Giza kate erraldoi batez aldarrikatuko du Gure Esku Dago ekimenak erabakitzeko eskubidea demokraziaren oinarrizko printzipioa dela, nola Eskozian, edo Katalunian eta Euskal Herrian. Ekainaren 8an izango da, Durango eta Iruñea artean.
50.000 lagun bildu nahi ditu Gure Esku Dago ekimenak datorren ekainaren 8an antolatu duen giza kate erraldoian. Durangotik Iruñera dauden errepideak jendez beteko dira egun horretan. 123 kilometroko bidea izango da, 27 udalerritan barrena, erabakitzeko eskubidea aldarri izango duena. Dagoeneko 22.000 pertsonak eman dute izena parte hartzeko.
Halako ekimena egiteko indarra eta gogoa baina, ez dira hutsetik sortu. Gure Esku Dagoren bozeramaile Zelai Nikolasen ustez 1998an Quebecen hasi eta azkeneko urteetan estaturik gabeko beste zenbait herritan ere bizkortutako prozesuen ufada nabari da. Euskal Herrian badira urte batzuk Idiazabalen sortutako Nazioen Mundua taldeak bultzatuta erabakitzeko eskubidearen biran jo eta fuego dihardutela: “Idiazabaldarrengandik ikasi duguna ez dira ideiak soilik izan, baita gauzak nola egin behar diren ere. Aniztasuna eta orekak bermatuta, denok ikus dezagun emaitzan gure burua islatuta”, dio Nikolasek.
Eskoziara bisita egin eta txundituta geratu ziren goierritarrak, unionistek ere erabakitzeko eskubidea defendatzen zutela ikusita. Hori da funtsa. Eskubide “pre-politiko” gisa definitzen du Gure Esku Dagok: “Demokraziaren balioaz ari gara, helburua ez da abertzaleen arteko metaketa egitea. Erabakitzeko eskubidea tresna egokia izan liteke Euskal Herriko aniztasuna eta bizikidetza egituratzeko”.
Ideia horiekin bat egiten duten hainbat jende biltzen hasi zen eta denak elkarrekin zer egiteko gauza ziren ikustea jarri zuten helburu: “Ariketa bat egitea pentsatu genuen, burujabetzarekin zerikusia izan eta gure arteko lankidetza esparruak sortzeko balioko zuena”, azaldu du Nikolasek. Ordurako Via Catalana motorrak berotzen ari zen, 1989an Baltikoko herrialdeetan egindako giza katea gogoan. “Polita izan zitekeela iruditu zitzaigun”, eta hala, 2013ko ekainean aurkeztu zuten Durango eta Iruñea batuko dituen zita.
Ibilbidea aukeratzeko orduan, antolatzaileek aldez aurretik neurria finkatu zuten, erronka bideragarri bat egiteko, eta hori 50.000 pertsona biltzea zen. Euren hitzetan Iruñeak badu esanahi berezi bat euskaldunentzat eta “sokatik tiraka hasi eta Durangora iritsi ginen” dio Nikolasek. Durango toki estrategikoan dago, Gipuzkoa eta Arabatik ez oso urrun, eta egoki ikusi zuten.
Katalunian gertatu bezala, sinbologiak badu bere lekutxoa ekimenean –“eskua” hitzaren adiera, esaterako–. Baina batez ere espontaneotasunari eman diote garrantzia. Ekitaldi ugari bideoz grabatu dituzte herritarrek eta YouTubera igo; beste askok Gure Esku Klip lehiaketan hartu dute parte imajinazio osoz: bertsotan, dantzan, flashmobak eginez eta film laburren bidez. Kirmen Uriberen letrekin eta musikari nahiz abeslari ezagun andanaren laguntzarekin egindako bideoklipak 184.000 ikustaldi zituen artikulu hau idaztean. Twitterren ere iritzi ugari plazaratu dira #gureeskudago traola erabilita: “Erabakitzeko eskubidea onartzen ez denean eskubide honen aldeko mugimenduarekin independentziarako bidea hastea da inteligenteena” zioen @unaiapaolaza erabiltzaileak.
Gure Esku Dagoko arduradunen esanetan ezinezkoa zaie jakitea herri bakoitzean zertan ari diren, nor bere kabuz ari baita ekimenari babesa ematen, eta bat-batekotasun hori oso positibotzat dute.
Dena den, koordinaziorik ez da falta, eta beste behin antolatzeko gaitasun handia erakutsi dute herritarrek. Astekari honi emandako datuen arabera 100 batzorde osatu dituzte herrietan: 9 Araban, 18 Nafarroan, 32 Gipuzkoan eta 41 Bizkaian.
Bide guztia beteko dela ziurtatzeko, inskripzio sistema bat jarri dute martxan. Metroa salgai dago 5 euroren truke; kalean jarritako mahaietan nahiz ekimenaren webgunean eskuratu daiteke bonoa. Interneten izena emateko aplikazioak aukera ematen du metro zehatza erosteko eta iradokizuna ere egiten du, hutsune gehien dauden lekuetara jotzeko. Izena ematen duenak petoa eta zapia izango ditu. Bidea kilometrotan zatitu dute eta zati bakoitzari herri zehatz batzuk egokitu. Adibide bat: Lazkaon 59-61 kilometroak hartzen ditu giza kateak eta bertara joan beharko dira Miribilla, Bilbo, Berrobi, Berastegi... eta beste bi dozena herritakoak.
Martxoaren 29an Gure Esku Dagok giza kateari termometroa jarri zion: 5.000 lagun bildu zituen Bilboko La Casilla kiroldegian. Ekaina bitartean zeresana emango duten ekitaldi gehiago antolatzeko asmoa ere badu. Europako hauteskundeek bete-betean harrapatuko dute, ordea, kanpaina hori guztia: “Saiatuko gara talka ez egiten –dio Nikolasek– eta ekitaldiak moteldu behar baditugu egingo dugu. Guk errespetatuko dugu alderdi politikoen esparrua, haiei eskatu dieguna da uzteko guri egiten”. Bere esanetan alderdiak dira herritarren ordezkari zilegiak eta haiei dagokie erabaki eraginkorrak hartzea, baina herritarren ekarpena ere funtsezkoa da: “Autodeterminazioa moduko kontzeptuak denbora gehiegi egon dira eremu politikoan giltzapetuta eta herritarroi dagokigun eskubidea da. Gure gurasoek oso garbi eduki zuten ikastolak sortu zituztenean, intsumisio mugimenduak egon direnean ere bai; herritarrak jabetu behar dira beren jarrerak zer garrantzia duen”.
Eta ekainaren 8aren ondoren zer? Orri zuri bat. Bertan hainbat galdera erantzuten saiatuko dira eta orri zuria bide-orri antzeko bihurtzen: zer lortu nahi den, zer printzipioen arabera, nola parte hartu, zein harreman egin... Udazkena haizetsu dator gainera, Eskoziako eta Kataluniako erreferendumek hauspotuta; Gure Esku Dagoko sustatzaileen asmoa da gertaera historiko horietan parte hartzea: “Euskal Herritarrok aukera izango dugu atzamarra jaso eta ‘e! Guk ere egin nahi dugu!’ esateko”.