argia.eus
INPRIMATU
Gajoaren ongarri likidoa
Jakoba Errekondo 2014ko maiatzaren 08a
Chaguala, Puya chilensis,
Chaguala, Puya chilensis, "ardi jalea".

Ardiak jaten ditu. Txileko Andeetan “chagual” bezala “come ovejas” deitzen dute Puya chilensis landarea. Bere arantza luze zorrotzetan kateatu eta gosez hildako ardiek eta txoriek, usteldu ahala, landarearen oineko lurra ongarrituko dute. Ongarri horri esker emango du hiru metro arteraino gara daitekeen loretzarra. Lore hori ikusi ere ez dute egin nahi Andeetako artzainek, eta su ematen diote. Hemen gure hagin (Taxus baccata) sakratuarekin gertatzen den sarraski bera. Aizkorri aldean landarediaren behaketa egiten ari den lagun batek esan zidan lehengoan, harrituta: “Haginik etziok”. Artzainen hagintea. Emporio Artzain.

Bi biztanleko ardi bat duen Erresuma Batuan, landare ardizalea ekarri eta Lorategi Botanikoetan izan arte ez zuten bakerik izan. Botanikarien agendetan azpimarratuta daude haien loratze egunak: Scilly uharteetako Tresco Abbey Gardenekoa 1987an, haren hazitik sortutako Galesko Portmeirionekoa 2008an, Galesen bertan, Llanarthneko Lorategi Botaniko Nazionalean, hamaika urte behar izan zituen lehen lora-gara emateko, eta Londresko Surreyko negutegian, berriz, hamabost. Azken hori zaintzeaz arduratzen den Cara Smithek, hamabost urtez ongarritu eta ongarritu, lorearen kimua ikusi zuenean lasaitu ederra hartuko zuen, gajoak. Ongarri likidoa ematen omen zion, berezko dieta naturalaz hornitzeak buruhauste latzak sortuko omen lizkioke eta.

Neurea balitz, ongarri likidoa, baina bere dietakoa, emango nioke: ardiki odola. Ardi jendearen milaka litro odol isuriko da, Erresuma Batuan urtero, hiltegietako isurbideetan barrena; eta, norako bidea hartzen ote dute haien ile, larru, barrunbe... Lorategietara bideratuz gero, azkarrago, oparoago, alaiago, gozagarriago loratuko lirateke chagual xelebreak, askoz ikusle gehiago erakarriko lukete eta zaintzaile arretatsu txorrotxak alde ederrean hartuko lituzke loak. Haren hostoetako zuntzez arrainak arrantzatzeko sareak, eta zorten lehorraz sareen flotagailuak ere egiten dira. Zeruetako hegalariak, ugaztun lurtarrak eta uretako arrainak, denetik harrapatzen du chagualak. Baita gure miresmena ere. Euskal Herrian hiru biztanleko dugu ardi bat.