"Ez zait gustatzen nire burua akuarelista definitzea: margolari naiz"

  • Egunkaria erostera dendara sartu zarelarik, gizon adinekoa fortunatu zaizu aurrean. Argazki erakusten ari zaio saltzaileari, margolan ikusgarriak ageri. “Zure izena?”, zure galdera. “Jimeno Mateo, Jimeno Lahidalga margolariaren semea nauzu. Margolaria naiz neu ere”…

"Eman zidan askatasuna estimatzen diot aitari".Zaldi Ero
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zuen aitari buruz hasi ohi zara beti hizketan, zeure buruaz baino lehen…

Ni baino lehen, gure aita izan zen, horretan ez da zalantzarik. Migel Jimeno Lahidalga. Bera gabe, ni besterik nintzen. Hala ere, ni ez naiz margolari aita margolari izan zelako, zaletasuna barruan piztu zitzaidalako baizik. Haurretatik, marrazten eta margotzen hasi nintzen. amorratua nintzen horretan. Eta errege erregalorik onenak ere margoak eta lapitzak nituen, bestelako jostailuak baino nahiago nituen, askozaz. Nik ez dakit nire obrak batere balio duen, geroan ere baliorik izango ote duen, baina ez zait axola. Niri margotzea dagokit, maitasunez margotzea da nire egitekoa, margotzen ari naizenean gozatzea, barruan sentitzen dudana egitea. Ez dut onartzen inork nire lana zuzen dezan, zer egin behar dudan agintzea inork. Horregatik ekarri dut, ezer baino lehen, gure aita aipura. Bera gabe –esan dut–, ez nintzela naizena izango, horixe eman zidalako: sentitzen nuena egiteko askatasuna. Inoiz ez ninduen behartu beraren estiloa segi nezan. Aita eta maisu izan nuen aldetik, eman zidan askatasuna estimatzen diot, oroz gain.

Askatasuna…

Bai, libre uzten zituen ikasle guztiak ere. Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan irakasle izan zelarik, askatasuna eman zien margolari guztiei. Oso maitea zuten denek. Carmelo Ortiz de Elgeak, esaterako, hamabi urte zituela ezagutu zuen gure aita eskola hartan. Marraztera joan zen Carmelo, eta esan izan duenez, huraxe izan zuen abenturaren hasiera. Gauza guztien gainetik, askatasuna estimatzen zion Carmelok gure aitari. Eta iritzi berekoak ziren Juan Mieg, Juan Jose Urraca edo Joakin Fraile... Ez dakit nik esatekoa den, baina Arabako gaur egungo artearen aitzindari izan zen, nahiz eta artearen norabidea zuzentzen dutenek ahantzia duten; hein batean, bederen. Margolariek beraiek, aldiz, beti izan zuten gogoan, aintzat hartu zuten. 1965ean, esaterako, omenaldia egin zioten, eta margolan bat ere erosi zioten. Hemengo museoari eman zioten.

Txikitatik izan zenituen margoak eta lapitzak eskura…

Eta akuarelak. Eta etxean aita margolari izanik, margotzeko akuilua izan nuen. Aurrerapen handia egin nuen oso denbora laburrean. Hamalau urte nituela, lehenengo erakusketa egin nuen. Akuarelak erakutsi nituen. Ondoren, olioari lotu nintzaion. Eta, harrezkero, bietan jarraitu dut. Lerro kurboak egiten hasi nintzen txikitatik. Horixe izan nire obsesioa! Naturaletik margotzen nuen. Batzuetan, bakarrik nintzela; bestetzuetan, aitarekin batera. Herri txikietan nahiz landan. Lotsak nintzen, tramankuluak atera eta margotzen hasten nintzen, inork ikusiko ote nituen lotsatan.

Bartzelonan lotsagabetu zinen…

Bai. 1951ko irailean joan nintzen Kataluniara. Bartzelona hiri handia zen, eta kalean bertan hasi nintzen margotzen. Lehenengo, Irurita gotzainaren kalean hasi nintzen, auzo gotikoan. Arranbletan baino jende gutxiago ibiltzen zen han! Margoa egin nuen, baina artean pertsonarik sartu gabe. Hurrengoan, Loreen Arranbla margolana egin nuelarik, pertsonak sartzen hasi nintzen: giza irudiak ziren, mugimenduan. Arabako bazterretan lotsatan nintzena, Bartzelonan lotsagabetu nintzen. Han jendea zen beti, batetik bestera jendea beti kalean. Inguratu egiten ninduten margotzen ari nintzela, baina errespetu handia zioten nire lanari, aurrealdea libre uzten zidaten, margotu behar nuena eragozpenik gabe ikus nezan. Katalanak ohiturik zeuden, oso, artistak kalean ikusten, margotzeko lanean. Lotsa galdu nuelarik, akabo!, Bartzelonan batetik eta bestera hasi nintzen, margotzen beti: portua, hondartzak, bainulariak… Zernahi! Hango plaza ederrak eta! Lorategiz beteak! Toki alaiak zitzaizkidan, hainbeste harri, porlan eta zementu gabe!

