Esamolde topiko bihurtu da aldarrikapen askotan: “Halakoa naiz eta harro nago”. Nik zer naizen ez dakit, bai, ordea, ez nagoela harro. Harroak bizkotxoak egotea hobe, ez pertsonak. Gure pailazo talde ohiaren ibilbidea harro egoteko arrazoia zela esan zidan joandakoan lagun batek. Sufi maisu eta Jesukristoren antzera neuk ere parabola batez erantzun nion: “Baziren bi ahizpa, seme-alaba txiki hainbat eta aita zaharra zituztenak. Oporretan, egunero, aita zegoen ahizparenean biltzen zituzten haur guztiak. Hango gela handian aritzen ziren jolasean, gurasoak lanean edo bestelakoetan zebiltzalarik. Hantxe ere aita zaharra besaulkian, aspalditik ibili eta hitz egiteko ezindua. Haurrak entretenitzeko Txirri, Mirri eta Txiribitonen bideoak ordu askotan jartzen zituzten ikusgai.
Halako batean, ahizpa batek kaletik bueltan etorritakoari esan dio:
– Aizan, aitak zerbait esan nahi duela ematen din.
– Ezinezkoa, neska, lau urte daramatza hitzik esan gabe–. Hurreratu zaizkio, baina, eta ia ahotsik gabe zaharrak honela esan die:
– Kenduko al dituzue behingoz pailazo plasta horiek telebistatik!”.
Hau ez da parabola, ezagun batzuei benetan gertatua baizik. Horiexek izan ziren aita horren azken hitzak (egiazalea izatekotan, apur bat lodiagoak), handik egun gutxitara hil baitzen. Gure balizko harrotitisaren aurkako txerto ona.
Gizajo eginda ibiltzea ere tristea da. Nork bere buruaren onarpen pozgarria behar du, baldin osasuntsu biziko bada. Gure aitona-amonen garaiko abestian, azal txuria modan zegoenean, ederki agertzen da ideia hori:
Beltxarana naizela
kalian diyote,
enaiz txuri ederra,
arrazoya dute.
Txuri eder galantak,
dozenan hamabi,
beltxaran graziosuak,
milaetatik bi.
Claudio Magris idazle maitea Bilbon izan da eta Berriak elkarrizketa egin dio: “Idatzi dituenez baino gehiago, irakurri dituenez omen dago harro bera”. Harro egotea ez da, ordea, ondo lotzen bere lanen bitartez egindako ekarpenekin. Topikoak garamatza ohartu orduko.
Eskerrak jarraian Europako kulturarik onenaren bi perla gogorarazi zituen: “Tradizioarekiko errespetua baino garrantzitsuagoa da eskubideen defentsa. Hurkoa aurkitzea da sakonean ohartzea ez dagoela hurkorik. Ez dela benetan hain bestelakoa”.
Harro egoteko moduko ideiak beltxaran graziosoarentzat.