EHUko hainbat irakasleren artean::Tantak
EHU,2013
Dagoeneko 25 urte egin ditu Tantak aldizkariak, pedagogiaz eta euskarazko irakaskuntzaz hausnarrean. Hezitzaileei zuzendua, EHUko irakasleek egina da eta sei hilero kaleratzen dute. Urte hauetan guztietan egile ugarik hartu du parte eta artikulu, esperientzia eta ikuspegi mordoxka argitaratu dira; horien aurkibidea egin dute azken alean (25. bolumena, 2. zenbakia). Eskoletako hizkuntza ereduak, ikasteko ohiturak, teknologia berrietan irakasleek behar duten prestakuntza, ikastetxeetako antolakuntza, ahozko literatura, jolas librea, ikaskideen arteko harremanak, talde baloreak, auto-ikaskuntza, motibazioa, ebaluazio motak, heziketa artistikoa, ikas-estrategiak, generoa, gaitasun emozionalak, sormena, gurasoen rola, eskola-sareak, elebitasuna… Ugariak eta anitzak dira jorratutako arloak, eta gai horietakoren batean sakondu nahi duenak gida interesgarria aurkituko du azken zenbaki honetan.
Horrez gain, beste lau artikulu ere jaso dituzte aldizkarian: web 2.0 tresnetan oinarritutako irakaskuntza prozesuaz; orientazio eta tutoretza planen inguruan; Donostialdeko gizarte eta hezkuntza arloko zerbitzuetako profesionalen lanari buruz; eta eztabaida taldeetan erabiltzeko NVivo8 erremintaz.