argia.eus
INPRIMATU
Uso mezulariak milioi bat ekarri zion Rothschildi

Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2014ko martxoaren 19a
Ezkerrean, britainiarrak Frantziako tropak erasotzen, Waterlooko guduaren azken fasean (1815). Eskuinean, Nathan M. Rothschild (1777-1836), guduaren emaitzaren berri inork baino lehen jakitea ederki baliatu zuen bankaria.
Ezkerrean, britainiarrak Frantziako tropak erasotzen, Waterlooko guduaren azken fasean (1815). Eskuinean, Nathan M. Rothschild (1777-1836), guduaren emaitzaren berri inork baino lehen jakitea ederki baliatu zuen bankaria.

Waterloo (egungo Belgika), 1815eko ekainaren 18a. Igande hartan Wellingtongo Dukeak eta Gebhard von Blücherrek zuzentzen zuten Zazpigarren Koalizioak Napoleon Bonaparte buru zuen frantziar armada mendean hartu zuen.

Finantzari britainiarrek bazekiten gudu-zelaian asko zegoela jokoan, ez soilik politikaren aldetik, baita ekonomiarenetik ere. Emaitzak arazo larriak ekarriko zizkien herrialde askori; beste batzuei, aldiz, bidea berdinduko zien. Britainia Handia guduan zuzenean nahasita zegoen, eta emaitzak britainiar bonuak izugarri igotzea ala behea jotzea eragingo zuen. Bide batez, guduak dirutza ekar ziezaiokeen emaitzaren berri beste inork baino lehenago lortzen zuenari.

Nathan Mayer Rothschild (1777-1836), Rothschildeko lehen baroia, bankari dinastia ezaguneko bigarren belaunaldiko kidea zen. Frankfurten jaio arren, Ingalaterran hasi zen negozioak egiten. 21 urte zituela Manchesterreko ehungintzan inbertitzen hasi zen. 1809an urrearen merkatuan sartu zen, eta 1815erako haren negozioak Europa osoan hedatuta zeuden. Nolabaiteko inteligentzia zerbitzu pribatua osatua zuen, hainbat agentez eta mezulariz osatutako sareari esker. Uso mezulariak ere zerbitzu haren parte ziren.

1811tik aurrera Rothschildek Wellingtonen agindupean zeuden tropak finantzatu zituen, Iberiar penintsulan Napoleonen aurka egin zituzten kanpainetan –1813ko abuztuaren 31ko Donostiako sarraskiaren erantzukizunaren zatitxo bat bankariari egoztea zilegi litzateke, beraz–. Hala, ingeles tropek ez zieten inolako oztoporik jarri ongilearen trikimailuei. Haren zerbitzuko uso mezularietako bat gudu-zelaira bidali zuen, guduaren emaitza jakin bezain pronto mezua baroiari eraman ziezaion, baita hegaztiak misioa ederki bete ere.

Europako finantzari nagusien artean, Rothschild izan zen lehena Waterlooko guduaren emaitza jakiten. Frantziak galdu zuela jakitun, bere esku zeuden britainiar bonuak saltzen hasi zen. Gainerako bankariek ondorioztatu zuten Frantziak gudua irabazi zuelako hasi zela Rothschild bonuak saltzen, eta berehala gauza bera egiten hasi ziren. Bonuen prezioa nahikoa jaitsi zenean, Rothschild, benetako informazioa erabiliz, bonu merketuak erosten hasi zen. Frantziaren porrotaren berri zabaldu eta berehala, bonuak izugarri garestitu ziren. Operazio amarrutsu soil horretan milioi bat libera esterlina inguru irabazi zituen baroiak.