Gasteizera itzultzean…

Bada, kalera irten nintzen Gasteizen, Bartzelonan horretara ohitu bainintzen! Andre Maria Zuria margotu nuen, alde guztietatik ere! Beldurrik ez nuen, Bartzelonan galdu nuen lotsa. Hala ere, kalean tramankuluak atera eta aulkia jartzea beti zen balentria txiki bat. Jendeak harri eta zur begiratzen zidan: “Zer egin behar dik honek, ordea?”, esanez bezala. Margolanean hasi eta inguratu egiten ninduen jendeak, baita aurrealdean jarri ere, nire ikusmira galaraziz. Behin –inoiz izan dudan esperientziarik makurrena–, Prado kaleko barrakak margotzen hasi nintzen abuztuko jaietan: bateko zaldiko-maldikoa, besteko noria, haurrak han eta hemen… Alde guztietatik jendez inguraturik ni, berritsu bat banintz bezala. Faborez, ikusten uzteko esaten nien, ez jartzeko parean. Batek baino gehiagok bekozkoa jarri izan zidan; ikustekoa zen haien muturraldea! Ahal izan nuen moduan zirriborroa egin haien buru, beso eta hanka artetik begira eta martxa!, etxera joan nintzen. Hura ez zen atarramendua!

Gasteiz margotzen amorratua izan zara…

Ez Gasteiz bakarrik… Batzuetan toki tipiko horietatik alde egiten nuen: Andre Maria Zuria plaza, Aihotz plaza… Adibidez, sei solairuko etxe bat margotu nuen, Resbaladero aldapan jaso zutena. Ez zuen inguruko eraikinekin bat egiten. Itxuragabekeria galanta! Aldian aldiko politikariek ez zuten askorik lagundu: Abasto plaza zaharra eraistea ere baten batek aginduko zuen, bada!... Eraikin berri zenbait, aldiz, atsegin izan nituen. Eta margotu egin nituen. Araiako zinema-tokiaren sarrera, adibidez. Herriko artista batek egina zen –neska gazte bat–, ondo merke egin ere. Ez alferrik! Gero, dirutza ordaindu zioten kanpoko “jenio” bati, eraikin modernoa egin zezan. Halakoxea egin ere!

Gasteiz margotu duzularik, erreportaje lana ere egin duzu…

Nire helburua ez zen hori, ez da inoiz izan. Toki horiek gustatzen zitzaizkidan, tipikoak eta bestelakoak. Leku zaharrak desagertzen uzteak min ematen dit. Horretan bat egiten dut Jacques Tati zinema zuzendariak Mi tío [Mon oncle, jatorrizkoan] filmean agertzen zuen sentimenduarekin: filmean, pikatxoiak eraikin klasiko bat eraisten zuen, ondoren halako kutxa modernista bat altxa zezaten. Berdin ageri zen Play Time-n ere: Paris klasikoa ez zen ageri eraikin modernoetako beirateetan besterik! Egundo horrelakorik! Hortaz, Gasteizko zirriborroak egiten jardun nuen, beti akuarelan. Garai hartan egindako margolanetan ageri diren bazter asko eta asko galdu egin dira betiko, edo zeharo bestelako itxura dute gaur egun, bistan denez.

Tokiak dituzu lanerako iturri... Ez dakit “inspirazio iturri” esateak balio duen…

