argia.eus
INPRIMATU
Muga baten krakatekoak

Amets Arzallus 2014ko apirilaren 10a

Lekeitio Hendaia baino iparralderago dago. Krak. Gure herriak hegoan du iparra. Krak. Hegoaldeari tarteka kuriositatea pizten zaio eta hurbiltzen da iparraldera. Ez da ardura gertatzen. Normala zerbaitek krak egitea. Senpere maiatzeko egun bat da. Nerabe frantsesen arraileria espainolena baino arrotzago egiten da. Xiberoa egun bakarreko probintzia da, uztail hondarrekoa, abuztu hatsarrekoa. Ipur masailak minberatzeko bada aski. Jiten da jendea, eta joaten, gutxi ulertu duenaren aurpegiarekin asko gozatu duenaren plantak eginez. Eta sei urtean behin herriko bozak. Logikak atzemateko akrobazia mental latzak egin behar dira. Pastoralean behintzat ate gaineko panpinak seinalatzen du nondik aterako diren khirixtiak eta nondik türkak. Herriko bozetan nork antzeman. Ez dut ukatuko eni ere batzuetan ulertezina zaidanik, baina siglek hainbeste itzal ez duten politika modu hau sanoagoa zait etxepean edo balkoian zaborra nola zintzilikatzen duen ikusi eta zein alderditakoa den antzematen diozun pertsonarena baino. Eta hori a(r)dibide bat besterik ez zen. Eni orduan egiten dit krak.