argia.eus
INPRIMATU
Gizartearen esku

Xabier Letona Biteri @xletona 2014ko maiatzaren 08a

Autodeterminazioa esaten zitzaion lehen eta orain erabaki eskubidea. Baina gauza bera dira? Batzuentzat bai eta besteentzat ez. Asier Blas EHUko irakasleak argi apur bat jartzen du Argiako bere blogean (Sezesio prozesuak konparaturik (III): lidergoez eta erabakitze eskubideaz): “Laburbilduz eta sinplifikatuz, autodeterminazioa berezko eskubide bezala definitzen da lurralde edo nazio baten lurraldearentzat. Berriz, erabakitze eskubidea autoeratu egiten den subjektu berria da. Autoeraketa hori ez da zertan egin behar nazio baten gainean, baizik eta borondate demokratiko baten gainean”.

Gure Esku Dago ekimena ekitaldi ugari egiten ari da erabaki eskubidearen gainean eta ekainaren 8an Iruñea eta Durango lotuko dituen pertsona kateari begira. Horietako batean aritu ziren joan den astean, Bilbon, Gemma Zabaleta, Juan Jose Ibarretxe eta Floren Aoiz, hirurak Euskal Herriak erabaki eskubidea indarrean jartzeko duen eskubidearen defentsan. Sarean da ikusgai mahainguru osoa (Argia honen 46. orrialdean duzu erreferentzia zabalagoa), eta ideia interesgarri ugari jorratu zituzten, baina merezi du Zabaletak azpimarratutako ideia batean sakontzea: gaur egun posible da erabaki eskubidean aurrera egitea, 2006an Loiolako elkarrizketetan Euskal Herriko hiru familia politiko nagusiak –EAJ, PSOE eta ezker abertzalea– heldu ziren gaiari buruzko kontsentsu batera eta hura berreskuratu behar da. Hau da, ez gabiltza ezinezkoak edo oso gaitzak direnei buruz, ez, duela zortzi urte lortutako akordioari buruz baizik.
Jesus Egiguren eta beste zenbaitekin batera, Patxi Lopez lehendakariaren gobernuan sailburu izan zen Zabaletak gutxiengoan defenditzen ditu PSEren ortodoxiatik at diren ideiak, baina une batez PSOE osoaren ordezkari gisa ari zirenek onartu zituzten Loiolan, Jesus Egigurenekin batera baitzegoen Ferrazeko konfiantza zuen Rodolfo Ares.

Mariano Ferrer mahai-inguruaren moderatzaileak jarri zion ziria Zabaletari, galdetuz ea bere alderdiarekiko baikor izateko zer zirrikitu antzematen zuen, kontuan hartuta duela gutxi Patxi Lopezek esaldi honekin definitu izan duela aipatu eskubidea: “Erabaki eskubidea Estatuak ematen dizkizun eskumenak indarrean jartzea da”. Espainiako Konstituzioaren erreforman jarri zuen erantzuna Zabaletak, Europako hauteskundeak eta PSOEk bere primariak gainditu ondoren, abiarazi beharko litzatekeena.

Horrekin guztiarekin batera Kataluniako erreferendum deia datorrenez, ikusi beharko da nola eragiten duen PSOEk Konstituzioa erreformatzeko duen asmoetan. Eta olatu handi hori gero eta hurbilago, erabaki eskubidearen ideiak, nahitaez, gero eta indar gehiago hartuko du euskal gizartean ere, ziklikoki gertatu ohi den moduan, lehenago autodeterminazioaren ideiarekin eta geroago, funtsean Ibarretxe Planarekin, erabaki eskubidearen forman.

PSOEko Ramon Jauregirentzat gauza bera dira bi kontzeptuak eta bide batez, Berriako elkarrizketan (2014-5-4) adierazitakoaren arabera, Zabaletari ere argi erantzuten zion: “Erabakitzeko eskubideaz ari garenean autodeterminazio eskubideaz ari gara. Galdera bada PSOEk autodeterminazio eskubidea sartuko duen konstituzioaren erreforman, erantzuna ezezkoa da (…) Helmuga guztiak dira posible, baina ez kontsulta baten bidez”. Iragan azaroan Alberto Lopez Basaguren EHUko katedratikoak ere argi uzten zuen Larrunen, Quebec eta Kataluniari begira: 1998ko Kanadako Auzitegi Gorenak argi utzi zuela Quebecek ez zuela independente izateko eskubiderik, baina Kanadako gobernua behartua zegoela Quebecekoarekin negoziatzera, baldin eta hango gehiengo argi batek independentziaren alde eginez gero.

Euskal gizartean hauek guztiak jorratu direnean, gaiarekiko ekimena alderdi politikoen esku egon izan da batez ere, horrek dituen muga guztiekin. Oraingoz sinbolikoki bada ere, ekainaren 8tik aurrera gizarteak ere bere protagonismoa hartuko du, gaia, funtsean eta batez ere, gizartearen esku egoteko modukoa baita.