Inspirazioa era askotakoa izan liteke… Izan liteke poz bat, tristura bat… Izan liteke ikusi duzun zerbait, zausk egin dizuna, ezinago eder zelako, edo itsusi. Margolaritza eta zinema dira nire zaletasunik handienak, eta, askotan, zinematik edan dut, zinema izan da nire inspirazio iturri. Un americano en Paris [An American in Paris, Vincente Minelli]) ikusi nuelarik, filmaren amaierako balet zoragarriak zeharo hunkitu ninduen, eta uste dut Dato kalea izeneko akuarelak baduela balet hartatik, nahiz eta zirriborroa kale horretako Losa etxetik egin nuen. Giza irudiak mugimenduan margotzea, berriz, Bartzelonako Loreen Arranblan ikasi nuen egiten; handik zetorkidan joera… Nik, beti, zirriborroak egiten ditut naturaletik. Bestela, sormenezko oharrak hartzen ditut. Hasieran, akuarelan egiten nituen. Oharrak izanagatik ere, zenbait alditan azken bertsioa zirelako itxura zuten; itxura hori izan zezaketen, bederen. Gehienetan, hala ere, koloretako lapitzak baliatzen ditut zirriborroak egiteko. Ondoren, errotuladorez edo boligrafoz errepasatzen ohi ditut. Kolorerik nahi ez dudanean, berriz, errotuladore beltza, boligrafoa edo lapitza erabiltzen dut, besterik gabe. Zirriborrorik gabe, nekez ni! Bi olio ditut, bi besterik ez, zuzenean eginak, aurretiazko zirriborrorik gabe.

Zure biografiaren erakusgarri da zure obra.

Erraz egin liteke nire bizitzaren biografia nire obraren bitartez. Ibili ditudan bazterrak margotu ditut, txikitatik; ondoan gertatu zaizkidan pertsonak, hau da, familia eta lagunak… Eta, gehienbat, ibili ohi ditudan lekuetan margotu izan dut: jatetxeetan, kontzertuetan, trenetan… Azak ontzeko, nire soldadutza ere margotu nuen. Ez naiz batere soldadu ez soldadutza zalea, baina nire bizitzako atal izan zen… Gorroto ditut gerrak. Oraindik gogoratzen naiz, ni ume eta Bilbon, nola bonbardatu ziguten etxea nazionalek. Gu, logela batean etzanik: gizonak, andreak, haurrak. Izu-ikaratan!... Logela hura eta eskailera besterik ez zen osorik geratu! Sekulako trauma eragin zidan…

Sariak ere jasoa zara. Zer dituzu sariok?

Ni akuarelak egiten hasi nintzen, eta akuarelak eman dizkit pozik handienak, dela sariak, dela kritikaren goraipamenak. Behin baino gehiagotan hautatu dute nire lana estatuko lehiaketarik garrantzizkoenetan. Hor bada liburu didaktiko bat, adibidez, Taller de las Artes [Arteetako tailerra] izenekoa. 1980koa da. Loreak akuarelan margotzeari eskainitako atalean, esaterako, eredutzat jarri ninduten, Velazquez, Zurbaran, Monet, Van Gogh, Picasso eta beste hainbaten ondoan! Ofizioko artista omen nintzen, hala olioa nola akuarela sakon ezagutzen omen nituen!... Bai, akuarelaz hasi nintzen, baina olioak ere sari eta kritika onak ekarri dizkit… Dena den, ez zait gustatzen nire burua akuarelista definitzea: margolari naiz, eta zernahi teknika landu dut, dela akuarela, olio, akriliko, gouache, marrazkia edo beste.

Marrazkia, hain zuzen. Horixe izan duzu lan-bide…

Margoaz gain, marrazkia. Publizitate marrazkia, nahi baduzu. Baina afixak, aldizkari eta liburu azalak, altzari marrazkiak… denetarik egin dut, baina, egia da, 41 urtez Mercedes Benz enpresan jardun nuen, marrazkilari. Auto, autobus, furgoneta, fabrika… horrexek eman dit jaten. Gure aita zenak erakutsi zidan perspektiba lantzen. Altzari marrazten ere berak erakutsi zidan, lanean lagun niezaion. Izan ere, Gasteizko altzarigile batek baino gehiagok eskatzen zioten altzariak marrazteko, eta nik laguntzen niolarik, diru gehigarria sartzen zen etxean. Behin, Madrilera joan zen gure aita. Erakusketaren bat zuen aitzakia eta astea iragan zuen han. Bada, aste hartan neuk ordezkatu nuen Bonilla Etxean [Altzari etxe ezaguna izana Gasteizen]. Inondik ere, zuzen eta artez burutu nuen nire lana. Korapilo zailak askatu nituela esan zuten, bederen!


Azkenak
2024-11-28 | Gedar
Zumaiako Balenciaga ontziolako langileek mobilizazioei ekingo diete, lanpostuen defentsan

Enpresa jo dute egoeraren erantzuletzat, baita erakunde publikoak ere. Langile batzuek bost hilabete baino gehiago daramatzate kobratu gabe, eta ostiral honetan egingo dute manifestazio bat, ontziolatik abiatuta: ez dezatela itxi aldarrikatzeko.


