. Lady Godiva emazteak behin eta berriro eskatu zion kargak arintzeko eta Leofricek, azkenean, amore eman zuen: zergak arinduko zituen baldin eta emazteak zaldi gainean eta biluzik Coventryko kaleak ibiltzen bazituen. Herritar guztiei etxean geratzeko eta leihoak ixteko agindua eman ondoren, Godivak kondearen baldintza bete zuen, gorputz biluzia bere ile luzeak estalita. Hartara, Leofricek zerga astunak ezeztatu zituen. Hala dio kondairak behintzat.
Lady Godiva benetan existitu zen, hari buruzko datu gutxi iritsi zaigun arren. Leofricekin ezkondu zenean, dagoeneko alargunduta zegoen, Liber Eliensis lanaren arabera. 1043an senar-emazteek Coventryko beneditar monasterioa fundatu zuten. Roger of Wendoverrek XII. mendean idatzi zuenez, kondesak konbentzitu omen zuen senarra monasterioa sortzeko funtsak emateko. Haien izenak beste hainbat erlijio etxeren ongile gisa agertzen dira dokumentuetan, Worcesterren, Lincolnshiren... Coventryko herriari ere emaitza oparoa egin zion Lady Godivak: Mannig urregin ezagunak landutako pieza sorta. Godivaren ekintzen azken berriak 1066. urtekoak dira, eta badakigu 1088an dagoeneko hilda zegoela.
Datuok kondesa eskuzabala omen zela adierazi arren, ez dirudi biluztearen kondaira egia denik. Elezaharra XIII. mendean idatzi zuten lehenengoz, ustezko gertakizuna baino 200 urte geroago. Hainbat historialarik ugalkortasun erritu paganoen kutsua hartzen diote kontakizunari: erreginagaiak kaleak biluzik ibili behar omen zituen udaberriaren etorrera ospatzeko. Beste azalpen bat garai hartako prozesioak dira. Damudunak azpiko jantzi modukoan egin ohi zuten bidea. Hala, Godivak penitentzia azpiko jantzian egingo zukeen, baina, denboraren poderioz, jantzi guztiak erantzi eta elementu erakargarriagoak erantsiko zizkioten. Gainera, lege anglosaxoien arabera –normandiarren konkista baino lehenagoko garaiaz ari gara–, Lady Godivak ere zergak ezartzeko eskumena zuen. Beraz, zaldi ibilaldiak ez luke zentzurik.
Historiako voyeurismo unerik ezagunenetakoak ere ez du egiazko oinarririk. Kondairak dio Tom jostunak zulo bat egin zuela kontraleihoan zalduna ikus ahal izateko, eta Lady Godiva begiztatzeko unean itsu geratu zela. Bada, kondairaren iturri zaharrenetan ez da Tom Begiluzearen arrastorik ageri. Gainera, Tom (Thomas) ez da izen anglosaxoia, eta 69 familiaz osatutako Coventry txiki hartan gertagaitza da Tom izeneko biztanlerik egotea. Edo herriko emakumerik boteretsuenak bere oniritziz ezarritako zergaren aurka biluzik protesta egitea.