argia.eus
INPRIMATU
Sari baten sasi-kronika

IƱaki Martinez De Luna @imartinezdeluna 2014ko apirilaren 29a

Duela hilabete inguru izan zen Hausnartu Sarien banaketa eta badago hantxe esandakoaz zer hausnartu. Baina, hasteko, zoriondu behar ditugu sarituak: Haritz Goikoetxea lehenengo, Garbiñe Bereziartua bigarren eta, elkarrekin, Aitor Zuberogoitia, Goio Arana, Eneko Bidegain eta Txema Egaña hirugarren saridunak, hain zuzen. Horiek eta sarira aurkeztu ziren beste lan guztiek ongi erakusten digute euskal soziolinguistika zein bide sendo eta oparo ari den egiten.

Sari banaketaren ondoren mahai-inguru bat antolatu zen, bertan eremu akademikoko, euskal kulturako eta herri-administrazioko ordezkari kualifikatu edo gorenekoak zirelarik. Euskal Soziolinguistikaren ikerketa etorkizunari begira zen jorratu beharreko gaia eta horrek jakin-min berezia piztu zuen nigan. Izan ere, euskarak aurrera egingo badu, osagai garrantzitsu bat, lehenbizikoa ez den arren, ezagutza zientifikoaren ekarpenarena izango da.

Ez ziren hutsalak izan bertan atera ziren ideiak. Bat, adibidez, euskal soziolinguistikak oraingo datu bilketa txukunetatik harago joan behar duela, halako estatistikak motz gelditzen baitira hizkuntzen funtzionamendu soziala ondo ezagutzeko. Beste iruzkin bat izan zen, soziolinguistikak zientzia gogorren eredutik baduela zer ikasi; adibidez, diziplinartekotasuna, konplexutasuna, ikuspegi sistemiko eta dinamikoa, teoria osatuak eta abar. Berrikuntza horiek eskatuko lukete gaur egun erabiltzen dugun analisi-paradigma iraultzea; halako planteamenduek beste ikuspegi zientifiko mota bat eraikitzea dakarte. Sánchez Carrión Txepetx eta Siadecok, besteak beste, XX. mendean eratutako lanketa-eredutik harago joatea litzateke; berrikuntza sakona, azken buruan.

Halako jauzia, ordea, ez da inprobisatzen; ez da ezerezetik egiten. Pauso berria eman ahal izateko egitura egokiak behar dira. Burura datorkit Mikel Zalbidek 2010ean egindako aldarria: “Funtsezko galdera batzuei ganoraz erantzun ahal izateko, ‘hurrengo asterako’ presaren itolarria gabe lan egin ahal izango duen Clearing house moduko bat” (Bat Soziolinguistika Aldizkaria, 77). Hau da, Hizkuntza-politika eraginkorragoak eskatzen dizkigun konponbideak bilatzeko, gogoeta zientifikorako gune egoki bat.

Sasi-kronika honetan jorratutakoa modu zehatzagoan eta sakonago ezagutu nahi duen horrek badu saio osoa ikusgai: www.soziolinguistika.org/hausnartu/2013. On degiola!