2024-11-28 | Irutxuloko Hitza
Mikel Zabalzaren omenezko plaka jarriko du Donostiako udalak larunbatean, Intxaurrondoko kuartelaren aurrean

Donostiako Udalak Mikel Zabalza Garateren (1952-1985) omenezko plaka bat jarriko du larunbat honetan (hilak 30), Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelaren aurrean (Baratzategi kalea, 35). Guardia Zibilak gaurko egunez atxilotu zuen Zabalza, 1985ean, Altzako bere etxean... [+]


Plastiko kutsadura mugatzeko negoziaketen azken fasea abiatu du NBEk

Azaroaren 25ean hasi eta abenduaren 1era arte iraunen du Hego Koreako Busan hirian aitzina doan gailurrak. Petrolio ekoizle diren estatuak eta beraien lobbyak oztopoak jartzen dabiltza, ekoizpenaren mugatzerik ez dutelako nahi.


“Hezkuntzak izan behar du patxadatsua eta geldoa”

Eguneroko abiadura itogarritik atera eta eskola-proiektua amesteko, gogoetatzeko denbora hartzea aldarrikatu dute solaskideek, Superbotereak liburua aurkezteko mahai-inguruan. Patxadatsu aritu dira, hain justu, eraldatzeaz, inpotentziaz, ilusioaz, eskola bakoitzak egin beharreko... [+]


2024-11-27 | Julene Flamarique
"Euskara ez den hizkuntza bat” erabili du Barakaldoko Udalak kanpaina batean

Barakaldoko Udalak euskararen erabilera “umiliagarria” egin duela salatu du Sasiburu euskara elkarteak. Salaketa argitaratu ostean kanpainaren euskarazko bertsioa ezabatu du udalak. Halakorik berriz gerta ez dadin arduradunen barkamen publikoa eta behar diren... [+]


2024-11-27 | Leire Ibar
180 eragile baino gehiagok egin dute bat etxebizitzaren eskubidea bermatzearen aldeko mobilizazioarekin

Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.


2024-11-27 | Julene Flamarique
Gutxienez 2027ra arte atzeratu dituzte berriro ere AHTren obrak EAEn

2024ko otsailean Astigarraga-Hernani tartea amaitu zutenean Abiadura Handiko Trena 2027an prest egongo zela aurreikusten zuen Eusko Jaurlaritzak. Orain Arkautiko lotunearen obren lizitazioari ekin dio Jaurlaritzak; Euskal Trenbide Sarea enpresaren esku utzi du, eta 2027an hasiko... [+]


Erretiroa hartuko du Benito Lertxundik

82 urteko abeslari oriotarrak azken disko bikoitza kaleratu du, Gernikan 2023ko azaroaren 11n eskainitako kontzertuaren zuzenekoa. Eta horrekin bere ibilbideari amaiera eman diola iragarri du.


2024-11-27 | Mati Iturralde
Gogoan ditut

2006. urtean, Baltasar Garzonek, orduko epaile izarrak, errebelazio moduko bat izan zuen, eta jardunbide bat idatzi zuen, terrorismoagatik inkomunikatutako atxilotuen eskubideak bermatzeko. Epaile berak ehunka atxilotu inkomunikatu pasatzen ikusi zituen bere aretotik, horietako... [+]


Valentziako ilargia

Duela gutxi, larrialdi klimatikoa zertan zetzan galderaren aurrean, zientzialari batek erantzun bikain hau eman zuen: “Begira, larrialdi klimatikoa hauxe da, zure mugikorrean muturreko fenomeno meteorologikoei loturiko gero eta bideo gehiago ikusten dituzu, eta konturatzen... [+]


2024-11-27 | Castillo Suárez
Pertseberantziaz

Bihotzean ditudan oroitzapenik politenetakoak dira. Euskal Filologia egiten ari nintzen garai hartan, eta Arbizuko elkarte batera joan ginen Ruper Ordorikaren kontzertu batera. Han zeuden Rikardo Arregi Diaz de Heredia eta Juanjo Olasagarre. Ez nintzen Arregiri esatera ausartu... [+]


Materialismo histerikoa
Zuekin nahi dut

Gutxi ateratzen naiz azken urteetan. Askotan esan dut, badakit, baina badaezpada ere. Bertso saio batera joan naiz gaur. “Bejondeizula”. Bai, horregatik abisatu dut gutxi ateratzen naizela, pentsatzen dut zuek kultur ekitaldi askotara joaten zaretela, eta... [+]


Eguneraketa berriak daude