argia.eus
INPRIMATU
Gure esku dago
Demokraziaz ari garelako
  • Erabakitzeko eskubidea ideia politiko ezberdinen gainetik dagoela nabarmendu dute Juan Jose Ibarretxek, Gemma Zabaletak eta Floren Aoizek.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2014ko maiatzaren 08a
Mariano Ferrerrek gidatu zuen mahai-ingurua:
Mariano Ferrerrek gidatu zuen mahai-ingurua: "Zergatik uste duzue honek aurrera egingo duela?" galdegin zien kazetariak.

Juan Jose Ibarretxe EAEko lehendakari ohia, Gemma Zabaleta PSEko kide eta Gizarte Politiketarako sailburu ohia, eta Floren Aoiz Sorturen Iratzar Fundazioko zuzendaria bildu zituen Gure Esku Dago ekimenak Bilbon antolatutako mahai-inguruan. Erabakitzeko eskubidearen alde agertu ziren hirurak EHUko Paraninfoan. Ponentzien zati azpimarragarrienak dituzu honakoak.

Juan Jose Ibarretxe: “Hau geldiezina da”

“Prozesu batean gaude non halabeharrez herritarrari boterea itzuliko zaion. Hau geldiezina da, egunero ikusten ari gara eta euskal gizartean ere ikusiko dugu erabakitzeko eskubidearekin. (...)

Jabetu behar gara demokrazia dagoela eztabaidaren erdian, eta ez hainbeste nazioa. Herri honetan pertsona askoren proiektua legitimatzen du nazioaren proiektuak, baina erabakitzeko eskubideak askoz gehiago legitimatzen du. (...)

Gaur, politikaren arloan, mundua kontzeptu anglosaxoi batean oinarriturik dago: Voice or exit. Edo hitz ematen didazu, edo banoa. Edo erabakitzeko eskubidea, edo independentzia aldarrikapen aldebakarrekoa. Binomio horren ondorioz, munduan demokrazia gutxiagori independentzia gehiagorekin erantzuten zaio. (...)

Ez da kontu juridikoa, politikoa da, oinarrian gure menpe dagoena. Gehiengo natural indartsuak lortu behar dira, ez erabakitzeko eskubidearen alde, eskubideak eztabaidaezinak baitira; eztabaidatu dezakegu eskubide horiek praktikan jartzea ala ez, baina ez eskubidea bera”.

Floren Aoiz: “Ezin dugu pentsatu erdigunea eta periferia daudenik”

“Inork ez du zalantza egiten non hasi eta non amaitzen den Eskozia. Gure herriaren kasuan egoera konplikatuagoa da, jokoan dagoen lurraldetasunagatik. Horregatik, oso garrantzitsua da erabakitzeko eskubidea azaldu eta gauzatzean konplexutasun horri erantzutea. Egin dezakegun azkeneko gauza da pentsatzea erdigune bat eta periferia bat dagoela. (...)

Politikan badago gauza handi bat: pasioak kontuan hartu behar direla. Sentimenduak eta emozioak. Agian laborategian pentsa dezakegu erabakitzeko eskubideak eman dezakeela; baina orain eta hemen baiezta dezakegu erabakitzeko eskubidea erabiltzeko aldarrikapenak zenbat jende bildu dezakeen, beste batzuetan elkarri kontra egin izan diogun jendea gainera. Herri honetan ez dago beste aldarrikapenik hainbeste jende eta indar biltzeko gai dena”.

Gemma Zabaleta: “Alderdi politikoek beste batzuetan egindako lana ehundu behar dugu”

“Erabakitzeko eskubidea defendatu daiteke abertzale izan gabe, independentista izan gabe. Defendatu daiteke norbera egiazko berreskurapen politikoaren alde dagoenean. Horregatik nago hemen hau eztabaidatzen. (...)

Badago bidea egiteko? Badu erremediorik honek? Nik esango nuke baietz. Eta ez da beharrezkoa diskurtso berria asmatzea. Alderdi politiko nagusiek beste batzuetan egin duten lana ehundu besterik ez dugu egin behar, beste garai batzuetan egiteko kapaz izan direna josi. Hori besterik ez litzateke behar, ausardia eta borondate politiko hori”.