argia.eus
INPRIMATU
107 mila milioi eta gero

Mikel Zurbano 2014ko maiatzaren 07a

Duela bost urte Espainiako Bankuak Caja Castilla-La Manchan esku hartu zuen. Neurri hori izan zen Estatuko finantza-erakundeen erreskatearen hasiera eta gezur borobil baten amaiera: Rodriguez Zapaterok esanda Espainiak munduko finantza sektorerik sendoena omen zuen. Espainiako finantza sistemaren krisi handiena etorri zen horren ondoren, zeinak, Espainiako kontu-auzitegiaren estimazioaren arabera, 107 mila miloi euroko kostu publikoa ekarri duen.

Bost urteotan hamaika erakundetan esku hartu du Espainiako Gobernuak –horietako gehienak aurrezki kutxak– eta beste bik diru laguntza publikoak jaso dituzte. Gainera erakundeen arteko inoizko bategite eta integrazio prozesu erraldoiena bideratu da, kaudimen eta horniketarako legeak behin eta berriz aldatu dira eta Europari 41 mila miloi euroko erreskatea eskatu behar izan zion Gobernuak. Estatuak orain arte 2.300 miloi euro baino ez ditu berreskuratu. Jakina denez, hondoratze honen arrazoia 2000ko hamarkada hasierako higiezinen lasterketa finantzatu ahal izateko kredituaren hazkunde aparta izan zen. Kreditu errazak ekarritako arriskuaren aurrean kontrol mekanismorik eza eta kaudimenaren inguruko axolagabetasuna nagusitu ziren. Urte horietan finantza erakundeen irabaziak urteko %20 ingurukoak izatera heldu ziren. Higiezinen prezioen balaztatzearekin sistema lehertu egin zen. Espainiako Bankua ezinbesteko kolaboratzailea izan zen leherketan, izan ere egoeraren larritasunaren aurrean ezikusiarena egin zuen.

CCMren erorketak bistako bi ondorio ekarri zituen, Pedro Solbes ekonomia ministroaren dimisioa batetik, Zapaterok krisia ukatzen jarraitzen baitzuen. Bestetik, egoeraren larritasunak FROB erakundearen sorrera ekarri zuen, zailtasunak zituzten erakundeak erreskatatzen laguntzeko funtsarena alegia. 2009an ere, finantza erakundeen baliabide propioak handitzeko preferenteak eta menpeko aktiboen sorrera bultzatu zen, erreskatearen ondoren galerak izan dituzten horiek, hain zuzen. FROBek bideratu du erreskatearen kopururik handiena. Finantza erakunde bakoitzaren galerak estaltzeko eta bere balantzea sendotzeko 61 mila miloi baino gehiago txertatu ditu. Gainerakoa SAREB bankuaren lerroak edo bestelako laguntza zein finantzazio publikoa erabilita gauzatu da.

Ehun eta zazpi miloi euro eta bost urte geroago ez da zigor penalik ezta politikorik izan finantzen kalapitaren erantzukizunagatik. EBko kontu publikoen prozeduretan kontuen ematea hain ohikoa izanik horren aztarnarik ez da hemen, arazoa oso larria den arren. Gainera, finantza erakundeetako zuzendari eta administrazio kontseiluko kideen soldatak eta sariak Europako handienak dira. Ondorioak bistakoak ditugu. Batetik, Espainiako Estatuko errentaren desberdintasunen igoera indartu du prozesu honek, EBkoen artean igoerarik handiena bertan nozitu baita sasoi honetan. Bestetik, aspalditik Estatuko gidaritza ekonomikoa zuen finantza oligopolioa are gehiago indartzen ari da, kapitalen kontzentrazioa bururaino eramanda baliabide publikoen bizkar. Gainera, erreskateak zuzenean BPGaren %10 baino gehiago xurgatu du edo urte bateko aurrekontu publikoaren herena. Zeharkako zamak gehituta, egoerak erakusten du Estatuko egungo zorraren igoeran –krisia lehertu aurretik BPGaren %36,5 eta egun %100– erreskateak izugarrizko eragina izan duela. Zor publikoaren zilegitasun eza aipatzen denean hauxe litzateke eragile nagusiena.